2014(e)ko apirilaren 15(a), asteartea

Lentejak

Zentzuek euren oroimena dute, eta pertsona zentzudunek ez dute oroimena ahazten. Gure amak deskubrimendu bat egin zuen. Lentejak egiten ari zela bururatu zitzaion, modena ozpin tanta batzuekin goxatzea eltzea. Hainbestetan egindako potajea probatzerakoan oroimenaren eztanda bat izan zuen: "Hauxe zen!" Lenteja haiekin txikitako etxeko sukaldera bidaiatu zuen. "Askotan pentsatzen nuen gure amak zer jartzen ote zien lentejei zapore berezi hura izateko; lehengoan modena ozpin pixka bat jarri nien arte. Horrexekin goxatzen zituen". Eta hortik aurrera, lentejetaz baino, aspaldiko garai haietaz mintzatzen hasi zen, gure amonaren sukalderako eskua,  kontatzen zituen istorioak... Lenteja umil batzuek Gianni Rodari pedagogo eta idazle italiarrak aipatzen zuen bonba fantastikoaren lana egin zuten.
Nondik aterako ditu kontalariak irudimena martxan jartzeko indarra? Nola bereganatuko du kontatu nahi duen ipuina? Zein oroimenetan galduko da kondairaren harira? Ipuin bat kontatzea ez da, besterik gabe, hitz bat bestearen ondotik jarriz istorioa osatzea; ez da publikoari entzun nahi duena ematea; ez da "efektismoa" bilatuz kontatzen denaren hutsa estaltzea. Kontalariak ipuin bat kontatzerakoan oroimenaren barrena bidaitu behar du, lurralde imajinario horietan bere lekuak bilatu. Oroimen berriak eraiki, lurralde ezezagunak deskubritu. Eta berarekin batera, entzuten duena bultzatu behar du bidezidor horietatik abiatzen, bakoitzak bereak errekorrituz. Ipuinak kontatzean kontalariak hainbat bonba fantastiko leher arazi behar du entzule bakoitzeko. Modena ozpinak gozatutako lentejak probatzerakoan bezala.

iruzkinik ez: