2011(e)ko abenduaren 16(a), ostirala
Antzerki Biluzia
2011(e)ko abenduaren 13(a), asteartea
Zer kontatu? Nola?
2011(e)ko irailaren 22(a), osteguna
Bazen Behin...Legutianon
Mintzamenaren sortzea agian izaki humanoak izan duen eboluziorik garrantzitsuenetakoa izango da. Elkarren arteko komunikazioa pentsamenduaren gauzatze fisikora ekarri zuen aldaketa geroagoko gizateriaren eboluzioa markatuko du ezbairik gabe. Handik aurrera, hizkuntzak izango dira elkarren arteko komunikazio bide; baina funtsean komunikazioaren beharra, kontatzearen beharra pertsonaren izaeraren konplexuaren alde garrantzitsua izango da. Kontatu behar horretatik sortuko ziren ipuinak, istorioak, kondairak, guzti horiek etengabeko eboluzioan dauden kulturen ezaugarri nabarmena bilakatu zirelarik.
XIX. mendean, batez ere, Europan hasi zen ipuin zaharren biltzearen mugimendua, tokian tokiko kulturaren oinarrietako gisa hartu zen. Jakina, jendartearen zati handia analfabetoa izanik, ahoz ahoko kultur transmisioa nagusi zen, zer esanik hizkuntza ez ofizialen hiztunen artean. Euskal Herrian ere ipuin bilketak hasi ziren egiten, Iparraldean lehenengo (Cerquand, W. Webster…), geroago hegoaldean (Azkue, Barandiaran…). Herri baten kulturan ipuinen garrantzia ez da besterik gabe kokatzen euren balore literario edo linguistikoetan, izan ere, horietan agertzen diren eta transmititzen diren munduaren ikuspegiak, baloreak, ezagutzak, kultura horren ezaugarriak eta eboluzioa ulertzeko bideak ematen ditu. Baina, ipuinak kontatzea bada ere jardun artistikoa, alegia, mintzamenaren erabilera modu sortzailean eta ederrean, esan gabe esatea, entzulearekin jolastea, irudimenaren eremuetan barneratzea. Jendarte tradizionalean ipuin kontaketaren balioa eboluzionatzen joan da, jakina, jendarte berarekin batera, baina istorio bat entzutearen une garrantzitsu horren balio galdu gabe. Diote Jainkoak pertsonak egin zituela istorioak entzun nahi zituelako, hain baita berezia jardun hori. Agian horregatik beti egon izan dira pertsona batzuk jardun hori ofizio bihurtu izan dutenak, herriz herri istorioak eskaintzen, ez bakarrik kultur transmisio gisa, baina baita ere lanbide gisa, artista sortzaile moduan; antzerkian, kantuan edo margolaritzan bezala.
Egungo gure jendarte modernoan, bere aurrerapen teknologiko guztiekin, gezurra badirudi ere, mintzoaren garrantzia ez da galdu. Jendeak istorioak entzun nahi ditu; nahi du norbait entzun kondaira harrigarriak kontatzen. Egunerokotasunaren abiaduratik at, arnasa hartzeko astia hartu eta bere irudimena ipuin liluragarri batean galdu. Izan ere, bestearen ahotsetik kontakizun eder bat jasotzeak, agian, gure izaera humanoaren kontzientzia ekarriko digu. Beharbada, horretan dago ahoz gora emandako ipuin baten balioa. Eta tradiziotik datorkigun jardun honek badu segidan egun. Jende askok haurren kontua dela pentsatu arren, gero eta gehiago dira ipuin kontaketak helduentzat jasotzen dituzten espazioak. Ipuinen zabalkundea folkloristen eskuetatik kontalarien ahora pasa da. Kontalaritza sutondotik eszenara pasa da eta arte eszenikoen mundura salto egin. Eta Europan orain bi hamarkadatik gora zabaltzen ari den ipuin kontalaritza mugimenduaren bidetik ari gara euskal kontalariok. Hasieran arrunt gutxi baziren, bizpahiru baino ez, gaur egun ipuin kontalariak Euskal Herriko hainbat liburutegi, kultur etxe eta antzokitan ikus daitezke. Gure mugetatik kanpo ere euskal kontalaritza badu presentzia, Europan barrena ibili ez ezik, beste kontinentetara jauzi eginez, euskal tradizioaren ipuinak zein berriak eramanaz.
Guzti horren errealitatea euskal jendartera eraman nahian, orain sei urte Euskal Kontalarion Festa antolatzen hasi zen Kontalariak Elkarteak. Hitzaren festa herriz herri eraman kontalari ezberdinak euren istorioak eskainiz. Aurten Arabako Legutianoko txokoetan ariko gara, ipuinak kontatzea aspaldiko ohitura izan ezik gaur egun bizirik dirauela erakusteko. Ipuinak adin guztietako pertsonentzat direla frogatzeko. Izaera humanoak istorioak gustukoak dituelako, baina batez ere beharrezkoa duelako bestearen ahotik gertaera liluragarriak entzutea. Legutiano ipuin kontatuaren hiriburua izango da aurten.
2011(e)ko abuztuaren 9(a), asteartea
Capbreton XXII Ipuin Jaialdia 2011

2011(e)ko uztailaren 27(a), asteazkena
Ordu txikiko kontuak
Behin, Oiartzungo festetan nengoela, ordu txikitan, kantina bateko barrari helduta kalean, garagardoari azaltzen zer nolako giroa zegoen, bikote gazte bat neukan ondoan. “Ene, zer polita maitasuna!- pentsatu nuen, baina, jakina, ordu horietako darabilkigun euskalkiarekin, alegia “eneeee, zder folitda baitaxuna, errediosss!”. Halakoetan nengoen non ikusten dudan neskak alde egiten duela, mutila bertan geldituz, zain. Orduan, nire harridurarako, mutil gaztea buelta eman eta esaten dit: “Kontatu ipuin bat, neska horrekin ligatu nahi dut eta berari kontatu nahiko nioke gero”. Ilargi zaharra bezain bat handitu eta zabaldu zen nire bihotza. Ipuin bat bestearen atzetik hasi nintzaion kontatzen kantinako barrari helduta, gazte haren helburuetarako egokiena bilatuz. Halako batean neska itzuli eta biei ipuinak kontatzen jarraitu nuen. Denbora puska baten buru, bikotea joan egin zen, aurretik eskerrak emanez. Nik beste zerbeza bat eskatu nuen, irribarre zabala ahoan.
Zertarako balio du ipuinak kontatzeak? Auskalo. Jende humanoen beste ekintza eta jardun askok bezala, helburu bakar eta zuzenik ez du izango ipuinak kontatzeak; hala ere, beste baten ahotik istorio bat entzuteak harreman imajinario batean jarriko gaitu. Uda garaia festena ere bada, jendearekin bestelako gertutasuna izateko. Eta zer esan ez dakigunean, edo nola esan, beharbada ipuintxo batek ate liluragarri batek zabalduko digu. Ordu txikitan kantina baten barran, festaren zurrunbiloan sartuta bada ere. Eta orduan, norbaitek istorio eder bat kontatzen dizunean, ez diozu ezeri beldurrik izan behar. Biharamuneko ajeari ez bada behintzat.