miércoles, 26 de julio de 2017

ESTRENOA

Publikoa sartzen hasi da. Zu alboan zaude, eszenatokiaren alboan. Itzalpean. Zain. Hasteko unearen zain. Entzuten duzu publikoaren murmurioa. Bere lekuan jartzen ari dira. Publikoa ere zain dago. Ikuskaria hasteko zain. Abiatzeko unea heltzen ari da. Heldu da ordua. Bost minutu itxoingo dugu, oraindik azken ordukoak sartzen ari baitira. Alboetan, eszenatokiren alboetan gora eta behera zaude. Gustatuko ote zaie prestatutakoa? Prestatu bezala egingo ote duzu? Ezerk ez du hutsik egingo? Zigarreta bat erreko zenuke, baina antzokietan ezin da erre, ezta ezkuta leku honetan ere. Bozgorailuetatik segapotoak itzaltzeko oharra zabaldu dute. Amaitutakoan argiak itzaliko dira eta hasteko unea helduko da. Arnasa sakon hartu eta ezkutalekutik, albotik, eszenatokiaren albotik irten eta isiltasun sakratuarekin zain dagoen publikoaren aurrean agertuko zara. Infinitora abiatzeko lehenengo urratsa eman duzu. Eszenatokia zeharkatzen duzu. Hasi da espektakulua.

Ez da ohikoa ipuin kontaketen ikuskarien estreinaldiak aurkeztea, are gutxiago antzoki batean. Beste arte eszenikoetan ordea, ia ezinbestekoa da ikuskari berri baten lehenengo emanaldi hori modu berezian aurkeztea, bere bizitza hasten dela aldarrikatu, irudimenetik eta lanetik irtendako kreazioari askatasuna ematea. Kontalaritzak ere estreinaldiak behar ditu; antzokietan ikuskariari lehenengo arnasaldi hori ematea. Publikoak ikus dezan ipuin kontaketa kulturgintzan bere lekua merezi duela. Eta kontalariok sinets dezagun.

No hay comentarios: