2013(e)ko abenduaren 24(a), asteartea

Burmuina

Txiste baten hasiera dirudi. Behin bertsolari bat, kantari bat eta kontalari bat burmuinaren ahalmenen ikerlari batekin ari ginen hizketan. Bertsotan aritutakoan burmuinaren zein alde eta nola jartzen diren martxan, bertsolariarekin egin zuten burmuinaren ikerketaren harira hasi ginen. Ikerketa interesgarria, eta jakina, kuriositatea piztu zitzaigun, gutako bakoitzaren jardun sortzailean burmuinaren funtzionamendua nolakoa izango ote zen jakinminez. Oroitzearen eta ideien lotzea ziren gai interesgarrienak. Berdin erabiltzen dugu oroimena? Bertsolariak eta kontalariak, inprobisatzearen eraginez edo, zaila genuen, esaterako, kantak buruz ikastea, aldiz oroimeneko kutxako osagarriak erabiltzen, konbinazio ezinezkoak egiten arazorik ez geneukan. Kantariak berriz orain dela hogei urte ikasitako kanta goitik behera errepikatzeko gai zen. Ikerlariak horren arrazoia azaltzen zigun. Kortis frontala, burmuinaren plastizitatea, eskuin aldea eta ezkerraren arteko elkar lana, sinapsiak, proteinak..., ahorik ahora zebiltzan. Zaletua bertsolariak botako duen bertsoaren zain dagoen bezala, han geunden gu, gure burmuinen bitxikeriak entzuten, zientzia eta kultura bide paraleloak ez direnaren seinale, bidaide baizik.
Behin baino gehiagotan galdetzen didate nola egiten dudan hainbeste ipuin buruan gordetzeko, gogoratzeko. Egia esan, erantzun ohi dut, ez ditut gogoratzen, kanta bat edo errezo bat gogoratzen den moduan. Ipuinak buruko auskalo zein lekutan daude eta kontatzen hasita irteten joaten dira, baina ez beti berdin, beti gehitzen edo kentzen diozu zerbait, kontaketa aurrera doan bezala esaten ari zarenarekin beste ideia edo irudia etortzen delako burura eta ondoren mingainera. Zergatik gertatzen den hori horrela? Burmuinaren lurralde fantastikoan hainbat istorio gertatzen ari direlako segur aski. Eta kontalaria harrapatzen dute. 

GARA egunkarian argitaratutako zutabea

iruzkinik ez: