2009(e)ko maiatzaren 25(a), astelehena

Aneta Bokaleko

                  Hitz hauek idazten ari naizela Koldo Ameztoyk, Pantxix Bidart musikariarekin batera, bere azken ipuin ikuskaria aurkezten ariko da Alduden. Aneta bokaleko sormen lana, itsasoan barrena bidaiatzera gonbidatzen gaitu. Itsasoak euskaldunen historian bezala, imajinarioaren eraiketan izan duen garrantzia ez dugu orain asmatuko; Ternuarako bidaietan bezala, balearen arrantzan edo itsas ontzien eraikuntzan, euskaldunok izan duten garrantzia, historia soiletik harantz, hainbat eta hainbat kontakizunetan ikus daiteke. Kontalari baxenafarrak imajinario horretan murgiltzen da istorio, kantu eta poemen haritik. Ozeanoko bi muturrak elkartzen diren bezala, Atturri ibaietako bi aldeak ere elkartuko dira gaskoi eta euskaldun kulturak elkarren ondora ekarriz. Eta bidaien mundu erakargarrietatik eramango gaituzte Koldok zein Pantxixek.

         Kontalari hazpandarra kontatzen ikusi duenak jakingo du bere xamurtasunaz, baina batez ere bere profesionaltasunaz ipuin ikuskariak aurkezterakoan. Ikusi ez duenak, eta arte eszenikoak gogoko izanik, ez galtzeko aukera aholkatuko nioke. Ipuin kontaketaren bidean Koldo da Euskal Herrian aitzindari eta hasieratik erakutsi du (irakatsi gaitu), ipuinen kontaketa ez dela jardun txikia, bazterrekoa, haatik, bere lanetan gogoeta serioa sumatzen da, kontalaritzari dagokion lekua aldarrikatuz. Zoritxarrez oraindik orain, jarraitu behar dugu arte eszenikoen baitan dagokion lekua aireratzen, bazterreko bidetik irteten eta haurrentzat ez ezik, helduentzat ere ikuskariak direla ipuinekin burutzen direnak. Koldo Amestoyk hogeita bost urte darama bazterrik bazter bere lanak erakusten. Euskal Herrian makina bat herri korritu ditu, baina baita beste hainbat herrialdetan. Frantzian esaterako, kontalari ezaguna eta ezagutua da. Baionako antzokian behin baino gehiagotan aurkeztu ditu ikuskari ederrak. Bidasoaren alde honetan, baina, zaila da antzokiak zabaltzea ipuin ikuskariak aurkezteko. Ez zaizkie behar besteko garrantzia ematen eta maiz ikusten ditugu ipuinak haurren heziketarako laguntzaile, edo, besterik gabe, denbora pasa arina moduan. Kosta egiten da ulertaraztea ipuin kontaketa sormen jardun bat dela, proposamen artistikoa, antzerkia, dantza, literatura edo musikaren pare. Mesede txarra egingo genioke Euskal Herrian bizitzen ahalegintzen den kulturgintzari, Koldo Amestoyk aurkezten dituen ikuskariei dagozkien eskenatokia eskainiko ez bagenie.

 

iruzkinik ez: