2025(e)ko azaroaren 14(a), ostirala

LANA

 

Kultur sortzaileari zaila egin ohi zaio ulertaraztea berea lana dela; alegia, ordu mordoa sartzen duela sormen lan batean.   Pio Barojak zioen nobela bat idazteak bi urte ematen ziola eta jasotako lan sariak  ez zuela betetzen egindako ahalegina.  Kontalaritzan, esaterako, hauxe litzateke lan bidea: ikuskariari  gorputza emango dioten ipuinak bildu, horiek egitura autonomoen gisa antolatu egitura osoarekin bat egin dezaten, eszenaratzea pentsatu,  erabiliko duzun hizkera aztertu, nola irudikatu irudikatzen duzuna... Eta eremu desberdinetako sortzaileak bere prozesua azalduz gero, antzeko bideetatik dabilela esango dizu. Hala ere,  lana burutu ondoren inork ez dizu ziurtatuko jendearen arreta izango duzun edo sekulako arrakasta lortuko duzun. Arrakasta eta arrastaka letra berdinez osatutako hitzak dira. Ordea, zertarako hori guztia?

Remedios Zafra idazleak El Informe bere azken liburuan idazten du: “Irudikatzen baititugu kulturako langileak motibatzen dituzten langintza batean gozamen etengabean  , (...) baina kosta egiten da  eguneroko entsegu-orduak, fakturazio gabeko aldiak, kotizatu gabeko  garaiak ikustea”  Sortzaileen lana zale gartsu batzuen jardun gisa ikusten den bitartean, nekez emango zaio gure jendartean duen garrantzia. Prekarietateak Odisea bertsionatzeko ematen du.