2013(e)ko ekainaren 18(a), asteartea

Bisitaldi kontatuak




Historiaren istorioak aipatu ohi dira gizakiaren eboluzio soziala ezagutzeko modu alaiago gisa. Azken aldian ere gero eta gehiago entzuten da ahozko historia jasotzearen garrantzia, alegia, historiadoreek liburuetan jasotakoaz gain, une historikoak zuzenean bizitakoen testigantzak; esaterako, Gernikako bonbardaketa bertatik bizi izandakoen ahozko historia.
Historia ezagutzeko modu bat izan ohi dira bisitaldi gidatuak. Halako hirira joan eta, taldean, gida baten laguntzaz bertako leku historikoetatik paseatu bitartean, horien gaineko azalpenak jaso. Halakoak helburu akademikoa baino aisialdirako proposamena izaten da, bisitarien aldetik behintzat. Batzuek bizi diren herria edo hiriaren historiaren ezagutzea bilatuko dute, beste batzuek, ordea, bisitatzen ari diren lekua ezagutzeko jakinmina izango dute.  Halako bisitaldien ohiko arazoa izaten da azalpenak gaizki ulertutako eredu akademizista jarraitzen dutela, alegia, datuen zerrendatzea eta narrazio hotz zein funtzionala. Gainera gidariak, agian azalpenen gainean prestatuak egongo dira (ez beti), baina ez hainbeste ahozko transmisioan prestatuak, oinarrizkoa izan beharko lukeena halako ekintza batean.
Bestelako eredua eskaintzen digute ordea, Logroñoko La Compañia del Saco taldearen lagunek. Errioxako hiriburuan gidatzen duten Visitas Narradas a los espacios del vino deitutako ekitaldian, azalpen historikoak istorioen, pasadizoen eta kontuekin tartekatzen dituzte, kantuekin, erromantzeekin eta txotxongiloekin batera. Bisitaldia ez da bakarrik izango datu historikoen zerendatzea, unean uneko girotzea ere izango da, ahozkotasunaren indarrak bisitariak harrapaten dituelarik. Bisitaldia amaitutakoan, partaideek ez dituzte datu historikoak besterik jasoko, aitzitik historia ezagutuko dute une gozagarria igaroz. Bertaratutakoek historiaren ederra deskubrituko dute, belarriak gozatuz.  Izan ere kontakizunek gure baitara eramango gaituzte, gure barne historiara.


iruzkinik ez: