2013(e)ko urriaren 4(a), ostirala

Mutis

Behin, Cervantes sariaren ekitaldiak tarteko, ordurarte saritutakoen idazlanekin ipuin saioak egitea otu zitzaien Alcala de Henares hiri espainarrean egiten den ipuin jaialdian. Niri suertatu zitzaidan Alvaro Mutis idazlearen lanekin zerbait prestatzea. Maqroll el gabiero   narrazioak irakurtzen hasi nintzen, itsasoaren abenturek lilura izan bainaute beti, itsasondoan sortua izanik. Baina lanaz gain idazlearen bizitzaz jakin nahi nuen, lana pertsonarekin lotua izaten baita. Eta ia bere bizitza abenturazaleagoa iruditu zitzaidan bere idazlanak baino. Esso multinazioanalarentzat lanean ari zela, dirua "lapurtzea" kultur egitasmoak bideratzeko sekulakoa iruditu zitzaidan, bere narrazioen pertsonaia bihurtuz. Mexicoko Lecumberri kartzelan hamabost hilabete bete zituen desbideratze horregatik. Dena dela, etekina atera zion espetxeratzeari, Diario de Lecumberri idatzi baitzuen bertan. Hil berri da Mutis, baina bere lan zogarriez gain, pertsonaia bera gelditzen zaigu, niri behintzat.

Aldeak alde, nerabeentzat ipuinak kontatzera joan naizenetan, antzeko sentsazioa bizi izan dut, alegia, kontatutako ipuinez gain, ni neu pertsonaia bihurtzea euren begietan. Izan ere ipuinak kontatzea istorio bat baino gehiago baita, pasadizoak, gertaera eta bizitzako pasarteak ere tartekatzen dira narrazioan, horiek nolabaiteko ipuinak bihurtuz, kontalaria bera pertsonaia bihurtuz. Gazte horien begietan eta imajinarioan, agian niri Mutisekin gertatutakoa ez ote zaien pasatzen gelditzen naiz zalantzan. Zer geldituko da euren oroimenean, kontatukako istorioa ala kontalaria pertsonaia gisa? Ez ote gaitu batzutan irudi horrek gailentzen, harrapatzen? Edo beharbada kontalaritza elkartze horretatik sortuko da, alegia, istorioa eta kontalarien arteko sinbiositik. Maqroll/Mutis bikote fantastikoaren bidetik.

iruzkinik ez: