2009(e)ko urriaren 27(a), asteartea

Kontatzea eta komunikatzea

Kontalaritza ahozkotasuna da; edo, behintzat, ahozkotasunaren esparru bat. Bien definizioa zaila bezain korapilatsua da, baina, agian horregatik, interesgarria da gogoetarako eskaintzen duen bidea.
Aurrekoan Markinan egon nintzen Boni O'Fogo kontalari kamerundarraren saioa entzuten eta ikusten. Etxetik eta bere kulturatik jasotako tradizio baten jarraitzailea da Boni, kontaketarako abilidadean sumatzen zaiolarik jende aurreko saioetan bezala, zerbeza baten bueltan ere. Aipatu saioa Senegaleri dedikatutako ekitaldien barnean eman zen. Bera kamerundarra izanik ederki argitu zuen zergatik Senegaleko istorioak kontatu behar zituen. Kamerundarra izanagatik batez ere afrikarra zela aipatu zuen, eta hortik aurrera Afrikaren aldeko aldarria izan zen bere saioa. Ahatik, horrek ez zuen ipuin kontaketaren bidea ezabatu indartu baizik. Amaitutakoan, aipatu nion erdi txantxetan, bazirudiela Afrikaren aldeko hitzaldia zirudiela, ipuinekin apaindua, ipuin saio bat baino, baina oso gogokoa izan nuela. Ados etorri ginen biak, ipuin kontaketa ez dela bakarrik ipuin batzuen besterik gabeko agerpena, jendearekin komunikazio jarduna baizik, eta horren barruan ipuinaz gain bestelako bideak jorratzen direla. Digresioak, ipuinak datozen kulturaren azalpenak, kontalariari une horretan etortzen zaizkion komentarioak eta, kasu hoentan, Afrikaren inguruko gorabeherak. Eta inor ez zen dezepzionatuta irten. Izan ere, ipuinak kontatzea komunikatzea da eta horrek emango dio indarra. Kontatzea ez luke bakarrik izan behar, ipuin bat beste baten atzetik botatzea, ikasbidea ere bada, gogoetarako bidea.
Bonik ederki frogatu zigun ipuinak, berekin dakarrela mundu bat. Ipuinek mundu hori ulertzen eta ezagutzen lagunduko digute. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da ipuinak kontatzen dituenak, munduan jazotzen diren gertaera harrigarriekin jakinmina izatea, horien gainean gogoeta eginaz. Bestela, lagun batek esan ohi duen moduan, gorringorik gabeko arraultza izango dugu.

iruzkinik ez: