2016(e)ko apirilaren 6(a), asteazkena

KONTAKATILU

         Goizean goizetik Paraiso tabernan jendearen joan etorri etengabea zegoen. Gosaltzeko beta hartzen zuten gertuko azokako langileek eta bezeroek, bestelako lanetara abiatzen ziren langileek, udalekoek edo goizetik etxetik irten eta zeregin ezberdinetara zihoazenek. Edo kafe bat, besterik gabe. Barrara gerturako eta kafesnea eskatutakoan Patxi zaharrak beti galdera bera egiten zuen: “Basoan edo katiluan?”. Ohiturak edo unean uneko gogoak bideratzen zuen erantzuna. Basoak edo katiluak markatuko zuen egunaren hasiera, egun horretako gertaerak bilduko ziren ontzi batean edo bestean, goizeko pasadizoak,… Zenbat istorio ez ziren bilduko katilu haietan. Kontakatiluak.

         Hizkuntza jolasa da, esanahien jolasa. Hitzak, dantzan bezala, elkartzen dira, aldendu, berriz elkartu, jauzi egin, biraka ibili, elkar helduta, elkarren ondoan. Bakoitzak bere adiera dakar, elkartzean beste bat sortuz. Etengabeko eboluzioa, sormen bidaia. Kontakatilua istorioak gordetzen duen katilua da, eta katilua pertsona da, pertsonak bere baitan baitarama kontatzeko grina. Kontakatilua hitzaren etengabeko jarioan bizi da; magoak bezala; handik eta hemendik aterako du pasadizo bat, kontu zahar bat, ateraldi bat. Esatearen ilusionismoa eskaintzen digu kontakatiluak. Kontuz ibili behar da ordea, muga ikusezina zeharkatu gabe, gerta baitaiteke kontakatilua bihurtzea esan behar ez denaren salatari, kuxkuxean aritzea hitz hutsetan galduta. Orduan, kafesnea katiluan hartu beharren basoan hartuko du.

iruzkinik ez: