2013(e)ko azaroaren 27(a), asteazkena

Bertsoa vs ipuina

Behin, Hendaiako Ikastolaren eskutik, bertsoak eta ipuinak aurrez aurre jartzeko aukera ederra izan genuen, Amets Arzalluz bertsotan eta ni kontaketan. Prozedura sinplea zen, batak besteari erantzun behar genion bakoitzak bere eremutik. Arrunt interesgarria, baina era berean zaila. Ipuin bat kontatzen hasi nintzen, ondoren ipuinari bertsotan erantzun behar Ametsek, eta segidan nik beste ipuin bat hari erantzuten. Eta joan etorri honetan egin genuen saioa. Tarteka izerdi hotzak errekorritzen zidan bizkarra, bertsoa entzun bitartean zein ipuin kontatuko ote nuen erabakitzen eta buruko ganbara hankaz gora jartzen. Pentsatzen nuen bertsolariak errazago izango zuela,  bestelako inprobisaketak aritzen baitira; ordea, Ametsek komentatu zidan berarentzat ere konplikatua zela ipuina entzun bitartean zeri heldu bertsoa osatzeko ondoren. Beraz, biontzat ariketa ederra bihurtu zen lehia, ahozkotasuna puri purian landuz.
Bertsoa eta kontaketa ahozkotasunaren ikur nagusiak izango dira seguraski, bata erriman eta bestea prosan garatuz, baina beti ere mundu berdinaren azalpen artistiko aspaldikoak. Ahozkotasuna mendetan eta mendetan jendarte baten adierazbide bakarra izan dugu, eta ahoz aho hainbat jakinduri transmititzen joan dira, are gehiago euskaldunon artean, gure hizkuntzan alfabetizatzea ukatu izan zaiguna. Bertsogintza zein kontalaritza jakinduria horiek transmititzeko tresna izateaz gain sormen artistikorako tresna garrantzitsuak izan dira. Gaur egun, ahozkotasunaren bi azalpen artistiko hauek garaikidetasunera heldu dira eta bide horretatik ekiten diote, alegia, ez dute garai bateko funtzioa betetzen bere osotasunean, beste edozein sormen artistikoaren bidetik abiatzen baitira. Biak elkarren aurrean jartzea, ahozkotasunaren indarraren isla litzateke.

iruzkinik ez: