2014(e)ko azaroaren 21(a), ostirala

Gigi Bigot-en mintzo sinbolikoa

Pertsona humanook galdera eta kezken artean hazten gara. Zergatik? galdera haurren etengabeko erretolika da. Handitzen garen bezala badirudi galdetzea ahazten zaigula, bizitzaren erritmoak, edo auskalo zerk, galderak, kuriositatea alegia, erdoiltzen joaten zaigu eta orduan, ahazten dugu gure bizitza lurtarra izateaz gain izartsua ere badela. errealitatea eta ametsen artean bizi garela. Etengabeko galdetegia da gure bizitza, etengabeko bilaketa, gure existentziaren arrazoi bila. Haurrak ere horretan dihardu etengabe, zer gertatzen zaion, zer gertatzen den bere inguruan ulertu nahian. Eta ipuinek bere baitan hainbat eta hainbat erantzunekin datozkigu. hara hor ipuinen indar sinbolikoa, ametsen parekoa.
Gigi Bigot kontalari bretaindarrak, guzti horren bueltan aritu zen Donibane Lohitzunen antolatutako Festi-Contes jaialdian. "Les pieds sur terre, la tête dans les étoiles" mintzaldi arras interesgarrian kontu zaharren garrantzia aipatu zuen eguneroko heziketan eta imajinario baten eraiketan. Haurraren galderen, beldurren, ezinegonen bilaketa gisa goraipatu zituen ipuinak. Errealitatea eta fikzioaren arteko harreman orekatuan, elkar elikatze bat emango da bizitzan aitzina egiteko orduan. Mintzaldiaren izenburan aipatzen den bezala, errealitatetik ezin dugu ihes egin, baina beharrezkoa dugu imajinario baten indarra. Oinak lurrean eta burua izarretan. Ipuinak ikasbide aproposa izan daitezke bidaia honetan. Bizitzaren bidaian.

2014(e)ko urriaren 6(a), astelehena

Kritikak

            Espainian, 1981ean izan zen estatu kolpean ospetsuak egin ziren hainbat esaera, horien artean hau: "Ni está ni se le espera". Orduko esaldi haiek, hau bezala, beste egoeratan erabili izan dira. Kontaketa ikuskarietan kritikoen agerpenaren zain egoterakoan esaterako, "Ez daude, ezta egongo ere". Zergatik ote?
           

            Kritikoen lana maiz kritikatua izan da sortzaileen artean; baina era berean, euren beharra aldarrikatzen da. Esan ohi da literatur kritikoa edo antzerki kritikoa, idazle edo antzezlari frustratuak direla, euren frustrazioak besteen lanen kontra bideratzen ditutelarik, bolizko dorretik mintzatzen direla. Izango da halakorik jakina; egia den bezala, badaudela kritiko zorrotzak baina era berean zentzuzko kritika ondo argumentatuak egiten dituztenak, sortzaileentzat ikasbide direnak, euren lan ildoak hobetzeko lagungarriak. Eta zaletuarentzat gogoetarako eta irizpideen lantzeko tresna. Kontalaritzarekin ordea, ez on ez txar, kritikarik batere ez da agertzen ohiko hedabideetan. Arte eszenikoen kritikoak ez dira agertzen kontaketa ikuskarietan, ezta arbuiatzeko ere. Hutsaren pareko bihurtzen dira kritikoentzat. Bi aldetako gogoeta ekarri beharko luke honek. Alde batetik kritikoena. Arte eszeniko honen gaineko desinteresa zerk bultzatzen du? Ezagutzen ote dute? Baina kontalariok ere gurea egin beharko genuke. Kritikoen errua ote da bakarrik? Eskaintzen dugun kontalaritzaren irudia interesgarria al da arte eszenikoen munduan? Geure ikuskariak non, nola zein helburuarekin aurkezten ditugu? Kritikak aldarrikatu behar ditugu, baina baita eskaintzen dugunaren gaineko gogoeta egin.

2014(e)ko urriaren 5(a), igandea

Zer gara gu?

         Alfonso Sastre idazle eta antzerkigileak kontatzen zuen bera arraro samar sentitzen zela bere lanbidea zela eta. Zioen idazleen artean antzerki gizontzat hartzen zutenez, beste “talde” bateko zela. Antzerkizaleentzat, berriz, idazlea zenez, berdin beste “talde” batekoa. Berak, ordea, ez zuen halako sentipen kontrajarririk, izan ere berak idazletzat hartzen du bere burua eta, era berean, antzerki mundukoa; kontradikziorik ez du ikusten, detaile txiki bategatik: “Nik esateko idazten dut antzerkia, ez irakurtzeko”, zioen. Ulergarria egiten zitzaidan.
         Kontalariak antzeko bidegurutzean jartzen gaituzte. Arte eszenikoen munduan, literaturan gabiltzan pertsonak gara. Literaturaren munduan, bestalde, eszenatoki batean agertzen garen ipuin egileak gara. Jakina, gauzak ez dira txuri edo beltz, baina halako zerbait gertatzen dela esan genezake. Orain eskola zein liburutegien denboraldia hasi delarik; kontalariok, bai batzuetatik zein bestetatik, deiak jasotzen hasi ohi gara, beti ere bi helburu nagusi direlarik: irakurzaletasuna bultzatzea, batetik; eta bestetik, euskararen erabilera indartzea. Hirugarren bat ere aipa dezakegu: giza baloreetan heztea haurrak. Hirutasun santu horretatik at, kontalaritza, berez, helburu dutenak gutxi izango dira. Eta. Jakina, gehien gehienak haurrei zuzenduak.

         Baina arte eszenikoen jaialdiak antolatzerakoan ere, kontalaritza ez da kontuan hartuko, baldin eta haurrentzat zerbait egiteko. Nonbait kontalaritza beste “talde” bateko adierazpen artistikoa d. Eta horrela ibiltzen gara, bi uren artean nortasun propioaren aldarrikapenean, galdera existentzialak itota: “Baina, zer gara gu?”

2014(e)ko irailaren 10(a), asteazkena

Estropadak

            Hamaika aldiz entzuna dugu etxan, txikitatik. Pasai Donibanek Kontxako bandera Oriori irabazi zionekoa. Minutu erdia aterata! 1956an izan zen. Bertan ikusi ez izanak ez du esan nahi ikusi ez nuenik. Aitaren kontakizuna trainerutik eta amarena lehorretik, lehiaketa haren bizipenak bertatik bertara ikustea bezalakoa da.  "Gabinok patroiari abisatzen zion zetorren olatua noiz hartu". Eta olatua gainean ziztuan zihoan trainerua. "Harrigarria zen nola hartzen zituzten olatuak, airean". Aitak barrutik, amak kanpotik, bi kontakizunak elkarturik estropada hura imajina zenezakeen, Kontxako badiako espektakulo zoragarri hura. Oraindik munduan ez baginen ere, emozio horiek bizi ditzakegu kontakizun benetako bati esker.
            Angel Cappa futbol entrenatzaile argentinarrak antzeko emozioak islatzen ditu La Intimidad del futbol, liburuan. Txikitan etxeko sukaldean entzundako irratiko kontakizunek Buenos Aireseko estadiora eramaten zuten. "Partida imajinatzen zenuen kontakizuna entzuterakoan. "Cecconatok dauka... eskubitik hartzen du... gizon bati izkin egin... Grillok ezkerretik eskatzen dio..." Eta ikusi egiten zenuen Cecconato pilota eramaten eta Grillo bakarrik ezkerretik sartzen".

            Kontakizun batek beste lekuetara, beste garaietara eraman gaitzake, bertan egongo bagina bezala. Eta gure barnean emozioak piztu. Kontalariak kontakizunak eskaintzen dizkio entzun nahi duenari, baina entzule hori ez badu beste lekuetara, beste garaietara eramaten, berak ez badu bidaia hori egin, zertarako kontatu? "Irratiak gu  ameslariak egitearen errua dauka ere, ilusioak bizi izanarena", dio Cappak. Kontaketak hori behar du.

2014(e)ko abuztuaren 13(a), asteazkena

Irudimenaren askatasuna

         Udako oporrak amaitu ostean eta eskolara itzuliz, oporretarako kontuak ziren nagusi. Gaztela eta Extremadura aldetik, batez ere, itzulitako ikaskideek hamaika istorio zituzten kontatzekoak. Sekulako bidaia luzea; askotan egun bete pasa trenez, autobusez, baita gurdiaz ere egindako bidaia al pueblo heltzeko. Han, urrutiko beste hamaika lekutatik heldutakoekin elkartzen ziren, bakoitzak bere kontuekin. Gau beroak, lur sail amaiezinak, itsasotik urruti! Eta baginen gutxi batzuk al pueblo joan beharrean en el pueblo gelditzen ginenak. Gure bidaiak Donostiarako edo Hondarribirako autobusean edo Topon egiten genituen, hondartzara. Batzuetan oinez osaba-izebaren baserrira, Lezora, edo aitonaren etxera, Gaztainora, herrian bertan. Edo Sanjuanera, edo Oiartzungo Karrika auzoko errekara. Auzoa erdi hutsik gelditzen baitzen. Eta irailean imajinatu egiten genituen ikaskide edo auzokide haiek egindako bidaia luze haiek, “nora demontre joan dira hainbeste ordu eginda bidaian?” El pueblo, oso urrutiko leku imajinario bat bihurtzen zen guretzat, non dena zer ezberdin, eta dena zen posible.
         Haurrak berezko imajinario bat sortzen du bere inguruko harremanetatik eta bizipenetatik. Mundu hori ulertzea kontalariaren lana ere bada. Zerk harritzen du haurra? Nolakoak dira bere bidaia irudikatuak? Munduaren dimentsioa nolakoa da haurraren ikuspegitik? Guzti horrek nolako eragina izango du adinean aurrera eginda?

         Badira, ordea, haurrak imaginario ukatua, lehertua dutenak. Gazako haur sarraskituen eskolan istorioek baino, bonbek egiten dute eztanda. Baina, beharbada, beren herria imajinatzeko ahalmena ez dute galdu, non hondartzan jolasten diren libre.

2014(e)ko uztailaren 24(a), osteguna

Mililitroak

         “Arteak kultura bakoitzaren gertaerekin paraleloki biziraun izan du”. Nestor Basterrechea hil berri dugu, baina bere lanaz gain, zorionez, kultura eta artearen gaineko ideiak jaso dira. Sortzaile, edo asmatzaile berak zioen moduan, gisa ez zuen bere lana errealitatetik aparte ikusten, bizi zuen eta bizi zion errealitate horrekin bat baizik. “Artearen itsaso zoragarriari zure mililitroa aportatzen saiatu behar zara. Ahaleginaren ondorioa: artistak gizarteari aurre hartzen diola”. Sortzailearen lana jendarteari bere gogoetak eskaintzea ere bada; bere gogoetak sormen lanen bitartez erakustea eta mililitro horiekin jendartea intelektualki eta kulturalki aberastu. Gogoeta bideak zabaldu.
         Planotik espaziora egindako bidea, alegia, marrazkitik eskulturarako urratsa, azaltzen duenean ere, Basterretxeak bestelako sortzaileei gogoetarako parada ematen die. Kontalaritza eta literaturaren arteko harremana har dezagun esaterako. Paperean idatzita dagoen istorio bat plano bi-dimentsional batean ikus dezakegu, ahozkora pasatzen denean aldiz, hiru dimentsiotan azaltzen da. Kontalariak espazioan sortuko du bere narrazioa. Bere sormen bidea beraz, idatzizkotik haratago ikertu beharko du, espazioarekiko harremanaz gogoetatu.

         Basterretxearen belaunaldiko arte plastikoetako euskal sortzaileek egindako bidea, bai euren lanetan zein gogoeta eta konpromisoetan, egun lanean dihardugun sortzaileontzat kontuan hartzekoak dira. Kontalaritzan, esaterako, ezinbesteko gogoeta litzateke, ea bizi dugun kultura eta jendartearen gertaerekin batera al goazen. Ea artista bermeotarrak aipatzen duen itsasoan, mililitrorik gehitzen dugun.

2014(e)ko uztailaren 8(a), asteartea

Transmisioa

         Non dago ipuinen gordelekua? Zein lekuetan ezkutatzen dira? Nork ateratzen ditu handik? Eta noiz? Norengandik ikasi bidezidor ezkutu hori? Aho bat zabaltzen denean eta segidan esan: “Zatoz, entzun nahi al duzu kontu ederra?”; edo, besterik gabe, hitz aspertuaren erdian, norbaitek dioenean: “Aurrekoan kontu itzela kontatu zidaten…”; beharbada orduan, oharkabean, istorioa askatuko da. Gure barne bideetatik mantso eta leun badoa. Eta, gure baitan itsatsita geratuko da, irteteko zain. Egun batean, beste norbaiti kontatzeko irrika izanen dugu. Ipuinen gordelekura jo, eta handik ekarriko dugu. Eta, aho batetik bestera bidaia amaigabea egingo du, espazioan eta denboran.
         Batzuetan, ordea, gordelekurainoko bidea eten egiten da. Aho bat isiltzen da. Mundu bat desagertzen da. Orduan, nork azalduko dizkigu munduan izan diren, diren, eta izango diren gertakari harrigarriak? Nola ikasiko duzu hitzaren jolasaren ederra? Irudikatzearen bide zoragarriak nola hartu? Orduan, norbait ahanzturaren altxorraz jabetuko da. Oroimen berriak salduko ditu. Ahots bakarraren monopolioa jarriko du martxan, oharkabean, itxura ederrez mozorroturik. Hitzaz jabetuko da.

         Ahoa Bete Hots, ahozkotasun jardunaldietan Transmisioa izan dugu aurten gai nagusia. Antzerkia, kantua, bertsolaritza, kontalaritza arlo ezberdinetako hizlariak honen gainean jardun dira. Gogoeta interesgarriak eta beharrezkoak, eta guztietan kezka bat sumatzen zen airean: noren esku dago egun kultur transmisioa? Zein interesen menpe dago? Gure hitza besteen ahoetan utziz gero, irudimen gormutua baino ez zaigu geratuko. Bidea etenda.