2008(e)ko uztailaren 4(a), ostirala

XVII Guadalajarako Ipuin Maratoia




Ekainero bezala ipuin zaleok Guadalajaran (Espainia) dugu zita. Izan ere bertan ospatzen baita Europako ipuin jaialdirik garrantzitsuenetako bat. Liburutegiak antolatuta izugarrizko jaialdi herrikoia bihurtzea lortu dute, betiere hitza nagusi. Aurten hamazazpigarren edizioa izan dute eta Afrikara dedikatu nahi izan diote. Humanitatearentzat bezala, kontalaritzarentzat Afrika guztiaren hasiera omen da. eta ipuinak kontatzea eta entzutea maite duenak bazuen bigarren aitzakia Gaztela-La Manchako hirira agertzeko.


Eta ez ginen damutu. Aurten inoiz baino beltzago izan zen Guadalajara, edo behintzat iluna, edo beltzarana. Eta guretzat beltza heriotzaren edo desgraziaren kolorea bada, beste kultura batzuetan, Afrikakoak hain zuzen, beltza bizitzaren kolorea da eta txuria, berriz, herioarena. Hezur zuritan gelditu ez da gauza gozagarria; lur beltzak aldiz uzta ezin hobeak. Eta istorio ederrak entzun bagenituen ere alde guztietatik, niretzat behintzat liluragarriena Kapilolo Mario Mahongok saioa izan zen. Kapilolo Hego Afrikan dagoen !Xun herrikoa da, San hizkuntzetako batean mintzatzen delarik, guretzat boskimano bezala ezagunagoak. Kulimatji egitasmoa ezagutarazi ziguten Kapilolok berak eta Marlene Sullivan Winberg-ek, Jose Manuel de Prada ikertzaile eta biltzailearen eskutik. Kulimatji !xun hizkuntzan "gure istorio zaharrak kontatu" esan nahi omen du, eta egitasmoa horren xede nagusiena herri horren kontu zaharrak biltzea da. Ederra da Guadalajaran banatu zituzten fotokopietan, ipuinekin batera Kapilolok idazten duena. "Lur gaineko inongo herrik ezin du bere istoriorik gabe bizi. Zure istorioa kontatzeak egiten zaitu pertsona humanoa, zure humanitatea zure kontakizunetik sortzen baita, zure iraganetik. Izaki humanoa izatea bizitza espirituala eta fisikoa izatea da. Ezin dugu uzti bi errealitate horiek bakoitzak bere aldetik joaten. Ez. Elkarrekin ibili behar dute, eskutik, halaxe izan baikinen sortuak".


Paper horietan hainbat ipuin oparitu zizkiguten eta zorionekoak zuek leku honetan euskarara ematen saiatuko bainaiz. Ipuin ederrak eta liluragarriak, mundua leku zoragarria dela erakusten digutenak, batzuk izorratu nahian badabiltza ere. Baina han, urrutian, hemen bezala, Euskal Herrian, hitzak erakusten digu mundu hobeago bat imajina daitekela.


Eta Guadalajarako Maratoiako antolatzaileei esker ona baino ezin dizkiegu eman ipuin zaleok urtero jaialdi eder horren oparia egiten digutelako. Datorren urtean hemezortzi urte beteko dituzte, adin nagusikoak bihurtuko. Oparia guk egin beharko diegu, merezi dute eta.

iruzkinik ez: