2017(e)ko martxoaren 22(a), asteazkena

GURE EGUNA

Udaberria hastearekin batera Nazioarteko Kontalaritzaren Eguna ospatu da. Zuhaitzak loratzearekin batera, hitza loratzearen aldarrikapena. Nazioarteko egun guztiekin gertatzen den moduan, munduko zoko guztietan ahozko narrazioari gorazarre egin ohi zaio Martxoaren 20an. Hedabideak horren gainean aritzeko gonbidatuko dituzte kontalariak, bere ofizioa zertan den galdetuz. Suezian 1991 urtean hasitako ospakizuna, udaberriaren loraldiari hitzaren loraldia festa bihurtu asmoz, zoko urrutienera heldu da. Eta kontalariok zein kontaketa zaletuak pozik gaude gure artea ere Nazioarteko Egunen zerrendan agertzeagatik. Mundu guztian zabaldu da berria. Mundu guztian? Ez. Badago Europako txokotxo batean oraindik eusten diotena: Euskal Herria!

            Kezkatzekoa da euskal hedabideetan kontagintzarekiko arreta eskasa. Martxoan bi kontaketa jaialdi egiten dira, bata Bilbon, bestea Tolosa/Ordizian; bietan euskal kontalari ugari agertzen dira kanpotik etorritakoekin batera. Proposamen ezberdinak, espazio anitzak, haur eta helduentzako saioak, nazioarteko beste jaialdietan parte hartutako kontalari ezagunak, arte eszenikoen parte den arte honen erakusketa interesgarriak. Aldiz, interes berezia behar da edo ospatzen diren hirietan bizi, jakiteko beraien existentziaz. Kontaketa saioak askotan kultur agendetan ere ez dute izaten lekua. Munduko Nazioarteko Ahozko Narrazioaren eguna ospatu berri da eta udaberria ez bezala, gurean negu gorrian jarraitzen duela hartzen diot antza.

iruzkinik ez: