2009(e)ko maiatzaren 30(a), larunbata

Munduko onena?


Nik ez dakit, egunotan idatzita irakurri dudanez, Alfonso Sastre bizirik dagoen munduko antzerkigilerik onena ote den, nire antzerki ezagutza askoz ere murritzagoa baita. Hala ere gehitxo iruditzen zait, izan ere mundua oso zabala da eta gustuak are zabalagoak. Gainera halako baieztapenak edo sailkatzeak ez dut uste egokiegiak direnik, nolabaiteko lehiaketa merke batean sartzea da eta. Bestalde, iruditzen zait askotan egilearekiko hurbiltasunak ekartzen duela halako ustea. Baina, orain dela urte pare bat edo, “¿Dónde estás, Ulalume, dónde estás?” antzezlana taula gainean ikustean antzerki testu zoragarria sartu zitzaidan larruazalean barrena. Maisu lana. Izan ere Sastrek antzerkiaren hariak josten benetako artista dugu. Erritmoak, pertsonaien izaerak, hizkuntzaren erabilera eta irudimena, guzti horiek Alfonsoren edozein lanetan maisuki ikusiko ditugu agertzen.

Ez dakit Alfonso Sastre bizirik dagoen munduko antzerkigilerik onena ote den, baina “Un drama titulado No” irakurtzean pertsona humanoen barne gatazkak agerian ikusiko ditugu, pertsonaia humano baten ahotik. Bere laburrean, Sastrek neurona guztiak dantzan jarriko dizkigu, gogoetarako bidea emanez. Asmatzen duen pertsonaiaren desesperazioa erakusten digu, egileak bere buruaz beste egin dezan erabaki duelako; orduan errebelatu egiten da pertsonaia, egilearen erabaki horri aurre eginaz. Eta pertsonaia pertsona bihurtzen da, bizitzaren patua bere esku hartu nahi duena.

Ez dakit Alfonso Sastre bizirik dagoen munduko antzerkigilerik onena ote den, baina bere antzerki lanak ikusteko aukera eskasak ernegatzen nau. Ernegatzen nau paperean ezagututako pertsonaiak ezin bizirik ikusi eskenatoki batean. Ernegatzen nau, hain maisuki erabiltzen duen gaztelera ezin entzun pertsonaia humanoen ahoetatik. Ernegatzen nau kultura ahotik ahora darabilen jende askok “entzunez” bakarrik ezagutzea Alfonso Sastre.

Ez dakit Alfonso Sastre bizirik dagoen munduko antzerkigilerik onena ote den, baina badakit eskubide osoa duela munduko bazter guztietan bere ideiak eta desirak aireratzeko. Eta orain, berriro, bere ahotsa isilarazi nahi dutenean bere idatzietara jotzen dut: “Yo, Señora Camelia, o señorita Camelia, querida amiga mía de esta tarde de muerte, pertenezco a la Anti-España y estoy desde antes de nacer y seguiré mañana, después de haberme muerto, en el contubernio judeo-masónico-rojo-separatista, que fue derrotado, ay de mí, que fuimos derrotados, en la guerra civil…española.” (Alfonso Sastre se suicida. Edit Hiru). Eta ernegatu eta amorratu beharko genuke demokrazia deitzen duten hau, diktaduran bezala, Sastreren ahotsa isilarazi nahia, “contubernioan” jarraitzeagatik. Munduko antzerkigilerik onena dela? Berak zer dio? “ No, señora. Del montón no. Yo soy uno de los trescientos mil mejores escritores de teatro que hay en el mundo”. Esaten genuena, Alfonso Sastre, bizirik dagoen munduko antzerkigilerik onena. Eta bere izena ozenki aldarrikatuko dugu.

HIKA aldizkarian argitaratua (2009, maiatza)

iruzkinik ez: