2008(e)ko urriaren 7(a), asteartea

Euskal Kontalarien III Festa


Getxo Kontari 06 eta Bazen Behin...Aramaion 07 ospatu ondoren, euskal kontalariok hirugarrenez lortu dugu gure festa antolatzea: Bazen Behin...Pasaia Donibanen 08. Hiri girotik, mendialdera eta aurten itsas bazterrera jo dugu. Eguraldi ederra lagun eta Pasaia Donibaneren edertasunarekin gozatuz, Euskal Herriko hainbat txokotako hogeita bost kontalari bildu ginen bakoitzak bere ipuinak eskainiz, norberak bere estiloan. Ezin ahaztu Kantabriatik etorritako Alberto Sebastian bertakoak bezala animatu baitzen kontu kontari. Eguerdian hasi zen festa, itsasoa eta mendiaren artean luzatzen den kalean barrena sakabanaturik erakusketa ezberdinak eskaini ziren. Ipuin poteoan, ipuinen orakuloan, ipuin txokoan, ipuinen fabrika, ipuin musikatuak eta txalupan igota Pasaiako badian paseatuz ipuinak olatuen kulunkan, entzun ahal izan ziren kontakizun ederrak.
Bazkari ederra eta goxoa (entsalada epela zorgarria, marmitakoa mundiala eta gazta fina) ere aukera polita izan zen kantari eta kontari aritzeko. Itsas Mendi elkartekoei eskerrak behin eta berriro eman genizkien hain harrera ona egiteagatik, eta halako bazkaria prestatzegatik. Elkarteko txistulariei beste hainbeste, ipuin poteoa txistuaren doinuaz alaitu baitzuten. Eta berdin Albaola untziolako lagunak inongo arazorik gabe beren txokoa eskaini baitziguten ipuinak kontatzeko.
Arratsaldean paseo polita eta ederra egin genuen itsas bazterrean nahiko jende bilduta. Albokaren doinuaz abiatu eta tartean ipuinak kontatuz, ingelesez ere entzun ahal izan zirelarik. Bazkal osteko osteratxo ederra, siestaren faltan. Eta ondoren, txoko ezberdinetan ipuinak entzun ziren. Bisitariek bapatean topatu zituzten kontalariak euren artea erakusten. Ilunabarra heldu zelarik amaiera ere heldu zen. Seguraski batek baino gehiagok amets goxoak izango zituen ipuinak gogoan.
Baina Euskal Kontalarien festa guzti hori baino askoz gehiago da guretzat. Festa honen bitartez euskal kontalariok geure burua ezagutzera eman nahi dugu, euskal arte eszenikoetan lanean ari den kolektibo bat garela aireratu nahi dugu, geure behar eta aportazioekin. Askotan ipuin kontalaritza haurrei zuzendutako jarduna moduan agertu ohi da, edo bestelako helburuak dituen jardun baten "osagarri" gisa. Gutxitan ikusten da ipuin kontaketa jardun artistiko gisa, berezkoa duen kultur jardun izaera, sormen artistikoaren eremuan. Kontalaritza gutxietsita ikusten dugu askotan dituen balore anitzak ezagutu gabe. Guzti horren aurrean kontalariok gure ahotsa ezagutarazi nahi izan dugu, Festa hau bide bat da, gainera ondoen dakiguna ibiliz, alegia, ipuinak kontatuz. Kulturaren beste arlotan bezala, arazoak handiak dira gurean ere: lan baldintzak, programazioetan irizpide eskasak, ezezagutza... Hala ere, negar malkotan hasi baino nahiago dugu festa antolatu, istorio ederrak kontatu, hitzaren magian murgildu, irudimenaz busti kale kantoiak eta arimak.
Eta Pasaia Donibanen egon ez zirenak ez dakite zer galdu zuten. Eta han egon ginenok badakigu logika bat dugun bezala, fantastika bat bagenu, imajinatzeko artea deskubrituko genukeela.
Hala bazan, hala bedi.







iruzkinik ez: