2018(e)ko abuztuaren 14(a), asteartea

Bidaian

Munduan asko bezala, mutikoa bidaian badoa. Mendi artean badoa, bide bihurrietan. Zelai zabalak, amaigabeak korritzen ditu, ostertzeraino hedatzen direnak. Itsasoa atzean utzita, lurralde ezezagunetan barneratu da. Ibilgailuaren leihatilatik begiratzen ditu urrutiko mendixkak. Eta imajinatzen du. Han urrutian gaztelu garaiezina irudikatu du, bertako dorre garaienean neska irribarretsua atxilo dutelarik. Haren irriaren dirdira beregana heltzen da, hain baita zabala. Zelai amaigabeetan barrena abiatzen da, pentsamendua baino azkarrago dabilen zaldiaren gainean. Zakutoan irribarre hura askatuko duen tresna harrigarria dauka, hesirik gotorrena, zaindari sendoenak, oztopo zailenak gainditzen lagunduko diona: ikusezintasunaren kapa. Amonak ilargi zaharreko gauetan egin du. Lasterka doa, ostertzerantz. Eta heldutakoan, kapa liluragarri horretan bildua irribarre argia duen emakumea salbatuko du, biak kapan bildurik haizearen norabidean desagertuz. Etxerako bidean.
Mutikoa begiak zabaldu ditu. Bidaiaren nekea nabari du. Eta han, urrutian, ikusi du ezaguna egiten zaion gotorlekua. Beste inork ikusi ez duen irribarrearen dirdira sumatu du, bere zain. Oraingoan, ordea, badu plan bat. Esku artean estutu egin du amonak egindako kapa liluragarria. Inork ez du ikusiko sartzen. Inork ez du ikusiko irteten. Amak galdetu dio: “Zer daramazu gainean?” “Shhh, zaude isilik,  entzun egingo gaituzte bestela”

Udako bidaietan ere, neska mutiko askok askatasuna dute amets. Irriak lagun.

GARA egunkariko zutabean argitaratua

iruzkinik ez: