martes, 17 de enero de 2017

Emakumeak

Ipuin kontaketa saio baterako ideia ezustean harrapatzen zaitu askotan. Beharbada aurretik baduzu ideiaren bat buruan, baina bidea ezin aurkitu. Horrela nenbilen orain dela urte mordoa. Kontaketaren mundu honetan oraindik hasi berria izanik gauza asko nondik heldu edo nola azaldu jakin gabe; estereotipoetatik alde egin nahian, nire kezkak eta gogoetak kontaketara ekarri nahian. Eta oraindik horrela jarraitzen dut. Kontaketa saio baterako ideien nahas-mahasa neukan buruan, ezin asmatu ordea. Gauza horiek guztiak bueltan, kaleratu berria zen ipuin liburua eskuratu nuen, Angela Carter idazleak mundu osoko kontu zaharrekin egindakoa Caperucitas, cenicientas y marisabidillas. Emakumeak protagonista zituzten ipuin tradizionalak ziren. Bilduma ederra. Irakurtzen hasi eta argia piztu. Emakumeak kontu zaharretan nola agertzen ziren izango zen ikuskaria. Liburu honetatik hasi eta beste hainbat bildumatik hartutako ipuinekin nire bigarren ikuskaria izango zena prestatu nuen, Mingain Haragia.


Urtea hastearekin batera beste emakume bat hil du bere bikotea izandako gizonak. Beste bat. Genozidio onartu gabea. Noiz hasi zen? Historiaren zein unean? Mundu osoan badira gaiari heltzen dioten ipuinak. Emakume erailak, bortxatuak, janak… Egin al daiteke honekin ipuin ikuskari bat? Zilegi al da? Aspaldiko ideia darabilkidana bueltaka. Eskuratu berri dut gaztelaniaz heldu zaigun Angela Carterren ipuinen bilduma, aurreko ipuinak eta gehiago jasotzen dituena, Cuentos de Hadas. Badago zer kontatu.

No hay comentarios: