2018(e)ko abenduaren 14(a), ostirala

Palindromo


Ezkerretik eskuinera zein alderantziz irakur daitezkeen hitzei edo testu simetrikoei deitzen zaie palindromoak. Eman dezagun, zeken-nekez edo musika taldea ezagunaren izena Inoren ero ni. Palindromoak hizkuntzaren jolasa direla esan dezakegu. Eta kontalariok maite dugu hizkuntzarekin jolastea. Ipuinak irudimenaren jolasa diren bezala, hitzak dira barnean mugitzen diren xinaurriak, esaldietan gora eta behera, aurrera eta atzera, zeharka, trabeska, esanahiei kilimak egiten. Eta horrek emango dio bizitasuna kontatzeari.
Hitzezperimentutan eta palindromotan osatzen zituen Markos Gimenok bere ikuskariak, euskarari errebuelta ezinezkoak emanez, esanahiak aldrebestuz, publikoaren neuronak bihurrituz. Gaztelania eta euskara elkarrekin nahasiz elkarketa ezinezko bezain liluragarriak eginez: “Leer es iracurrar”. Zerojasoa egitasmoa jarri zuen martxan 2007 urtean euskarazko palindromoak eginez bere zerojasoa.com blogean. SkizopozikS errezitaldi hitzperimentala ikuskarian berrogei minutuz publikoa harrituta bezain irribartsu uzten zuen, esanahiak ulertu nahian, hitzen jolasean sartuz, euskararenganako bestelako harremana bideratuz.  Zenbakiak ere jolas horretan sartuz, matematika hizketan jartzen zuen, neuronak lehertzeraino. Astelehenero hitzezperimentu bat planteatzen zuen bere blogean, palindromo ezkutua bilatzearena.

Markos Gimenok Vesgak palindromoa bihurtu zaigu, atzekoz aurrera jarriz bere bizitza. Euskarak jokalari aparta galdu du. Eta lagun bat.

2018(e)ko urriaren 22(a), astelehena

KIRRINKA

Aspalditik nuen jakin mina Mikelek ase zidan. Amarako Toporen geltokian tren bat sartzear zela, burdinbideko errebueltan euri fin bat martxan jartzen zen burdina bustiz. Zergatik demontre egingo ote duten hori, galdetzen nion nire buruari, hamaika teoria ezberdin imajinatuz. Mikeli, Topoko langilea izanik, bizitzen uzten ez zidan kaskajate horren arrazoia galdetu nion. “Trenaren gurpilek kirrinka egin ez dezaten”, erantzun zidan; ondoren, zarata hori egitearen arrazoi teknikoa argituz.  Zarata gogaikarria da hori, eta ohartu ziren euria egiten zuenean, burdinbidea bustitzen zelarik, gurpilek mutu gelditzen zirela. Ze sinpleak diren gauzak batzuetan.

Kontaketaren bat prestatzerakoan kirrinka zarata agertu ohi da maiz. Nora heldu ezin asmatu eta errebueltaz betetzen da bidea, herdoilaren gainean ibiliz. Tren zaharren moduan, alde batetik besterako kulunka desorekatzailean bidaiatuz. Eta kirrinka zakar etengabe horrekin, errebuelta amaigabean sartuta. Hamaika irtenbide bilatuko duzu, gero eta absurdoagoak eta korapilatsuagoak. Burua erabat aldrebestuta duzularik, erabaki duzu atseden hartzea. Kafetxo bat egin eta balkoira irten zara, begirada galduarekin munduari so. Sirimiri fin bat ari du. Lasaia. Geldoa. Mundua blaitzen ari da. Kafea bere azkenera ekartzen duzularik, zerbait argitu da buruan; sinapsi ezkutu bat berpiztu dela dirudi, neurona alfer batzuk mugiaraziz. Eta bidea argitu zaizu. Hain zen erraza irtenbidea, nola ez zenuen ikusi? Kirrinka latz hori desagertu da.

2018(e)ko urriaren 6(a), larunbata

BATUA

Ipuinak kontatzen hasi eta berehala konturatu nintzen, zein ipuin kontatu bezainbat garrantzia zuela ipuin horiek nola esan, zein hizkera erabili; hizkuntzaren zirrikituek arintasuna ekartzen zutela, ñabardurek dimentsio berezia ematen ziotela.  Barandiaranek edo Azkuek, esaterako, euskalkietan jasotako ipuinak, mintzaira aberasteko baliagarria izan zitzaizkidan, euskararen aberastasuna begien aurrean jarri baitzidaten, ez bakarrik lexikoan, baina, batez ere, kontakizuna ahoz ematerakoan narrazioa aberasteko orduan. Aski ezaguna egin den Artxila Mortxila esakunea, adibidez. Wesbterrek Lapurdi aldean jasotako sorgin ipuin batean agertzen da: Artxila Mortxila, zakuan sar! Baliabide polita beste istorioetan erabiltzeko. Txan magoari erakutsita, berak haur guztien imajinarioa aberastu zuen maisuki. Ikasi nuen ere, Italo Calvinok, kontu zaharrez arituta,  aipatzen duen egituraren praktikotasuna eta arintasuna. Kontatzea ez da idaztea, beraz, ahozko narrazioak beste molde bat eskatuko du.

Euskal Herriaren lurralde ezberdinetan ibilita, ordea, zein behar zuen erabili beharreko euskara? Nire euskalkia, nahikoa aldrebestua bestalde? Nola kontatu Sestaoko euskaldunei? Nola Garazikoei edo Markinakoei? Nola euskara ikasleei? Orain dela 50 urte euskara batua, edo estandarra, abiatu ez bazuten zaila izango nuen. Euskarak ematen dituen baliabideekin ahozko kontakizunak emateko nolabaiteko estandarra ehuntzen joan naiz, edozein euskaldun ulertzeko modukoa. Arantzazuko benetako miraria ote?

GARA egunkarian argitaratutako zutabea

2018(e)ko irailaren 19(a), asteazkena

KOMUNISMOA

Literatura politikoan (eta, beharbada, literaturan orokorrean) idatzitako liburu baten hasierarik ospetsuenetakoa hauxe litzateke: “Mamu bat dabil Europan barrena, komunismoaren mamua”. Marx eta Engelsek 1848an elkarrekin idatzitako Alderdi Komunistaren Manifestua liburuaren lehenengo esaldia da. Jendarte berri baten aldarrikapena egiten zen, non klaseen arteko borroka historiaren motorra izan dela azaltzen den. Sobietar Iraultza, Leninen gidaritzapean, Manifestuaren gauzatze ahalegina genuen. Klaserik gabeko mundu baten teorizazio honetan, kulturgintzak leku nabarmena hartu zuen; izan ere, kulturaren bitartez mundu ikuskera bat transmititzen baitzen, jendartean zeuden desberdintasun sozialak finkatuz. Beraz, kulturgintza burgesiaren atzaparretatik kendu eta herri xehearen eskutan utzi behar zen. Erwind Piscator eta Bertold Brecht antzerkigile alemanek euren antzerkigintza dialektika horren baitan ezarri zuten, jendarte berri baten bilaketan. Baina zer ikusirik du honek guztiak ipuinak kontatzearekin?

Kontalaria jendartearen begiralea da. Kontalaritzaren bitartez horren gaineko gogoeta egingo du, bere ikuskera eskainiko dio publikoari, bere gogoetak eta kezkak arteaz azalduz. Jendartean bere lekua zein den, dialektika horren arabera bere sormen proposamena landuko du. Zer kontatu baino, garrantzitsuena izango da zertarako kontatu. Bizi dugun jendartea kontakizunetan islatuko da, eta horrekin gure ikuspegia. Mamu bat dabil Europan barrena, eta istorio bat dakarkigu.

GARA egunkarian argitaratutako zutabea.

2018(e)ko irailaren 10(a), astelehena

Kapitalismoa

Kontsidera al dezakegu ipuin kontaketa ikuskari bat merkantzia gisa? Edo merkatuaren legearen kanpo kokatzen den jarduna dela esan dezakegu? Erabilpen-balorea ala aldaketa-balorea dauka? Ipuin kontaketa sormen lan bat egun neoliberalismoak ezartzen dituen joko arauetatik kanpo koka daiteke?
Kontalariak, beste artista askoren moduan, bere sormen lana burutzeko jende aurrean egiten ez den hainbat ordu bete beharko du, asmatzen, informatzen, ikertzen,... Gehienetan horrek guztiak gustura utziko duen emaitza lortuko ote duen jakin gabe. Buruan ibiliko duen beste kezka izango da ea emaitza salgarria izango den; alegia, kultur programazioak burutzen dutenek aintzakotzat hartuko ote duten. Jakingo du, kontalaritzak helduen programazioetan bazterreko lekua izango duela, hori dela eta, haurrentzako ikuskaria hobestea izango du hoberena, merkatutik at ibili nahi ez badu behintzat. Gainera, irakurketa lantzeko tresna gisa eta baloreen heziketa kontuan hartuta salgarriagoa izango da. Produktu salgarria egin beharko du, fiskalitateari aurre egin nahi badio, gutxieneko soldata bat atera nahi badu, kultur zirkuituetan egoteko; eta hala ere prekarietateak itota ibiliko da. Merkatuak erabat baldintzatuta ikusiko du bere lana. Galdera litzateke, nahi duena egin dezake? Eskaera/eskaintza merkatu legearen at sormen ibilbidea egin dezake marginalitatean erori gabe?

Kapitalismoak eta neoliberalismoak kultur sortzaileen lanetan eta, ondorioz, jendartean duten eraginak ezinbesteko gogoeta behar du.

GARA egunkarian argitaratutako zutabea

2018(e)ko abuztuaren 14(a), asteartea

Bidaian

Munduan asko bezala, mutikoa bidaian badoa. Mendi artean badoa, bide bihurrietan. Zelai zabalak, amaigabeak korritzen ditu, ostertzeraino hedatzen direnak. Itsasoa atzean utzita, lurralde ezezagunetan barneratu da. Ibilgailuaren leihatilatik begiratzen ditu urrutiko mendixkak. Eta imajinatzen du. Han urrutian gaztelu garaiezina irudikatu du, bertako dorre garaienean neska irribarretsua atxilo dutelarik. Haren irriaren dirdira beregana heltzen da, hain baita zabala. Zelai amaigabeetan barrena abiatzen da, pentsamendua baino azkarrago dabilen zaldiaren gainean. Zakutoan irribarre hura askatuko duen tresna harrigarria dauka, hesirik gotorrena, zaindari sendoenak, oztopo zailenak gainditzen lagunduko diona: ikusezintasunaren kapa. Amonak ilargi zaharreko gauetan egin du. Lasterka doa, ostertzerantz. Eta heldutakoan, kapa liluragarri horretan bildua irribarre argia duen emakumea salbatuko du, biak kapan bildurik haizearen norabidean desagertuz. Etxerako bidean.
Mutikoa begiak zabaldu ditu. Bidaiaren nekea nabari du. Eta han, urrutian, ikusi du ezaguna egiten zaion gotorlekua. Beste inork ikusi ez duen irribarrearen dirdira sumatu du, bere zain. Oraingoan, ordea, badu plan bat. Esku artean estutu egin du amonak egindako kapa liluragarria. Inork ez du ikusiko sartzen. Inork ez du ikusiko irteten. Amak galdetu dio: “Zer daramazu gainean?” “Shhh, zaude isilik,  entzun egingo gaituzte bestela”

Udako bidaietan ere, neska mutiko askok askatasuna dute amets. Irriak lagun.

GARA egunkariko zutabean argitaratua

2018(e)ko uztailaren 27(a), ostirala

SINKRETISMOA

Gure aitonak kontatzen zuen,  bezperako otoitz ezkilak jo ondoren ezin zela etxetik irten, bestela gaueko jeinuek eramango zintuzten. Hori gertatu omen zitzaion bere herriko, Aranoko, neskatxa bati, eta ez zuten berriro ikusi. Horretan sinesten zuen. Mendaroko taberna batean ipuinak kontatu ondoren, bi gizonekin berriketan hasi eta batek kontatu zidan txikitatik entzun zuela nola, tabernatik gertu zegoen etxe batean, ordurako desagertua, sorgin bat bizi omen zela. Kontatu zidan istorioaren bizpahiru bertsio nekien, eta azken esaera esan aurretik banekien zein izango zen: “Nola liteke gizona eta gorutan?” Eta nola katua eta berbetan?” Ondoan zegoen gizonak baieztatu zuen bertsioa. Euskal Telebistako saioren batean Usurbilgo emakume bat, baserriko sukaldean elkarrizketatu zuten, eta baso bat ur seinalatuta zioen, gauez uzten bazen eta goizean burbuilak agertzen baziren, horrek esan nahi zuen sorginak izan zirela. Edalontziko urean burbuilatxo batzuk ikusten ziren.

Sinkretismoa, bi erlijio bat egitea edo elkar kutsatzea da. Munduko kultura eta herri guztietan bezala euskaldunon artean ere, mendetan garatu diren gure sinismenak eta kultura, ez dira isolatuak egon beste kulturengandik; aitzitik etengabeko harremana eman da, eta harreman horiei esker egin dugu aurrera. Gure orijinaltasuna litzateke, halakorik balego, euskal herri bezala bizirauten jakin izan dugula, gure izatea hamaika kolorez jantziz, izateari utzi gabe. Munduan asko bezala. Horra gure sinkretismoa.