2017(e)ko otsailaren 22(a), asteazkena

ESTILOA

Aurrekoan Pio Barojari irakurtzen nion idazterakoan garrantzia handia ematen ziola estiloari, nola idatzi, zeri eman garrantzia. Aipatzen zuen Barojak kritiko batek esaten zuela berak pertsonaiak baino giroak, inguruak zituela ardatz bere idatzietan, haren eleberri bat irakurtzerakoan gogoan gelditzen dena ekintzak janzten dituzten giroak eta paisaiak, pertsonaien gainetik. Barojak onartzen zuen esanez bera inpresionista zela, idazle inpresionista. Oier Gillan idazlea bera eta bere taldekideek egiten duten antzerkiaz ari zen elkarrizketa batean. Aipatzen zuen dramaturgia garaikidea ez zela oso aintzat hartzen Euskal Herrian, eta berak antzezlanak idatzi arren, gero taldearekin moldatzen zirela, talde lana hori zela euren lanaren ardatza. Bi idazleak euren sormenaren estiloaz ari zaizkigu. Barojarekin bat nator hein handi batean estiloari ematen dion garrantziaz, izan ere horrek berezituko du sortzaile baten lana besteen aurrean. Estiloak sortzailearen gogoeta estetiko eta, zergatik ez, etikoa, azalduko ditu bere lanean. Musikari bat baino gehiagori entzun izan diot bere soinu propioa bilatzearen kezka. Bilaketa hori sormen lanaren alderik garrantzitsuena dela esango nuke.

Kontalaritzan estiloen gaineko gogoetak eskasak izan ohi dira. Korronte artistikoak ba ote dira? Ez zaio behar beste garrantzia ematen kontu honi, horregatik agian, kontalari askok neurri berean ebakiak direla dirudi. Estilo estandar bat hartua da kontalagintza. Horregatik, agian, ez du interes handirik pizten.

iruzkinik ez: