viernes, 7 de octubre de 2016

BAI

         Kontalaritza jaialdira heldu eta lehenengo gaua Bogotako auzo bateko etxetxo batean eman genuen. “Arratsaldean elkartze bat egingo dugu gerrak desplazatutako indigena batzuekin, beraiekin egon berriketan, musika entzuten, nahi duzu etorri?”, esan zidan Hannak, jaialdiaren antolatzaileak. Nekatuta nengoen bidaiarekin, baina ezin aukera pasatzen utzi, pentsatuz ordu pare bateko gauza izango zela. “Ez, ez; etortzen bazara gaua emateko da”. Noiz izango dut halako aukera?-pentsatu nuen; eta nekeak ahaztuta abiatu ginen, zerekin topatuko nintzen irrikitan. Aldapa gora, eta gora, igo. Eta gorago, han geneukan hitzordua. Kuadrila ederra elkartu ginen gela bakarreko etxetxo soil hartan. Mendi aldekoak ziren indigenak, eta gerrak bultzatu zituen hiriburura. Ez nekien nola pasako nituen orduak han, ezezagunen artean, egoera berri eta bitxi hartan. Berriketa, indigenak dantza, pasadizoak, chicha, zerbezak, nire bizitzan hartu dudan arrain zopa bitxiena… Goizean irten ginen. Autobusa hartu eta hirira jaitsi. Dantzen pauso batzuk eta pasarteak neramatzan soinean. Hurrengo egunean jaialdiari hasiera eman genion.

         Kontatzen aritzeak ate ezezagunak zeharkatzeko aukera paregabeak eskaintzen ditu. Imajinario arrunt ezberdinetan murgiltzeko oparia. Kontatzea mundua begiratzea da, ikusitako jaso eta fantastikaren hitzekin kontatu. Kolonbian, ordea, negarra ari du. Bake akordioei ezezkoa eman diete. Nola kontatu hori amaigabeko aldaparen amaieran beren bizilekutik urrun bizirauten dutenei.

No hay comentarios: