2015(e)ko otsailaren 19(a), osteguna

Lehen Hitza

         Eskenatokiak 7 metro zabal ditu eta beste 4 sakonera. Hutsa dago. Ilun. Aretoko argiek eskenatokiaren hustasuna agerian uzten dute. Publikoak eserlekuetan itxoiten du. Minutu gutxi barru hasiko da funtzioa. Kontalariak oihalen artean espazio hutsa begiratzen du. Publikoaren zurrumurrua entzuten du. Kalkulatzen ari da zein izango den lekurik egokiena agertokian kokatzeko. Zein izango da egingo duen bidea. Zenbat urrats eman beharko ditu? Fokuen argitan aurreikusi bezala lekutu behar da. Publikoa sartu aurretik eszenariora irteteko ibilbidea errepikatzen egon da. Antzokia hutsarekin irudikatu du jendea. Irudikatu du nola hasiko den. Antzoki hutsa liburu zuria iruditzen zaio. Eta orain, ikuskaria hastear dela, guztia errepasatu du bere buruan. Kezka larria du ordea; zein izango da esango duen lehen hitza? Agur soil batekin hasiko da edo ipuin baten hasiera ohiko batekin? Zein izango une egokia lehen hitza esateko? Ezin du azkarregi hasi, baina ezin da isilune luze batean galdu. Badaki une egoki bat dagoela, sumatzen den unea, beti ezberdina dena, ezin entsaiatutakoa. Espazio hutsean barrena abiatutakoan eta jende aurrean kokatzerakoan, bada une bat, une zehatz bat, lehen hitza esateko; arnasa hartu eta naturaltasunez, lasaitasunez, ahotik irteten uzten duena. Hitz horrek, keinu, mugimendu sotil batez lagunduta egongo da, edo ez. Lehen hitz horrek kontalariaren soinu espazioa iragarriko du.

         Itzali dira argiak. Zurrumurruak isildu. Eskenatokiko argiak piztu dira. Ikuskaria hasi da. Kontalariak arnasa sakon hartu eta espazio hutsean barneratzen da. Lehen hitza du lagun.

2014(e)ko abenduaren 30(a), asteartea

Denboraren mapak

            Denborak kulunka daramatza gizonak. Izarren pean, eguzkipean, lainotan. Distantzia balantzariak bizitzaren joan etorriak dira ostertza amaigabean. Orduen inexistentzian doaz aurrera. Zerua erloju handi bat da begirada nekatuentzat. Denbora eta eguraldia bat datozen bidaian etorkizuna oraina da eta iragana etorkizuna. Eta kulunkan doa denbora gizonen joan etorrian.
            Joxe Zabalak ez du erlojurik begiratzen kareletik, zerua baizik. Eta olatuak. Non eta noiz dagoen jakiteko. Olatuek ontzia jotzen dute, etengabe, erlojuaren orratzaren pare. Olatu bakoitza ezberdina da, segundo bakoitza ezberdina den bezala, igarotakoan berriz itzuliko ez dena. Orduen izarrak dira orratzak. Eta espazioarenak. Noiz dauden. Non dauden. Joxe Zabalak kareletik denbora begiratzen du, eta ontziarekin batera, aurrera doa.
            Herriko kanpandorrean orduro jotzen zuen ezkilak. Soroetan ez zegoen erlojurik, baina hamabi ezkila kolpe entzundakoan, lanak utzi eta errezoan hasten ziren. Erlojuak jainkoaren denbora zuen markatzen. Jende humanoarenak, berriz, naturak. Belarraren haztea, ardien umatzeak, hostoen jaustea. Goizaldea, goiza, eguerdia, arratsaldea, ilunabarra, gaua. Ilargi zaharretik berrira. Eguzkiaren bidaia. Kanpandorreko erlojuaren ezkilek mapa ezberdina marrazten zuten jendearen norabidean. Baina horiek txikitako oroimenak ziren Joxe Zabalaren baitan. Orain kareletik begira, itsasoaren taupadan doaz pentsamenduak. Menditik itsasora egin zuen bidaia; denboran barrena egindakoa ere. Itsasoaren zeharkatzean bezala. Itsasoan ez dago ordua kolpatuko duen ezkilarik, ez dago orratzik pertsonaren bizitzan biraka. Errezoak itsasoaren haserrean entzuten dira, isilka, norbere baitarako, jainkoaren laguntza eske. Naturaren eta jainkoaren arteko borrokaldia. Hauskorrak dira ontzian ezkutaturik gizonak, ñimiñoak, ahulak. Itxoitea besterik ez dute, borroka noiz amaituko. Itxoitea.
            Aspaldian hasia zuen bidaia. Itsasotik zein lehorretik. Aspaldian otu zitzaion Denboraren Mapa osatzea. Munduan barrena bidaiatu ahal izateko Lehorreko Mapak zeuden bezala, mugaz, bidez, marraz, norabidez osaturik, denboraren mapak zergatik ez osatu? Jende humanoa geografia ezberdinetan haziz eta heziz joan da mundura esnatu zenetik. Basamortuak eta basoak seinalatu ditu; hiriak eta lurraldeak; bideak eta mugak, guzti horietan bere burua munduan kokatuz, bere izaera indartuz. Buztinean seinalatu zuen Babiloniako Nippur, lehen hiri hura, munduaren erdigunea. Ptolomeok inperioaren zabala zehaztu nahi izan zuen. Kontinenteak osatuz joan ziren. Deskubritu zen munduaren zabala. Eta konkistatutako lurraldeak markatu ziren. Geografia fisikoa. Zeharkatu zuen gizakiak itsasoak, eta karta beldurgarriak margotu zituen, arriskuz eta pizti izugarriekin. Marraztu zituen bide imaginarioak olatuen gainean, itsas ontziak gal ez zitezen, beraiek mundutik gal ez zitezen. Urezko eta lurrezko geografietan kokatu zen pertsona humanoa. Bere espazioan lekutu zen. Espazioan.
            Eta guzti horiek errekorritu zituen Joxe Zabalak. Marra ikusezinak, lurralde amaigabeak. Hautsezko urratsetan, kresalaren magalean. Eta denbora eman zuen horretan. Denbora luzea. Iraganekoa. Etorkizunekoa. Denbora bakarra ote ordea?, galde egin zion behin bere buruari. Munduan denbora guztiak berdinak ote dira? Erloju guztiek bide berdinean ote doaz? Gizakiak bere geografia irudikatu duen bezala, munduaren espazioan bere lekua seinalatu duen bezala, zergatik ez kokatu bere burua munduaren denboran? Ideia aspaldikoa zuen: Denboraren Mapa osatu. Ekialdetik mendebaldera, iparretik hegora, ezagututako leku urrun eta gertuetako denboraren seinaleak bildu zituen. Esaera, istorioa, kontakizun eta sinesmenekin betetako paperak eta paperak pilatzen ziren etxeko ganbarako txokoetan, herrialdez herrialde antolatuak. Kurdistanen, Txinan, Palestinan, Rif-en eta Ozeanian urteari ongi etorria egin zion, garai ezberdinetan guztietan. Eguzkia sortzen ikusi zuen, munduaren bestaldean ezkutatzen zen bitartean. Urtarorik gabeko lekuak ezagutu zituen. Eta erlojuak pilatu zituen. Era guztietako erlojuak, ordu ezberdinak ematen zituztenak. Marraztu zituen kanpandorretan zeudenak, etxetako hormetan, kaleetako zutabeetan. Erloju handiak eta txikiak; koloretsuak, grisak, zenbakidunak, orratz bakarrekoak eta anitzekoak. Ezkilek kolpatutako orduak entzun zituen eta sirena hotsekin iragarritakoak. Ikusi zituen langileak fabriketarako bidean euren bizitza lantegiko ordulariak kontrolatuta. Eta ikusi zituen arbola baten itzalean etzandakoak, eguneko sargoria noiz igaro zain. Denboraren hamaika bideak eta bidezidorrak ganbararen lau haizetan barreiatuak zeuden eta hainbeste bidai eta urteen ondoren lanari ekiteko prest zegoen. Munduko denboraren mapa osatzen hasteko ordua zen. Nola ordea? Zein euskarri behar zuen? Geografi mapak eskala ezberdinetan egiten zituzten; zein eskala izan dezake denborak? Denbora gizakiaren asmakizuna bada, eskala ezberdinetan errepresenta ote daiteke?

            Hilabeteak zeramatzan paper, irudi eta erloju artean. Une oro orduek kolpatzen zuten, munduko denbora ezberdinak gogora ekarriz. Orratzen pausuak, bihotzaren taupadekin etorri ziren bat. Segundoek bidaia etengabea egiten zuten bere baitan. Hotzak iragarri zion negua sartu zela. Urteak berea eman zuela. Kaleko algarek urte zaharren iragarpena egin zioten. Kanpandorreko erlojuaren kanpaiak urteko azken ordua kolpatzen hasi ziren. Gorputz osoan sumatzen zituen kolpeak, irmoak. Eta azkenarekin, Denboraren Mapa irudikatu zuen. Azkenengoak zuen mundurat igorri.

2014(e)ko abenduaren 27(a), larunbata

Ipuinen kolorea(k)

         Behin saiatu nintzen bilatzen ea zein ipuinean agertzen zen Printze Urdina, esan nahi dut, zein bertsio tradizionalean, ez haurrentzat moldatutako edizioetan, edo halakorik. Bilduma batera jo, bestera jo; Grimm, Perrault, Afanasiev, Barandiaran, Amades, Azkue, Webster… Ez nuen topatu. Zalantza izan nuen ea ondo begiratu ote nuen, ipuinen batek ihes egin ote zidan. Baina ezer ez, inondik inora ez nuen topatu ditxosozko Printze Urdin hori. Jakina, hamaika printze eta printzesa topatu nuen, errege eta erregina, mutil eta neska pobreak, haur zoritxarreko eta zorioneko, baina Printze Urdina… Orduan, zein zirrikitutik irristatuko ote zen ahozko tradizioak utzi dizkigun ipuinetan? Eta Printzesa Arrosak? Tradizioko ipuinetan ez dira horrela agertzen behintzat. Nork asmatu ote du kolore horiekin janztea?
         Polemika piztu da azken asteetan argitaletxe batek neskentzat eta mutilentzat berezitako ipuin bildumagatik. Neskentzat arrosa koloreko portadarekin eta mutilentzat urdin kolorekoa. Argitaletxeak esan du ez dituela edizio gehiago aterako; hala ere, badirela hiru urte saltzen dituela eta harrera ona izan dutela. Zein irizpide erabili dute, ordea, editoreek bereizketa horretan? Zein irizpide erabili dute erosleek liburu horiek erosteko?

         Ez dut uste arazoa koloreena denik bakarrik, are latzago iruditzen zait kontua. Kulturaren merkatuaren legeak kontsumo gordinean oinarrituz gero, irizpide kritikoak ezabatuz gero, jendarte ahul, ezjakin eta menpekoa eraikiko dugu. Betaurreko koloretsuak jantzi behar ditugu, belarri koloretsuak margotu. Merkatuari gure legeak jarri. Printze Urdina eta Printzesa Arrosa ez dira inon ageri, zin dagizuet.

2014(e)ko azaroaren 21(a), ostirala

Gigi Bigot-en mintzo sinbolikoa

Pertsona humanook galdera eta kezken artean hazten gara. Zergatik? galdera haurren etengabeko erretolika da. Handitzen garen bezala badirudi galdetzea ahazten zaigula, bizitzaren erritmoak, edo auskalo zerk, galderak, kuriositatea alegia, erdoiltzen joaten zaigu eta orduan, ahazten dugu gure bizitza lurtarra izateaz gain izartsua ere badela. errealitatea eta ametsen artean bizi garela. Etengabeko galdetegia da gure bizitza, etengabeko bilaketa, gure existentziaren arrazoi bila. Haurrak ere horretan dihardu etengabe, zer gertatzen zaion, zer gertatzen den bere inguruan ulertu nahian. Eta ipuinek bere baitan hainbat eta hainbat erantzunekin datozkigu. hara hor ipuinen indar sinbolikoa, ametsen parekoa.
Gigi Bigot kontalari bretaindarrak, guzti horren bueltan aritu zen Donibane Lohitzunen antolatutako Festi-Contes jaialdian. "Les pieds sur terre, la tête dans les étoiles" mintzaldi arras interesgarrian kontu zaharren garrantzia aipatu zuen eguneroko heziketan eta imajinario baten eraiketan. Haurraren galderen, beldurren, ezinegonen bilaketa gisa goraipatu zituen ipuinak. Errealitatea eta fikzioaren arteko harreman orekatuan, elkar elikatze bat emango da bizitzan aitzina egiteko orduan. Mintzaldiaren izenburan aipatzen den bezala, errealitatetik ezin dugu ihes egin, baina beharrezkoa dugu imajinario baten indarra. Oinak lurrean eta burua izarretan. Ipuinak ikasbide aproposa izan daitezke bidaia honetan. Bizitzaren bidaian.

2014(e)ko urriaren 6(a), astelehena

Kritikak

            Espainian, 1981ean izan zen estatu kolpean ospetsuak egin ziren hainbat esaera, horien artean hau: "Ni está ni se le espera". Orduko esaldi haiek, hau bezala, beste egoeratan erabili izan dira. Kontaketa ikuskarietan kritikoen agerpenaren zain egoterakoan esaterako, "Ez daude, ezta egongo ere". Zergatik ote?
           

            Kritikoen lana maiz kritikatua izan da sortzaileen artean; baina era berean, euren beharra aldarrikatzen da. Esan ohi da literatur kritikoa edo antzerki kritikoa, idazle edo antzezlari frustratuak direla, euren frustrazioak besteen lanen kontra bideratzen ditutelarik, bolizko dorretik mintzatzen direla. Izango da halakorik jakina; egia den bezala, badaudela kritiko zorrotzak baina era berean zentzuzko kritika ondo argumentatuak egiten dituztenak, sortzaileentzat ikasbide direnak, euren lan ildoak hobetzeko lagungarriak. Eta zaletuarentzat gogoetarako eta irizpideen lantzeko tresna. Kontalaritzarekin ordea, ez on ez txar, kritikarik batere ez da agertzen ohiko hedabideetan. Arte eszenikoen kritikoak ez dira agertzen kontaketa ikuskarietan, ezta arbuiatzeko ere. Hutsaren pareko bihurtzen dira kritikoentzat. Bi aldetako gogoeta ekarri beharko luke honek. Alde batetik kritikoena. Arte eszeniko honen gaineko desinteresa zerk bultzatzen du? Ezagutzen ote dute? Baina kontalariok ere gurea egin beharko genuke. Kritikoen errua ote da bakarrik? Eskaintzen dugun kontalaritzaren irudia interesgarria al da arte eszenikoen munduan? Geure ikuskariak non, nola zein helburuarekin aurkezten ditugu? Kritikak aldarrikatu behar ditugu, baina baita eskaintzen dugunaren gaineko gogoeta egin.

2014(e)ko urriaren 5(a), igandea

Zer gara gu?

         Alfonso Sastre idazle eta antzerkigileak kontatzen zuen bera arraro samar sentitzen zela bere lanbidea zela eta. Zioen idazleen artean antzerki gizontzat hartzen zutenez, beste “talde” bateko zela. Antzerkizaleentzat, berriz, idazlea zenez, berdin beste “talde” batekoa. Berak, ordea, ez zuen halako sentipen kontrajarririk, izan ere berak idazletzat hartzen du bere burua eta, era berean, antzerki mundukoa; kontradikziorik ez du ikusten, detaile txiki bategatik: “Nik esateko idazten dut antzerkia, ez irakurtzeko”, zioen. Ulergarria egiten zitzaidan.
         Kontalariak antzeko bidegurutzean jartzen gaituzte. Arte eszenikoen munduan, literaturan gabiltzan pertsonak gara. Literaturaren munduan, bestalde, eszenatoki batean agertzen garen ipuin egileak gara. Jakina, gauzak ez dira txuri edo beltz, baina halako zerbait gertatzen dela esan genezake. Orain eskola zein liburutegien denboraldia hasi delarik; kontalariok, bai batzuetatik zein bestetatik, deiak jasotzen hasi ohi gara, beti ere bi helburu nagusi direlarik: irakurzaletasuna bultzatzea, batetik; eta bestetik, euskararen erabilera indartzea. Hirugarren bat ere aipa dezakegu: giza baloreetan heztea haurrak. Hirutasun santu horretatik at, kontalaritza, berez, helburu dutenak gutxi izango dira. Eta. Jakina, gehien gehienak haurrei zuzenduak.

         Baina arte eszenikoen jaialdiak antolatzerakoan ere, kontalaritza ez da kontuan hartuko, baldin eta haurrentzat zerbait egiteko. Nonbait kontalaritza beste “talde” bateko adierazpen artistikoa d. Eta horrela ibiltzen gara, bi uren artean nortasun propioaren aldarrikapenean, galdera existentzialak itota: “Baina, zer gara gu?”

2014(e)ko irailaren 10(a), asteazkena

Estropadak

            Hamaika aldiz entzuna dugu etxan, txikitatik. Pasai Donibanek Kontxako bandera Oriori irabazi zionekoa. Minutu erdia aterata! 1956an izan zen. Bertan ikusi ez izanak ez du esan nahi ikusi ez nuenik. Aitaren kontakizuna trainerutik eta amarena lehorretik, lehiaketa haren bizipenak bertatik bertara ikustea bezalakoa da.  "Gabinok patroiari abisatzen zion zetorren olatua noiz hartu". Eta olatua gainean ziztuan zihoan trainerua. "Harrigarria zen nola hartzen zituzten olatuak, airean". Aitak barrutik, amak kanpotik, bi kontakizunak elkarturik estropada hura imajina zenezakeen, Kontxako badiako espektakulo zoragarri hura. Oraindik munduan ez baginen ere, emozio horiek bizi ditzakegu kontakizun benetako bati esker.
            Angel Cappa futbol entrenatzaile argentinarrak antzeko emozioak islatzen ditu La Intimidad del futbol, liburuan. Txikitan etxeko sukaldean entzundako irratiko kontakizunek Buenos Aireseko estadiora eramaten zuten. "Partida imajinatzen zenuen kontakizuna entzuterakoan. "Cecconatok dauka... eskubitik hartzen du... gizon bati izkin egin... Grillok ezkerretik eskatzen dio..." Eta ikusi egiten zenuen Cecconato pilota eramaten eta Grillo bakarrik ezkerretik sartzen".

            Kontakizun batek beste lekuetara, beste garaietara eraman gaitzake, bertan egongo bagina bezala. Eta gure barnean emozioak piztu. Kontalariak kontakizunak eskaintzen dizkio entzun nahi duenari, baina entzule hori ez badu beste lekuetara, beste garaietara eramaten, berak ez badu bidaia hori egin, zertarako kontatu? "Irratiak gu  ameslariak egitearen errua dauka ere, ilusioak bizi izanarena", dio Cappak. Kontaketak hori behar du.