2012(e)ko ekainaren 19(a), asteartea

Ipuinen misterioa

Beste urte batez Guadalajaratik (Espainia) itzulia egin dugu. Beste urte batez liluratuak Ipuinen Maratoiak biltzen duen jendearekin eta hiriak hartzen duen bizi pozarekin. Beste urte batez, aspaldiko lagunak agurtu, berriak egin, zerbezak konpartitu, berriketaldiak, ipuinak, lo eskasa. Ipuinekin goiz, arratsalde eta gauak bete dira. Plazak, kaleak, zokoak, jauregiak eta tabernak. Aurten Europako hainbat herrialdetik etorritako kontalariak euren ipuin misteriotsuak ekarri dituzte eta horien gainean bizpahiru egunez aritu dira, propio antolatutako mintegian, ipuinen misterio bideak zabaltzen. Eta, jakina, beste urte batez Guadalajaratik bueltan nekea ekarri dugu, baina baita ipuin berriak zakuan, ideia mordoak eta ikasbideak ere.
Hiru egunetan ezin ikusi kontalari guztien istorioak eta ikuskariak, deskantsurako beta ere hartu behar baita, zorionerako edo zoritxarrerako, ikusi nahiko zenituzkeen hainbat ikuskari galdu egiten baitituzu. Nik, bereziki, Pepito Mateo frantziarra ikusi nahi nuen, eta merezi izan zuen zinez.  Pepito Frantziako kontalaritza berriaren aintzindarietako bat da, eta bere lana arras interesgarria iruditzen zait. Guadalajaran ikusi genuen espektakuluan, istorio ederrez gain, eszena gainean duen abilezia erakutsi zigun. Eskenatoki hutsa goitik behera errekorrituz espazio imajinarioak irudikatu arazten dio ikusleari. Gorputzaren erabilera, itxuraz sinplea, baina lanketa sakonaren erakusle, dimentsio harrigarria ematen zion kontakizunari. Eszena gainean duen kontrola sekulakoa da eta horrek espektakulua erabat dinamizatzen du. Ez da kontalari estatiko bat, eszena erdian jarri eta ipuinak eskainiko dituena, aitzitik, espazio osoa berea egiten du, goitik behera, eskerretik eskuinera, eta une oroz ikuslearekin sortzen duen konplizitatea liluragarria da. Ikusi beharreko kontalaria.
Azken hogeita bat urtetan Guadalajarako liburutegiko lagunek antolatutako jaialdi honek kontagintzan izan duen  eragina ezinbestekoa  da. Ez da ipuinak entzuteko eta kontatzeko jailadi soila, topagune bat ere bada. Bertan, hango eta hemengo kontalariek egiten dugu topo, aspaldikoak eta hasi berriak. Eta guztia zaletasunaren indarrarekin antolatzen dute, askotan beharreko laguntza instituzionalak trabaz beterik heltzen baitira. Harrigarria da halako ekimen handiak nola ez duen sona gehiago hedabideetan, nola instituzioek ez duten beharko lukeen moduan hartzen. Zorionez liburutegiko lagunak ez dira kikiltzen eta aurrera egiten dute, jakinik herritarren zein kontalarien laguntza badutela. Izan ere kontalariok gurea bezala hartzen dugu, edo hartu beharko genuke, Ipuin Maratoi hau. Arnas bidea delako, gure hitzak esan eta berriz esan  ari delako. Ipuingintzak behar ditu halako ekimenak. Jendarteak behar ditu. Askotan entzun ohi da halako edo honako musika talde ospetsua bizitzan behin ikusi behar dela zuzenean; ba niretzat Guadalajarako Ipuin Maratoia  ikustea eta bertan parte hartzea, bizitzan behin edo bitan gozatu beharrekoa da. Joan eta damutu denik ez dut oraindaino inor ezagutu. 

Misterioaren ipuinak azaldu dira aurtengo Maratoian; agian benetako misterioa da hitz soilak, hitz biluziak pertsona humanoengan duen erakargarritasuna eta eragina. Ipuinak ez dira denbora pasa soila, gure izatearen misterioa argitzen laguntzen dizkiguten kontakizun liluragarriak baizik.

2012(e)ko maiatzaren 30(a), asteazkena

Hitzen perratokitik


         Udaletxeko plaza honetatik behera, hegoalderantz tipi-tapa joan eta joan, joan eta joan, joaten bazarete, beti gorantz, Zamalbide eta Bentak pasata, Listorreta eta Barrengoloiatik gora, Susperregi ondotik, ba, Idoiara helduko zarete. Jakina tipi-tapa beharrean, brum-brum abiatu nahi izanez gero berdin helduko zarete Idoiara. Norberak aukeran.
         Hortik aurrera, derrigorrez, oin bat bestearen aurretik jarraitu beharko duzue. Eta segituan, Malbazarreko lepora ailegatuko zarete. Han, goiz helduz gero, egun ederrean, udazkenean, edo berdin udaberrian, hegoaldera begira jarrita, han behean Ainarbeko basoa sumatuko duzue, ez ikusi, sekulako lanbro itsasoak ezkutatu eta gordeko baitu; bitxi preziatua kotoi bigun eta txurian gordetzen den bezala.
         Oraindik, ordea, ez gara heldu. Eskuinerantz hartuko duzu, eta azken aldapa malkartsua (eta madarikatua, zergatik ez) gainditu ostean, Urdaburu mendian zaude. Mugetako mendia; mendi apala eta harroa era berean. Eta Espronceda poeta erromantiko espainiarraren (bere buruaz beste tiro batez egin zuena, erromantiko totalaren arima erakutsiz)Pirataren Kanta poema ospetsuaren antzera (“Asia a un lado, al otro Europa…”), Urumealdeko lurrak eta Oiartzunaldekoak zabalduko zaizkizu, eder eta sendo. Iparrera begiratuz berriz, poema horretan bezala (“y allá a su frente Estambul”), Orereta eremu porlaneztatua izango duzu. Katalejo indartsua bazeneuka (Google earth modukoa) kasko zaharrerantz zuzenduko zenuke. Kasko zaharrean taberna batean sartuko zinateke. Eguerdi partean, edo, agian, ilunabarrean. Bertan egonez gero ikusiko zenuke sartzen, eta entzungo ere, agur luzearekin: “Aaaaaio!”, azken o hori ederki markatuz.
         “Basoerdi bat, normala, arrunta. Zer egingo diogu ba, hau ere behar da, pozteko pixka bat, badakizu”. Hitzak motel, arrastaka bezala, erremerre, ahul antzera botako ditu. Imajinatzen duzu patrikan paper puxka bat, edo bi, izango dituela. Bertan poema bat eta olerki bat. Poema erdaraz. Olerkia euskaraz. Poemak porlana, asfaltoa, fabrika, langileria eta kalea hitzak izango ditu, segur aski. Olerkian, beharbada, mendia, natura, euskara, aberria agertuko dira. Bi mundu ezberdin balira bezala, bi hizkuntzetan, bi paperetan; patrika bakarrean ordea.
         “Bueno, joan beharko dugu, badakizu irratian badago zer eginik. Hori ezin da utzi!”
         Sta Klara kalearen amaieran bazen perratokia. Orain dela urte asko (edo ez hainbeste, badakizue, denboraren erlatibitatea…), burniak perrak bihurtzen entzuten zen, dinbilin-danbala. Behiak airean zapatak berritzen. Desagertu zen hura, ez ordea soinuaren hotsa, airean oraindik zabaltzen. Basoerdiaren ostean, hitzen perratokian, dinbilin-danbala, patrikatik papera atera eta, beharbada, nork jakin, Agustinek irakurriko zuen Urdaburu gainetik ikusitako munduaren eta bizitzaren lilura.

Agustin Sarasolaren omenez egindako ZNN jardunaldietan, Espaloietan Hitza ekitaldian irakurritako testua.

Profesionalak


Tarteka agertu ohi den eztabaida da, baina beti airean dagoena, profesionaltasunarena kontalaritzan. Nor ote profesional? Zer da profesionala izatea? Irtenbiderik gabeko bidea dirudi askotan, norberaren definizioa gailentzen delarik normalean. Hala ere, ez da makala auzia. Izan ere, bi aldetatik uler daiteke profesionala izatea. Alde batetik, kontalaritza ofizio gisa duenarena; eta bestetik, lana ondo egina izatearena. Askotan elkarren kontra daudela dirudien arren, batak ez du bestea kentzen. Baina arazoa ez da amaierarik gabeko eztabaida hau, bestelakoa baizik.
Zer gertatzen zaio, ordea, ipuin kontaketa ofizio gisa daukanari? Ofizioa diot bizibidea hori denean. Aipa genezake alde administratiboa, alegia, zergak eta horren inguruan ematen den auzia. Administrazio publikoa kultur mailan ia ugazaba bakarra den aldetik, zer-nolako baliabideak jartzen ditu kultur sortzaileen lana ahalik eta prekarietate txikienean egon dadin? Ikusi dugu, kultur aurrekontuak murriztu eta ordainketak atzeratu, esaterako. Hori guztia, labur esanda.
Bestalde, zer-nolako irudia dago zabalduta jendartean kontalarien gainean? Gutxi gorabehera ia denbora-pasa gisa egiten den jarduna eta batez ere, haurrak dibertitzeko baliagarria dena; eta jakina, horretan sos handirik ez du merezi gastatzea. Gainera hori ez da lana, afizioa baizik. Baina guztiok gure lana ahalik eta ondoen egin dezagun eskatzen digute, Jainkoak emandako ahalmena balitz bezala.
Profesionaltasuna, aipatu bi aldeetatik, guri eskatzea normala da. Baina gure aldetik ere «profesionaltasuna» eskatu beharko genieke gure ofizioaz ari direnei ere.

GARA egunkarian argitaratutako zutabea

2012(e)ko maiatzaren 15(a), asteartea

Oroimeneko Portuak


        Txikitatik maite izan dut Sanjuaneko plazan, edo Bonantza pasealekuan jarrita, merkanteak eta baporeak pasatzen begiratzea. Itsasoak lurraren barnera egiten duen kanal estu horretatik pasatzerakoan gertu gertu ikusten dituzu. Kanporantz doazela, bokanatik kanpo, pentsatzen duzu nora ote doazen, zein urrutiko lurraldeetara, zer nolako itsas bidaia izango dute itsasertzean galtzen direlarik. Eta sartzen direlarik, nongo notiziak ekarriko ote dituzte? Ternuatik garai batean etortzen ziren bouak, hilabeteak munduaren bestaldeko itsas izoztuetan eman eta gero, bakailaoez gain, kontakizun harrigarriak ekartzen zituzten. Ternuako itsas lanbrotsu eta izoztuan galdutako txalupan jasotako marinelarena esaterako.
         Kontalarioi egiten diguten ohiko galdera izaten da, ea nola demontre gogora dezakegu hainbeste ipuin. Nik, oroitzen ez ditudala erantzuten dut, buruan daudela, txokoren batean, eta behar denean irteten direla. Orduan, ipuinak bere bidaia egiten du eta hitzak dira ipuin hori daramaten baporea. Bestetan kontrako bidea egiten dute. Istorio bat beste baten ahotik entzun eta memoriaren itsas bide horretatik sartzen joaten da nire oroimenean lehorreratu arte.
         Ipuinak oroimeneko portuan imajinatzen ditut nik, noiz itsasoratzeko zain. Pasaiako portuan bezala, bokanatik aurrera itsas zabalera abiatzen direnean, badakizu zein den bere zama, badakizu zein beste portura doazen, ez dakizu, ordea, bidaian izango dituzten gora beherak. Kontalariaren lana izango da, lehorretik begira dagoenari itsasoan barrena doan ontzian igotzen gonbidatzea. Norberak bere oroimeneko portua izan dezan.

2012(e)ko apirilaren 3(a), asteartea

Kendu, kendu, kendu


         “Parafernalia asko erabiltzen nuen, eta horren eraginez umeen arreta desbideratu egiten zen. Poliki-poliki gauza gutxiago erabiltzen hasi nintzen. Kentzen, kentzen… azkenean ezer gabe egiten bukatu dut!”. Maite Franko kontalari irundarrak egunkari honetako Gaur8 gehigarrian, halaxe azaltzen du kontatzerakoan izandako eboluzioa. Antzerkitik etorria kontalaritzara, horko eraginaren pean hasi omen zen kontatzen, geroago soiltasunera, hitz biluzira bidaiatuz. Eta arrazoi osoa du, soiltasunak emango baitio narrazioari izaera, kontalariari gogoeta eta entzuleari berezko irudimen bidea. Oteizak zioen gisa eskultura biluztuz, hustuz, soberan dagoena kenduz gizakiaren arima ulertzeko bidea bilatu nahi izan zuen.
         Kontsumoaren eta itxurakeriaren jendarte honetan ia nahi gabe jotzen dugu betetze lana egitera. Betelanetan eraikitako jendartea eraikitzen ari gara. Gero, ordea, barne muina ezkutatzen dituzten gehigarri horiek kentzerakoan ez dugu ulertzen soiltasuna, beldurra diogu, handiegia egiten zaigu.
Ipuinak kontatzerakoan soiltasunera jotzea, kentze lana egitea, ipuinaren barne muina bilatzea, bizitzarako ariketa ere bada. Lan horrek gogoetan jarriko du kontalaria, hitza eta gorputza lagun biluzik agertuz jendearen aurrean. Eta ikuslea horrela liluratzeak eskatuko du berarekin komunikazio bideak jorratzea. Biek beren soiltasuna baino ez dute imajinazioaren bidetan abiatzeko. Eta agian ikasiko dugu, ipuinak kontatzerakoan eta entzuterakoan bezala, gure bizitzan parafernalia asko dugula eta kentzen kentzen saiatu beharko dugula; besteek uler gaitzaten, besteak uler ditzagun.

2012(e)ko martxoaren 20(a), asteartea

Laugarren pareta


         Antzerkian laugarren pareta aipatu ohi da eszenatokia eta ikusleen artean nolabaiteko muga ikusezina bezala, komunikazio zuzena eragozten duena. Kontalaritzan berriz, laugarren pareta horren ideia ezinezkoa da, izan ere ipuinak kontatzeak derrigorrez ekarriko baitu ikuslearekin harreman zuzena. Kontalariak ezingo luke ipuinik kontatu aurrean duenarekin kontatu gabe. Hartu eman zuzen horretan eraikitzen da kontatze ekintza. Ipuina aldi oro aldatzen da. Kontalariak aldaera berriak ekarriko ditu narrazioetara, batzuetan nabarmenak, bestetan soma ezinak ia; baina kontaldi bakoitza ezberdina izango da.
         Dena dela, kontalaritzak badauka bere laugarren pareta ere, segur aski antzerkiarena baino zailagoa hausteko, oraingoz bederen. Laugarren pareta hori ikusezintasunarena da. Ordizian edo Tolosan bizi ez den ipuinzale bati galdetzen badiogu zer iruditu zaion bi herri horretan bosgarren urtez antolatzen den Ahoz Aho nazioarteko ipuin jaialdia, segur aski erantzungo du, harrituta, ez zuela horren berri. Eta ez da harritzekoa, izan ere hedabideetako kultur sailetan ipuin kontaketa jaialdiek ez baitute merezi lau lerro ziztrin. Euskal Herrian ospatzen diren ipuin jaialdien informazioa tinta sinpatikoarekin inprimatzen dira kultura orrialdeetan. Ipuin ikuskariak inexistentziara kondenatzen dira. Kontalaritza kontenporaneoaren proposamen artistikoak, horien gaineko gogoetak, helduentzako ikuskariak, laugarren pareta horren atzean ezkutatzen dira. Antzerkian bezala ere hormatzar hori hautsi beharrean gaude, ipuin kontaketa bizirik dirauela jakin dadin. Gaur ospatzen den Nazioarteko Kontaketaren Egunean ere.

2012(e)ko otsailaren 8(a), asteazkena

Ipuinen lekuak


   
            Grabazio batean ikusi nuen orain dela gutxi. Lagun batek erakutsi zidan. Quebec-eko merkatu batean jende andana sartzen da. Musikariak dira gehienak, bibolina, soinua, gitarra eta antzekoak jotzen, kalejira ederra osatuz. Eraikinaren erdian dagoen plazatxo baten erdian dagoen mahai batean bibiolin jole bizar zuri bat igo eta istorio bat kontatzen hasten da, musikariek jotzen jarraitzen dutelarik. Gero eta jende gehiago hasten da biltzen mahaiaren bueltan. Kontalariak alde batera eta bestera jiratzen da hitza ahoan eta gorputzean, adoretsu, musikariak lagun. Istorioa amaitzear dagoenean, kontalariaren inguruan sekulako jende multzoa bildu da, festa giroan. Egun horretan merkatua eros lekua baina erromeria lekua bihurtu zen, une batez bederen.
 Garaiotan gero eta pribatizatua gertatzen ari den kalea bizi pozaz hartzea, herritarrak beraiek hiriaren bizitzaren garapenean protagonista bihurtzen laguntzea da. Eta istorioak kontatzea hiriaren espazioak irudimenaz betetzen lagun dezake. Baina ipuinek bestelako espazioak behar dituzte. Kontalari batek sortutako ipuin espektakuloak bestelako lekuak behar ditu, ere. Ipuinak kontatzea ez da, besterik gabe, jendeari istorio ederrekin liluratzea. Baldintza desegokietan, lilura zapuztu egin daiteke. Ipuin ikuskari batek leku egokiak behar ditu, kontalariak bere lana txukun eskain dezan, publikoa eroso egon dadin. Ederra da merkatu bateko mahaian igota ipuin bat kontatzea erosketan dabilen jendeari, espazio publikoak humanizatzen baititu, baina ipuin ikuskariak humanizatzeko bestelako lekuak ere behar dira. Antzokiak igoal?