2014(e)ko ekainaren 11(a), asteazkena

Eskutik ahora

Zenbat istorio sartzen da 123 kilometrotan? Eskutik eskura, zenbat kontu igarotzen dira? Isilean, ikuitze soilarekin, hitzak heltzen dira, esateko grina pizten da. Maiteminduek lehenengo aldiz euren eskuak elkartu eta sentitzean bezala. Hatzamar bakoitzak istorio bat darama bere laztanean. Eskutik helduta bidean kondaira komun bat eraikitzeko nahia. Norbaitek beste bat eskutik heltzen duenean, gonbitea egiten dio. Norberekeria utzi eta elkartzeak errazago, edo behintzat interesagarriagoa, egiten du bidea. Haurrak eskutik heltzen zaituenean bezala. Txiribuelta bat eman nahiko du airean, bere bi eskuak beste bietan helduta. Euskarri horietan seguru sentituko da. Eta une batean gelditu, begietara begiratu eta zerbait kontatzeko eskatuko dizu. Edo kantatzeko. Bidea eginez norbaitek eskutik heldu eta istorio bat eskatzen dizunean ez duzu ezeren beldurrik izan behar.
Egunkari honen bertsio digitalean, Naiz.info, 100 egunetan 100 euskal kontu zahar kontatu ditugu, hitzen katea osatu nahi izan dugu,  lotzen diren eskuek istorio bat izan dezaten elkarri eskaintzeko. Eta beharbada norbaitek esango du, "nik ipuin hori ezagutzen dut, baina beste era batera"; eta ondokoari berak ikasi zuena kontatuko dio, eta istorio berria sortuko da biena uztartuz. Eta hirugarren batek berea gehituko dio, eta ipuina aldatuz joango da, hitzen jolasean transformatuz. Ipuinak ahots ezberdinen beharra du aurrera egiteko, denboraren baitan bizirauteko. 
Eskutik ahora, ahotik eskura doazen istorioek bidea elkarrekin egingo dute, txiribueltaka, jauzika, jolasean. Eta orduan ez duzu ezeren beldurrik izan behar.




2014(e)ko ekainaren 5(a), osteguna

Ipuintxo bat

91. Otso jaunaren nagusitasuna

100

Euskal sinesmen zahar batek dio garai batean bizidun guztiak mintzatzen zirela, goroldio izan ezik. Beste guztiak saiatu ziren hari mintzatzen irakasten, baina orduan guztiek galdu zuten hitza, gizakiak izan ezik. Hala kontatzen zuten Ataunen behintzat. Oiartzunen, berriz, kontatzen zuten lehengo denboretan otsoa eta ardia elkarren lagunak zirela. Aspaldiko garaietan horrelakoak gertatzen omen ziren. Gauzak gizakiaren zerbitzuan ipintzen ziren. Zuhaitzak etxeraino hurbiltzen ziren sutarako. Kortezubin kontatzen zuten. Aspaldiko garaietan, munduan ainitz diren bezala, hitzek ahotik ahora egiten zuten jauzi, jauzi txikiak, baina etengabeak, gure garaietara heldu arte. Jauzi bakoitzeko aberasten zihoazen, aho bakoitzak bere hitzak gehitzen baitzizkion. Katebegi kontaezinekin, hitzaren kate luzea osatuz joan da denboran barrena. Azkuek azaltzen digu: Mundakan haurrak (...) honela hasten zituzten beren ipuintxoak. Beren arteko aurreratuenak galdera hau egiten zien lagunei: zenbat arrautza jan dozuz zuk? Honekin adierazi nahi zuen: Zenbat ipuin dakizuz?. Nondik jasotzen zituzten arrautza horiek? Nola prestatzen zituzten? Zeinek jarraitu zuen arrautzak banatzen?
Herri baten izatearen eraikitzean, imajinario komun baten sortzea oinarrizko zutabea da. Ondasun ez materiala izanik, ordea, zaila izango da zehaztea; izan ere, garaiekin aldatzen, aberasten eta garatzen baita. Nazio kultura baten partaideek, lurraldetasunean baino, komunean konpartitzen diren istorioak, bertsoak, kantak, dantzak eta abar, izango dituzte loturak. Eta jaso bezala transmitituko ditugu, aldatuz, eguneratuz, zabalduz. Beste kulturetatik jasotakoak gurera ekarriko ditugu, eraldatuz, moldatuz; eta gureak eramango ditugu, beste kulturekin uztartuz. Munduaren hiztorian hala izan da, jendeak alde batetik bestera joanez, bere altxor inmaterial hori eraman izan du, mundua aberatsago eginez. Quebec-en bizi den Naskapis herrian istorio bat kontatzen dute, Maitale Jarraikiak, non euskal arrantzale batek bere alaba buruzagi indigena batekin ezkon arazi nahi duen. A
Alaba, berriz, ehiztari ingeles matekin maiteminduta, ihes egiten du berarekin. Amaiera ederra bezain goibela da: Ordutik, bidaiariek badiaren behe aldean ikus dezakete euskal printzesa eder bat, desesperatuki bere senargaia olatuetan bila, alferrik. Ezagunak dira euskal arrantzaleek mendeetan inguru haietara egindako bidaiak eta bertako biztanleekin izandako harremanak. Ikusten denez harremanak ez ziren bakarrik komertzialak izan, kultur trukaketa bat ere izan zela.
Berdin gure ipuinetan topatuko ditugu beste herrialde zein kulturetako antzekotasunak. Hitzek hemendik hara bidaiatzen diten pertsonen baitan. Hemendik hara, handik hona. Eta horiek herri baten izaeraren eraiketan garrantzia ezinbestekoa izan dute. Hala izan da, da eta izango da. Hori ukatzea edo ahanztea, norberaren izaeran hozka egitea da, hutsune bat sortzea, hankamotz ibiltzea.
Herri baten izate aldarriak bere ipuinen, bere hitzen beharra du. Eta bost kontalarik, Doro Zobaran, Ixabel Millet, Itziar Rekalde, Bea Egizabal eta Joxemari Carrere, Conny Beyreuther kameralaria eta  Asier Burgaleta soinu teknikariarekin batera, 100 euskal ipuin grabatu ditugu 100 egunetan www.naiz.info egunkari digitalean eskaintzeko, Ekainaren 8ra arte. Egun horretan eskutik eskura lotuko dira Durango eta Iruñea, Gure Esku Dago herri ekimenak deituta. Guk hitzekin nahi izan dugu bidea lotu, ahotik ahora bidea eginez. Herri batek, kultura batek, belaunaldiz belaunaldi garatu duen imajinarioaren bitartez, mundu ikuskera bat eraiki du, denboran barrena aldatuz eta aberastuz joan dena. Ez hobeagoa edo txarragoa, jendarte honen partaideiak osatzen joan direna baizik.
100 ipuin 100 egunetan kontatuz, transmisio horren katea aldarrikatu nahi izan dugu, ez aitzinaren mitifikazio hutsagatik, baina etorkizunerantz zabaltzen den bidea irudikatzeko. Ipuinetan bezala, garrantsitsuena ez baita non hasi edo non bukatu, bideko gertaerei nola aurre egin baizik. Hitzak ehuntzen ibili gara, eta ibiliko gara, bidean eskutik eskura helduta, aspaldiko istorioak eta gaur egungoak kontatzen, geroa imajinatuz. Egia bada, sakelan sar; gezurra ez bada, atera ez dedila; Andoainen zioten bezala.  

2014(e)ko maiatzaren 28(a), asteazkena

Angola tem feitiço

         “Angola tem feitiço”, dio Dulcek. Ahots eztiz dio, oroimenarenarekin hizketan. Begirada bizia eta irribarre motela du. Begiradan Angola ageri zaio. Portugaleko kolonia zen garaian abiatu zen gazterik,. senarra eta haur txikiarekin. Oraindik, 87 urterekin afrika itsatsita darama hitzetan, gogoan, begiradan. Dulce entzunez lurralde liluragarria bihurtzen da Angola, urrutiko lurralde sorgindua, non dena da posible. Orduan Angola zure ametsetako herrialdea bihurtzen da.
         “Gure osaba zaharrak ipuinak hasten zituen beti: “Behin batean Txekoslovaquian…”, kontatzen du Carlesek. Bere osaba ez zen inoiz egon herrialde hartan, urritiko lurraldea hartan, imajinazioan baino existitzen ez zen agian. Eta han dena gerta zitekeen; han, non bizikletak erruberak koadratuak zituzten.
         “Panamara joan behar dugu, hartza; Panaman denak platano usaina dauka”. Tigre txikiak Hartza txikia konbentzitzen du beren ametsetako lurraldea ezagutu dezaten, Jannosch-en “Oi zein ederra den Panama!” liburu ederrean. Abentura zoragarria biziko dute bi lagunek Panamarako bidean. Izan ere, zeinen gozoa den platano usaina…

         Pertsona bakoitzak gure lurralde liluragarria bilatuko dugu, non dena da posible. Urrutiko lurraldea, gertukoa egunerokotasunarena baita; baina han, urrutian, Angolan, Txekoslovakian, Panaman…, abentura zoragarriak gertatzen dira. Eta norbaitek halako lekuetan gertatutakoak kontatzen dizkigunean bidaia zoragarria hasten dugu. Kontalariak urrutian jazotakoak ekarriko dizkio entzuleari; ordea, lehenago han egon behar izan du. Irudimenaren belaontzian enbarkaturik. Feitiçoak harrapatuta.

2014(e)ko maiatzaren 14(a), asteazkena

Fabrika

         “Fabrikan neska pila geunden bata bestearen ondoan lanean”. Beste emakume asko bezala gazterik sartu zen ama fabrikan. Orduko Errenteria fabrika josiaz zegoen eta bertan emakume askok lan egiten zuen. Amak entxufeak eta antzekoak muntatzen zituen. Hamaika kontu entzun izan ditugu garai hartakoak. Pasadizoak bata bestearen ondotik. Ia laurehun langile izan zituen lantegi handi hura nolakoa izango zen imajinatu egin behar zen. Gazte gazterik zela bizi izandako lehenengo huelga. Enkargatuarekin izandako liskarrak lankideekin berriketan egoteagatik. “Behin etxera bidali ninduten hitz egiteagatik. Enkargatu hura beti gurekin sartzen.” Fábrica Electrotécnica Guillermo Niessen, 1914ean eraiki zuen Alemaniatik heldutako enpresariak. Orduko Errenteria langile herri petoa zen, lantegiak nonahi. “Ez zen orain bezala, orduan goizetik jende mordoa ikusten zen kalean fabriketarako bidean. Eta gauean hamarretarako denak ohean.”
         Erakusketa zabaldu dute Niessen 100 urte betetzen dituela, eta imajinazioaren irudiak txuri beltzean ageri dira. Emakume ilarak bata bestearen ondoan mahai gaineko osagarri elektrikoak elkartzen. Lantegiaren itxura. Langileak bilduta argazkian. Emakumeak soilik argazkirako elkarturik. Aspaldiko garaiak. Bazen behineko historia.

         Historia istorio bihurtzen da denboraren eskutan, ahoz eskaintzen direnean etxeko sukaldean. Haurrarentzat aspaldiko garaiak direnak helduaren gaztetako bizipenak dira. Irudimenean itsasten diren kontakizunak, lurralde imajinarioan bizi dira eta hitzetara ekartzerakoan istorio harrigarriak bihurtzen dira. Aspaldian fabrika batean emakume batzuk aritzen ziren lanean …

2014(e)ko apirilaren 29(a), asteartea

Ezer ez dago

         Behin herri txiki batean kontalari baten etorrera irrikan itxaroten zuten. Ezaguna zen kontalari hura eta joaten zen lekuetara jendea erruz bildu ohi zen bere kontakizun ederrekin zein hizkera zoragarriarekin gozatzeko asmoz. Kalea, denda eta tabernetan ez zegoen beste gairik berriketaldietan. Emanaldiaren aurreko igandean apaizak pulpitutik parabola biblikoak ekarri zituen gogora, merezi zuten kontakizun bakarrak zirela gogora araziz, eta Jainkoaren berba zela zoragarriena.
         Eguna heldu zen. Ordu erdi lehenago antzokia lepo zegoen, guztiak kontalariaren zain. Ikuskaria hasteko minutu batzuk gelditzen zirela heldu zen kontalaria. Antzokian sartu zen, pauso lasaiez. Eskenatokira zuzenean sartu beharrean, pasillo erditik abiatu zen taulara. Ordura arte entzuten ziren murmurioak isiltasun bilakatu ziren, isiltasun jakingarria, gehienek ez baitzuten inoiz kontalari bat entzun. Kontalaria bere baitan zihoan, mantso, inor ez balego bezala. Eskenatokira eskailera txiki hartatik igo zen. Taularen erdian jarri zen jendeari begira. Publikoa isilik begira, eztulik ere ez zen entzuten. Iragarritako ordua jo zuenean, kontalaria arnasa hartu eta ahots karraskatu batekin esan zuen: “Ezer ez dago”. Eta eskenatokik jaitsita etorritako bidetik alde egin zuen.

         Hurrengo egun, aste eta hilabetetan denetarako komentarioak eta interpretazioak izan ziren kontalariaren emanaldiaren gainean. Azkenean hamaika bertsio sortu ziren kontaketa saiotik, eta aiton amonek euren bilobei kontatu zieten. Herri hartara ez zuten inoiz gehiago beste kontalaririk ekarri.

2014(e)ko apirilaren 15(a), asteartea

Lentejak

Zentzuek euren oroimena dute, eta pertsona zentzudunek ez dute oroimena ahazten. Gure amak deskubrimendu bat egin zuen. Lentejak egiten ari zela bururatu zitzaion, modena ozpin tanta batzuekin goxatzea eltzea. Hainbestetan egindako potajea probatzerakoan oroimenaren eztanda bat izan zuen: "Hauxe zen!" Lenteja haiekin txikitako etxeko sukaldera bidaiatu zuen. "Askotan pentsatzen nuen gure amak zer jartzen ote zien lentejei zapore berezi hura izateko; lehengoan modena ozpin pixka bat jarri nien arte. Horrexekin goxatzen zituen". Eta hortik aurrera, lentejetaz baino, aspaldiko garai haietaz mintzatzen hasi zen, gure amonaren sukalderako eskua,  kontatzen zituen istorioak... Lenteja umil batzuek Gianni Rodari pedagogo eta idazle italiarrak aipatzen zuen bonba fantastikoaren lana egin zuten.
Nondik aterako ditu kontalariak irudimena martxan jartzeko indarra? Nola bereganatuko du kontatu nahi duen ipuina? Zein oroimenetan galduko da kondairaren harira? Ipuin bat kontatzea ez da, besterik gabe, hitz bat bestearen ondotik jarriz istorioa osatzea; ez da publikoari entzun nahi duena ematea; ez da "efektismoa" bilatuz kontatzen denaren hutsa estaltzea. Kontalariak ipuin bat kontatzerakoan oroimenaren barrena bidaitu behar du, lurralde imajinario horietan bere lekuak bilatu. Oroimen berriak eraiki, lurralde ezezagunak deskubritu. Eta berarekin batera, entzuten duena bultzatu behar du bidezidor horietatik abiatzen, bakoitzak bereak errekorrituz. Ipuinak kontatzean kontalariak hainbat bonba fantastiko leher arazi behar du entzule bakoitzeko. Modena ozpinak gozatutako lentejak probatzerakoan bezala.