2017(e)ko apirilaren 6(a), osteguna

HARIAK

Emakume gazte bat plazako aulki batean eseri da. Hego haizearen leuna eta goizeko eguzki epela gozatzen ditu. Egonean. Sentitu du emakume edadetu bat esertzen ondoan. Bera bezala, akaso, goiz ederraren sentitzeko. Orduan, emakume eseri berriaren ahots ahula entzun du. “Badakizu zertarako kontatzen diren istorioak?”. “Barkatu?”, erantzun dio gazteak. “Istorioak, zertarako kontatzen diren bai al dakizun”, errepikatu dio. “Ba, ez dakit, une goxo bat pasatzeko edo”. “Bai, hori ere egia da; baina istorioen benetako balio da, kontatu duenaren oroimena gordetzea. Halaxe zioen gure amak. Istorioa gogoratzerakoan hari ikusezin batzuek lotzen zaituzte kontatzailearekin. Bere ahotsa, bere keinuak, bere arnasa eta begiradak gogoratuko dituzu, eta horrela, beti izango da zurekin. Hori esaten zigun amak”. Emakume gaztea, nahigabe, harrapatuta dago ezezagunaren hitzetan. Esku hezurtsuak airean mugitzen ditu, motel eta begirada airean. Halako batean, berarengana jiratu eta begietara begiratu du. “Badakizu, Kukubiltxoren ipuina? Gure amak kontatzen zigun txikitan. Eta oroitzen dudan bakoitzean ama etortzen zait gogora. Bere irribarrea, bere ahotsaren doinua, bere keinuak, eta baita egiten zuen arroz esnea ere”. Eta barre txikia egin du. Ipuina kontatzen hasi zaio, eta gazteak sentitu du emakume harenganako hari ikusezin batzuk sortzen hasi direla. Eta jakin du, ipuina gogoratzekoan, betirako haren oroimena ekarriko diola. Horretarako balio dute kontatzen diren istorioek. Hari ikusezinak.

iruzkinik ez: