martes, 9 de agosto de 2011

Capbreton XXII Ipuin Jaialdia 2011


Uda partea musika jaialdi erraldoien garaia omen da. Edo kulturartekotasunaren jaialdiena (Etnosur, Pirineos sur...). Oporrak eta eguraldi ona (ustez behintzat) aprobetxatuz, jendea alde batetik bestera mugitzeko aukera izango du, eta ohiko turismotik kanpo beste hautuak edukitzeko proposamen erakargarriak izango dira. Tamalez ipuin kontaketa jaialdiak ez dira ikuspegi horren barnean sartuko, nahiz eta jaialdi batzuetan ipuin kontalarien emanaldiak eskaini. Iberiar Penintsulan behintzat. Europa aldean (Pirinioetatik gora esan nahi dut) uda partean Ipuin kontaketa jaialdiak udako kultur eskaintzaren parte izan ohi dira ere. Eta halaxe Capbreton aldera abiatu nintzen.
Badira hogeita bi urte Landetako herri honetan Ipuin Kontaketa jaialdia antolatzen dela. Hain gertu eta hain urruti, orain dela biurte deskubritu nuen, eta harrituta gelditu nintzen bai antolamendu bikainaz zein publikoaren aldetik duen erantzun ederra. Programatzen diren kontalariak kalitate handikoak, kontatze proposamen interesagarriak eskaintzen dituztelarik, mugaren alde honetan eskaintzen ditugun oso bestelakoak. Beste artean, aurtengo edizioan Pepito Mateo kontalari paristarra zetorren eta galdu ezineko aukera zen. Maite dut bere kontatzeko era eta bere istorio surrealistak. "Sans les mains et en danseuse" ikuskaria aurkezten zuen. Haurtzarorako
itzulia aurkezten digu gurasoen etxera bere txikitako gauzen bila joaterakoan. Aitzaki hori hartuta bidaia surrealista bat abiatzen du, istoioan beste hainbat istorio sartuz eta eskenatokia mundu bat bihurtuz. Komunikazioa hitza bakarrik ez dela ederki frogatzen du bere kontaeran. Ikusteko kuriositatez nengoen ere lagun batek gomendatu zidan Myriam Pellicane . Eta gomendioak ez zuen hutsik egin. "Hyène" ikuskariarekin zetorren. Eskenatokira ke artean agertu zen koturno modernoetan bera den luzea oraino gehiago luzatuz. Oinetako horietan bere mugimenduak erabat baldintzaturik, kontaketari kutsu hauskorra ematen zion. Argi koloretsuetan eta ke arteko istorioak eskaini zizkigun, gotiko estiloko estetikarekin, grina arriskutsuetako kontakizunak, estrainoak, mundu berezi batekoak. Nik ere gomendioa luzatu beharko. Bi emanaldi hauek Capbretoneko Casinoko antzokian ikus ahal izan ziren. hirurehun inguru eserleku dituen antzokia lepo jarri zen Pepito entzun eta ikusteko, Myriam-ekin ia-ia beteta ere. Publikoaren erantzuna ere kontuan hartzekoa da hutsik ez baitu egiten jaialdiko ekitaldi guztietara.
Beste espazio ederra Mediatekaren kanpo aldean dagoen loratokia da. Hura da jaialdiaren bihotza dugu. Emanaldiak eskaintzeko karparekin batera taberna eta liburudenda aurkituko ditugu, topagune polita osatuz. Karpan Pepito eta Myriam ikusi nituen arratsaldeko "apero-contes" sailean. Kontaketa librean, bakoitzaren kontaeraren erakusgarri ederra izan zen. Eta hemen ere jendez gainezka. "Apero-contes" honetan ere Pepitok
eskainitako tailerreko partaideekin egindako lana ikus ahal izan genuen. Interesgarria lana eta dibertigarria ere. Ipuinak kontatzea jolasa ere badela ikasteko tailerra. Gertu dagoen liburudendaren espazioa aipatzekoa da. "Le gué aux biches" liburudenda itinerantea da, ipuinetan espezializatua. Alde honetan aurki ezineko liburuak topatuko dituzu bertan, batez ere bildumak zein ipuin kontaketaren gaineko teorizazioak eta kontalari ezberdinen iksukarien testuak. Gurean zenbat dugun egiteko oraindik!
Hiru egunez beste artista ere pasa ziren bertatik: Tartar(e), Les compagnons de Pierre Ménard, Cie Interieur Nuit, Fred Poujard eta Jeanne Ferron. Goizetik gauera bakoitzak beren proposamenak erakutsi zuen Capbreton-eko kale, plaza eta lokaletan. Marie-José Germain zuzendaritzapean ederki antolatutako jaialdi arras interesgarria beraz, leku ederrean eta publikoaren onespenarekin.
Gomendagarria zinez.
Baina ez dira Capbretonen ipuinak amaitzen jaialdiarekin. Urriaren 14ean Lucien Gourong kontalariak, Serge Le Clancherekin batera, Landeteko gastronomian oinarritutako ikuskaria eskainiko digu. Bi egun lehenago, urriaren 12an berriz, Renée Robitaille kontalari quebec-arrak "Les racines du Nord" ikuskariaren saio orokorra erakutsiko du. Bi hilabetez bertan hartuak izan dira ikuskari honen prestatzeko bera eta Didier Kowarsky zuzendaria; egun horretan lanaren emaitza ikus ahal izango da. Ikuskarien prestatzeko eskaintzen diren egonaldi hauek oso zabalduak daude Frantzian eta artistentzat aukera paregabea da euren lanak modu txukunean prestatu eta landu ahal izateko. Hemen ere ikasteko asko oraindik!
Badugu beraz, zer ikusi eta, segur aski, ikasi hemendik gertu, Capbretonen, Baionatik 20kmetara. Ez galdu aukera.

No hay comentarios: