jueves, 10 de marzo de 2016

ZERGATIK

            Amaitu berri da Bilbon egiten den Istorio Biziak ipuin kontaketa jaialdia. Aurten hirugarren ediziora heldu da heldu eta haurrentzat ikuskariak aurkezten. Horrez gain, ahozkotasunaren agerraldi ezberdinak uztartuz, kontalariak eta bertsolariak elkarrekin aritu dira. Bilbokoa amaitzearekin batera Tolosan eta Ordizian bederatzigarren urtez Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiak ematen dio hasiera. Jaialdi honen egitarauaren barruan lau urtetik hona Euskal Herrian egiten den Ipuinen Ahozko Narrazio Lehiaketa bakarra txertatzen da. Bi jaialdietan Euskal Herriko kontalaririk puntakoenak gonbidatuak izaten dira, baina baita ere penintsulan dauden kontalari ezagunenetakoak. Horiekin batera kontagintzaren bidean urratsak ematen ari diren kontalari hasi berriak ezagutu daitezke. Jaialdi interesgarriak beraz ipuinkontaketaren nondik norakoak ezagutu nahi badugu. Zergatik ordea hain harrera eskasa dute hedabideetan, bertako kroniketatik haratago? Zergatik kontagintzak ez du dagokion lekua aurkitzen kultur berrietan?
            Beharbada izango da kontagintzaz dagoen irudia haurrentzat denbora pasa polita bezala hartzen delarik. Eta halakorik, denbora pasa besterik ez dena, ez du berri erakargarrirako ematen. Zer ikusirik izango du ere kontagintzaz dagoen ezjakintasunak, hortaz ezin hartu bere kultur zein sormen dimentsio osoan. Horregatik, agian, elkarrizketetan, oraindik, jarraitzen digute galdetzen: “Ipuinak ez dira haurrentzat bakarrik, ezta?”

GARA egunkarian argitaratua.

No hay comentarios: