2017(e)ko urtarrilaren 26(a), osteguna

Izar

Ama, zergatik jarri zenidan Izar izena?, alabatxoak ahots ahulez galdetu dio ohe ondoan dagoen amari. Maite dudalako izen hori. Izarrak zeruan libre daude eta berezko argia dute. Behin mendian nengoen zeru izartsuari begira; orduan erabaki nuen nire alabari Izar jarriko niola. Zeru izartsuari begira askatasun sentimendu batek hartzen zaitu, imajinazioa pizten da eta orduan sentitzen duzu dena posible dela. Ni ez naiz inoiz mendira joan, eta ez ditut izarrak ikusi, erantzun dio ohetik. Egun batean mendira joango gara elkarrekin eta izarrak erakutsiko dizkidazu? Amak, irribarre apal batekin, baietz dio buruarekin. Alaba beso artean lehengo aldiz hartutakoan sentitu zuen askatasun bozkarioa etorri zaio gogora. Zeru izartsua ikus zezakeen, hego haizearen ufada arina, basoaren isiltasuna.
Zure izena ere polita da eta dibertigarria, jarraitu zuen alabatxoak. Zu Sara zara. Eta barre ahul batek argitu zuen. Zure izena zer esan nahi du? Nire izenak printzesa esan nahi du. Printzesa!, esan zuen alabak. Ipuinetako printzesa zara, Sara? Ez, alabatxo, ni zure printzesa naiz. Baina, ipuin batzuetako printzesak bezala dorre batean zaude entzerraturik, esan zion triste Izarrek. Ene alabatxo, ez hori pentsatu. Mendian zeru izartsuari begira nengoela, izar batzuk zerua zeharkatzen zuten. Izar iheslariak dira horiek. Ni printzesa iheslaria naiz. Orduan amatxo, ni Izar iheslaria naiz ere. Eta elkarri begira sentitu zuten ez dagoela munduan imajinazioa eta askatasun nahia entzerratuko duen harresirik.

2 iruzkin:

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Asko unkitu nau ama-alabaren arteko elkarrizketak. Gaur bereziki unkitu nau lagun min baten aita zendu delako. Lagunei bidali diet esteka irakurri zezaten. Bizitzaren ur sakonetan bilaketa lanetan dabilen lagun urpekari batek hau ikusi du eta zurekin partekatu nahi dugu.

{"Alabatxo: ez hori pentsatu..."

Amak ez dio baimenik eman alabari giltzapean egoteak sentiarazten duena hitzetan jartzeko, ...sentipenak alboratu eta iritsi ezinezko irudian (zeru izartsuan) begirada jarri..

Sentimenduak izozten eta izaera gogortzen horrela ikasi dugu.
Erantzun bere alaba bezala pentsatu izan det eta ama bezala seme-alabei esan izan diet...}

Mezu honek ez du erantzunik bilatzen. Pentsamendu bat adieraztea besterik ez.

Mila esker zure idatziarengatik, bihotzera iritsi zait.
Muxu pila eta elkartasuna Sara eta Izarri.

carrere erabiltzaileak esan du...

Hau da hau marka, komentario hau hiru urte geroago irakurri, bere garaian ikusi ere ez bainuen egin. eta oraingoan kasualitatez. Baina inoiz ez da berandu,izan ere, pozgarriak dira halako komentarioak eta, batez ere, gogoetarako bidea ematen dutenak. Mila esker.