2011(e)ko ekainaren 13(a), astelehena

20 urteko maratoia

Ez ditut erdiak ere ezagutzen, baina ziur naiz esan daitekeela Espainiako Guadalajara hirian ospatzen den Ipuin Maratoia, Europako kontalaritzaren ekitaldirik garrantzitsuenetakoa dela. Iberiar penintsulako kontalaritzaren bultzatzaile nagusiena dugun jaialdi honek, aurten hogei urte bete ditu eta inoizko egitaraurik zabal eta, segur aski, interesgarriena. Agian, ikusgarriena izan da hiriaren espazio zorragarri "ezkutuetan" ipuin saioak eskaintzea. Leku horiek ipuinen bitartez ezagutzea beste era batera sentitzeko eta oroimenean atxikitzeko aukera ematen du. Urtero
izan ohi da deskubrimenduren bat ere, batzuentzat behintzat, eta aurten gozagarria izan da Chiapasetik etorritako Eraclio Cepeda idazle eta kontalaria entzutea. Aulki batean eserita, eskenatokiaren muga guztiak puskatuz berarekin trago bat hartzen egongo bazina sentiarazten zizun, eta berriketaldi horretan istorioak sartzen joan. Interesgarria hitzaren garrantzia, hitza nola esan, nola lortu artifiziorik gabe mundu batean barneratzea. Agian bide horretan arakatu beharko genuke kontalari modernoek, soiltasunaren bidea. Berreskuratu esatearen muina, mintzoaren hutsa. Joera handia dago betetzeko, gehitzeko, hornitzeko, hitza berarenarrazoia ahaztu eta estali arte.
Eraclio Cepedaren mintzoaren soiltasunak kontatzearen sustraietara eraman gintuen.
Izan ziren, nola ez, bestelako kontalari zoragarriak, ezagunak eta ezezagunak, era guztietako kontuekin, hamaika modu ezberdinetan eskainiak. Aurtengo Maraitoiak ere izan zuen europar kutsua, izan ere Toledo hirian izandako FEST (Federation of European Storytelling) erakundearen batzarrean izandako kontalariak Guadalajarara gerturatu ziren jaialdian parte hartzeko. 2001 urtean izandako europar kongresutik ez zen hainbeste kontalari europear bildu. Aukera paregabea izan zen herrialde ezberdinetatik heldutako kontalariak
euren estiloak eta hizkuntzetan entzuteko. Kontalaritzaren mugimendua urratsak ematearen seinale izan genuen.
Baina guzti hau ez litzateke posible
izango antolatzaileen lan eskergarik gabe. Guadalajarako Ipuin Maratoia den bezala baldin bada, antolatzaileei esker da ezbairik gabe. Liburutegiko Haur eta Gazte literatur Mintegiak zein liburutegiko langileek ipuinekiko erakusten duten maitasuna eta kontalariekiko adeitasuna dira benetan jailadiaren motorea eta arima, eta honek ematen dio bilkura honi berezitasunarik handiena. Berrehun eta berrogeita hamar bolondres gau eta egun maratoia gauzatzeko ahaleginak egiten dituzte eta hori ez da makala.
Maiz pentsatu ohi dugu kontalaritzaren mugimendua kontalarien esku dagoela, baina hori ez da horrela; badira ehunka jende zaletasunaz aritzen direla kontalariok lekua izan dezagun geure proposamenak azaltzeko. Horiekiko eskerrona azaltzea ezinbestekoa zaigu, eta, era berean, ahozko narraziogintzaren parte ere badirela onartu. Guadalajaran inon baino argiago ikus daiteke halakorik. Kontalariok ez genuke hain erakusleiho zoragarria izango horiengatik ez balitz.
Hogei urte joan dira Ipuin maratoiari hasiera eman ziotenetik, hogei urte ipuin kontalaritza sustatzen, bultzatzen eta indartzen. Hasieran lau lagun baino ez ziren, baina egindako ahaleginei esker aurten sekulako ipuin festa oparitu ziguten. Gure ipuinak oparitzea da egin diezaiegun omenaldirik ederrena.







iruzkinik ez: