2008(e)ko otsailaren 21(a), osteguna

Tragedia bat izan al zen Babelekoa?

Kontalaria definitzen duen adierazpen baliabide garrantzitsuena hizkuntza zehatz batean emandako mintzamena da. Argi dago. Argi dago ere erabilitako hizkuntza hori kontalaria entzuten ari den jendeak ulertu behar duela, kontatutako istorioa zuzen jarraitu ahal izateko behintzat. Baina baita ere, erabilitako hizkuntzaren ezagutza zabalagoak kontaketaren ahozko adierazpen aberatsagoa eskainiko dio kontalariari, narrazioari kutsu berezia emanez eta kontatzearen artea bezala definituko dena. Hau ezinbestekoa izango da entzule harrapatu nahi izanez gero. Dena dela, gerta daiteke narratzaile batek ondoegi ezagutzen ez duen edo ohikoa ez duen hizkuntza batean kontatzea, orduan bestelako adierazpen baliabideak erabiliko ditu eskasi hori gainditzeko, eta trebetasunez erabiliz gero publikoarengana heltzea lortuko du; baina, ai! hizkuntza esanaren edertasuna hankamotz geldituko da. Hala ere, ezingo da esan ohikoa ez duen hizkuntza batean kontatzen duen pertsona horrek adierazpen ahalmen aberatsik ez duenik. Gaur egun ez da harritzekoa bere jardunean hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen dituzten narratzaileak ikustea. Penintsulan ohikoa da gaztelania erabiltzearekin batera, bertan bizirik dirauten beste hizkuntzak entzutea: euskara, katalana, gailegoa, asturianoa... Bestalde, badira narratzaile batzuek gaztelaniaz gain Europako beste hizkuntzak erabiltzen dituztenak, adibidez, frantsesa, italiera edo ingelesa. Badira ere, europarrak ez diren hizkuntza erabiltzen dituztenak, hala nola, Afrikako wolof, amazig edo arabiarra; Asiako japoniarra. Ikusten dugunez ez da harritzekoa kontalari askok bi hizkuntza edo gehiago lan adierazpen tresna bezala edukitzea. Horietako bat etxekoa izango da eta bestea besoetakoa, baina biak izango ditu bere istorioak azaltzeko bidea. Hizkuntza hauen ezagutza zabalagoak lagunduko die kontaketa arinago eta ñabarduretan aberatsago izaten. Honekin jabetzeak bultzatuko gaitu kontatzen diren hizkuntzen ikerketan eta ezagutzan. Baina guzti hau bagenekien.
Galdera da ea hizkuntza ezberdinetan kontatzerakoan abiapuntu berdinetik abiatzen ote garen. Berdina al da okzitanieraz edo frantsesez kontatzea? Edo ingelesean eta gaelikoan? Kontatzeko orduan gailegoa lehenengo hizkuntza duenak, gazteleraz kontatzen duenaren hizkuntza baldintza berdinetik abiatuko ote da? Ipuin kontaketaren hizkuntzaren gaia aipatzerakoan, askotan bazterrean uzten da oinarrizkoa den arazoa, alegia, ezin dugu ahaztu bizi garen jendarteetan hizkuntza batzuk beste batzuen gainetik jartzen direla. Egungo lurraldeen estatu antolaketan hizkuntza nagusi bat lehenesten da, normalean estatu administrazio zentralak erabili ohi duena, estatu aparatu horrek administratutako lurralde horretan diren beste hizkuntzen gainetik. Estatuen arabera hizkuntzen arteko elkar bizitza hori aldakorra da; onarpen ofizialetik erabateko ukazio arte doalarik. Gure kasuan, Espainiako Erresuman, Gaztelako hizkuntza ezartzen da amankomuna eta guztiok ikasi beharrekoa. Bestalde, bizirik dirauten lurraldeetan beste hiru hizkuntza koofizialtzat hartzen dira (Valentzianoa katalana onartzen ez dutenentzat laugarrena litzateke, baina hori ez dugu orain aztertuko); onarpen honek ez du esan nahi arazorik ez dagoenik, hor dugu Nafarroako kasua, edo Aragoiko Franxa edo Leoneko Bierzo, besteen artean. Lurralde hauetan onartzen da hizkuntza horien ezagutza eta erabilpena. Hizkuntza arazoaren gaineko ulertezintasunak eta ezezagutzak, edo besterik gabe diskriminazioak, eragin izan du gaia agertzen denean politikaren eremura eramatea, bestelako gogoetari ateak itxiz. Azalpen guzti hauek aztertzen ari garen gaiarekin zerikusirik ez dutela iruditu arren, hasieran esan dugun bezala, eta horregatik tematia izatea, ezin dugu ahaztu kontalaria hitza duela lan tresna, eta hitza hizkuntza zehatz batean esaten dela, eta hizkuntza hori askatasun osoz garatzeko behar bezalako bermeak eta baldintzak ez baditu, narratzaileak, hizkuntza horren erabiltzailea den aldetik, zailtasunak izango ditu hizkuntza baliabideak normalki garatzeko, ondorioz bere kontaketa hankamotz gelditzeko arriskuan dagoela. Norbaitek pentsatuko du, arrazoi osoz, hizkuntzaren aberastea narratzailearen beraren lana dela, horretan jardun beharko duelarik; baina arazoa dator narratzaile horrek erabiltzen duen hizkuntza ez denean askotan autoizendatuta entzun izan dugun “kultu” horietakoa, hau da, estatu-nazioaren lurraldean ofizialak direnak eta ofizialki mendetan bultzatu izan direnak, “periferikoak” omen diren horiek baztertuz.
Guzti honengatik, hizkuntza “periferikoen” egoera zein garapenaren aurrean ezin dugu hizkuntza ezberdinetan kontatzearen gaia abiapuntu berdinetik azaldu. Ezin dugu honi buruz hitz egin kontuan hartu gabe mendeetan barrena hutsaren pare hartuak izan diren hizkuntza horien hiztunek bizi izan dugun egoera diglosikoa. “Berriketa” propio baten bilaketa, egungo jendarteari moldatzen dena, “berriketa” normalizatu bat, estandarizatuta, hizkuntzarekin modu naturalean jolastea ahalbidetzen diguna, zuzentasun gramatikala behartuegia izan gabe, ezta ere lurraldea eta bizitza konpartitzen dugun beste hizkuntza nagusien eraginagatik desnaturalizatuta; guzti honek eskatzen du lan eta ardura estra bat, kontalari jardunak eskatzen duenaz gain. Are garrantzitsuagoa da hau gazteekin aritutakoan, kasu honetan gero eta gehiago beharrezkoa izaten baita bizimodu urbano bati lotutako hizkera bat erabili eta menperatzea, adinarekin bat datozen bizimodu eta esperientzia pertsonalak azaltzen duen hizkeraren garapena.
Gutxietsitako hizkuntzaren bat erabiltzen duen kontalariak baldintza hauek hartu beharko ditu kontuan, nahi badu behintzat bere lana jendarte moderno batean komunikazio bide berri eta egiantzekoak bilatu nahi dituen hizkuntzan oinarritu dadin; jendarte batean non, gezurra badirudi ere, ahozko komunikazioa pèrtsonen arteko harremanen oinarria izaten jarraitzen duen. Istorioak, ipuinak eta bestelako ahozko jardunak hizkuntza horren beharrean daude, ez jendarte eleanitzari kolorea emango dion erakusleiho gisa, baizik jendarte moderno baten benetako komunikazio tresna bezala. Gure ofizioan bi hizkuntza erabiltzen ditugun kontalariok, horietako bat normalizazio arazoei aurre egin nahian dabilena izanik, kontzientzia hartu beharko genuke eta aurre egin, izan ere hizkuntza horren egoera berak beste hizkuntzak ez dituen arazoen aurrean jartzen gaituelako. Nagusiki euskaraz kontatzen duen narratzailea naizen aldetik beharrezkoa dut hizkuntzaren konpromizua hartzea, ez ikuspegi politiko batetik soilik, baina batez ere alde kultural zein profesionaletik. Mintzamena nire lanaren oinarria izanik eta erabilitako mintzoetako bat bestearen ondoan, gaztelania alegia, desberdintasun egoeran egonik, arazo hauei muzin egiteak kontaketa bera gutxiestea litzateke, eta era berean kontuan ez hartzea kultur izatea, eta hortaz hizkuntzarena, bizi garen jendartearen parte dela.
Eta orduan ni han nintzen.

Joxemari Carrere Zabala. Ipuin kontalaria
Oharra: Testu hau Lugoko Mondoñedon antolatutako Kontalarien bigarren topaketan egindako “Istorio bat, bi hizkuntza” mahai inguruan aurkeztutakoa da.

iruzkinik ez: