2017(e)ko ekainaren 14(a), asteazkena

ERROMERIA

Bi enara hegan ari dira Lacommandeko elizaren abside erromanikoan. Bitartean, Michel Hindenochek kontatzen dihardu, zitararen doinua lagun. Biarnoko herri txiki honetako eliza beteta dago, baina bestelako liturgia baten sinestunekin, enaren hegaldi urduriak kontalariaren unibertsoaren parte bihurtu direlarik; eta ahots sakon eta samurrak otoitzik gabeko mundu magikoan barneratzen ditu ipuinzaleak. Egunean zehar ospatu den La Fête du Conteren azken ekitaldia da. Badira hamar urte Chaîne de Conteurs Pyrénées taldeak antolatzen duela jai hau, eta ,funtsean, kontalarien eta kontazaleen elkarretaratzea da. Ipuinen erromeria modukoa egitea da ideia. Eguerdian elkartu, nahi duenak ipuinak kontatu, gero bazkaldu bakoitzak ekarri duena besteekin konpartituta. Eta arratsaldean kontaketa gehiago eta musika eta herriko zelai txikietan siesta egin, eta bertako ardoak dastatu… Erromeria giroa, egun pasa polita egiteko aukera.

Ederrak dira halako ekimenak. Kontalaritzak beharrezkoak dituenak, bere izatea sozializatzeko, ezagutarazteko, kontalarien arteko harremanak bideratzeko, zaleekin konpartitzeko. Egungo garaietan badirudi kontalaritza bihurtzen ari dela haur gero eta txikiagoen aisialdia okupatzeko jarduna, edo bestelako ekitaldietako egitarau zabal baten barnean, haurrentzako “zerbait” egiteko aukera, betelana. Beste askok bezala, Hindenochek kontalaritzaren gainean dioena gogoan hartu behar, “Kontatzea Hitzaren Artea da, Poesia bezala. Baina bestelako hitza da”. Erromerian ospatzeko hitza.

GARA egunkarian argitaratua

iruzkinik ez: