2011(e)ko ekainaren 23(a), osteguna

FEST 2011 Toledo


"Berandu gabiltza" kantatzen du Ruper Ordorikak eta ni ere berandu kronikarekin. Ez dio kenduko horrek, espero dut, garrantzirik. Ekainaren bigarren astean Espainiako Toledo hiriburuan Europako kontalari elkarteak biltzen dituen FEST-ek (Federation of European Storytelling) laugarren biltzarra egin du. Aurretik Suezian, Suitzan eta Ingalaterran egin dira biltzarrak. Hurrengo bi urtetan Belgikan (2012) eta Italian (2013) egingo dira. Hasierako urtetik hona emendatzen joan dira elkartekideak, aurtengoan Kontalariak Elkarteak, euskal kontalarien elkarteak, lehengo aldiz ordezkaritza izan duelarik.
Kontalaritzaren mugimendua zabaltzen eta hazten doan seinale da partaidetza urtetik urtera handitzen ari dela. Leku batzuetan sendoago, bestetan ahulago, baina, ezbairik gabe, kontalariak gero eta antolatze tresna ugariagoak eta sendoagoak baliatzen ari dira euren lanaren gainean gogoeta egiteko eta, jakina, kontalaritza ezagunagoa izan dadin.
Laugarren urtera heldu eta FEST erakunde gisa sendotze bidean jarrita Toledoko biltzarran estatutuen eztabaida izan zen nagusi. Horrez gain bestelako lanak hartu ziren. Taldeka bilduta hainbat gai mahaiaratu ziren:esperientzia ezberdinen
trukaketak, eleaniztasuna eta kontaketa, errepertorioen aukeraketak. Eleaniztasuna kontaketan jarri ninduten esukaldunon esperientzia azaltze asmoz. Hamaika hizkuntz mintzatzen dira Europan, batzuk txikian, beste batzuk handiagoak; ofizialak, ofizialtasuna onartu gabeak, eta guztietan kontalariak ari dira. Horrez gain, kontalari asko eta asko hizkuntz bat baino gehiagotan kontatzen dute, batzutan arazorik gabe, bestetan trabak bidean. Euskaldunok badakigu horretaz. Nire aldetik, ipuin kontaketan hizkuntzen kolonizazioak
duen eragina hartu nuen gogoeta bide. Gurea bezalako hizkuntzak beste hizkuntz nagusien menpe egonik hainbat erregistro eta baliabide urritzen joan da hiztunetan, edo garatzeko aukera ukatu, horrek ahozkotasunean duen eraginarekin. Halaxe bada, hizkuntzen, gure kasuan euskara, deskolonizatu beharra dugu, beren hizkuntz baliabideak indartzeko eta garatzeko. Beste taldetan jaialdien berri eman zen, edo errepertoriaren osaketaren proposamenak azaldu. bestalde, arrunt interesgarria izan zen bi arratsaldez egindako lan taldetan egindako lana. Taldeka ipuin kontaketa baten prestaketa proposatu zen, azken gauean Toledoko antzokian aurkezteko asmoz. Proposamen arras ezberdinak azaldu ziren eta
hizkuntzak partaideak adina ia-ia: gaeliko irlandesa, katalana, euskara, hungaroa, ingelesa, alemana, hebrerera, gaztelera, frantsesa, serbo-kroata, norbergiarra, sueziara, portugesa. Esperientzia interesagarria, guztiontzat ikasbidea ere izan zena.
Orokorrean, egun aberatsak izan genituen ipuin kontalaritza Europan nola dagoen nolabaiteko diagnosia egiteko. Kontalarien arteko harremanak ere zabaldu eta sendotzeko balio izan zuen biltzarrak. Kontalaritza europearra antolatze bidean dabil, kontalaritza bera
garatzeko eta indartzeko asmoz. Eta euskal kontalaritza partaide izatea bakartua ez dagonearen seinale. Badugu ikasteko, baina, batez ere, gure eskutan dago zer eskaini dezakegun jakitea.
Biltzarra amaitu ostean Guadalajarara abaitu ginen guztiok, asteburua hogeigarren urtez ospatzen den Ipuin Maratoian parte hartzeko. Datorren urtean Belgikan izango dugu hizpide. Hala izan bedi.







iruzkinik ez: