2016(e)ko martxoaren 10(a), osteguna

ZERGATIK

            Amaitu berri da Bilbon egiten den Istorio Biziak ipuin kontaketa jaialdia. Aurten hirugarren ediziora heldu da heldu eta haurrentzat ikuskariak aurkezten. Horrez gain, ahozkotasunaren agerraldi ezberdinak uztartuz, kontalariak eta bertsolariak elkarrekin aritu dira. Bilbokoa amaitzearekin batera Tolosan eta Ordizian bederatzigarren urtez Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiak ematen dio hasiera. Jaialdi honen egitarauaren barruan lau urtetik hona Euskal Herrian egiten den Ipuinen Ahozko Narrazio Lehiaketa bakarra txertatzen da. Bi jaialdietan Euskal Herriko kontalaririk puntakoenak gonbidatuak izaten dira, baina baita ere penintsulan dauden kontalari ezagunenetakoak. Horiekin batera kontagintzaren bidean urratsak ematen ari diren kontalari hasi berriak ezagutu daitezke. Jaialdi interesgarriak beraz ipuinkontaketaren nondik norakoak ezagutu nahi badugu. Zergatik ordea hain harrera eskasa dute hedabideetan, bertako kroniketatik haratago? Zergatik kontagintzak ez du dagokion lekua aurkitzen kultur berrietan?
            Beharbada izango da kontagintzaz dagoen irudia haurrentzat denbora pasa polita bezala hartzen delarik. Eta halakorik, denbora pasa besterik ez dena, ez du berri erakargarrirako ematen. Zer ikusirik izango du ere kontagintzaz dagoen ezjakintasunak, hortaz ezin hartu bere kultur zein sormen dimentsio osoan. Horregatik, agian, elkarrizketetan, oraindik, jarraitzen digute galdetzen: “Ipuinak ez dira haurrentzat bakarrik, ezta?”

GARA egunkarian argitaratua.

2016(e)ko otsailaren 29(a), astelehena

Ama

            Barandiaranen bildumatik ezaguna nuen Kukubiltxo ipuina. Egun batean ordea, ipuinen gainean hitz egiten ari ginela, amak txikitan oso maite zuen ipuina kontatu zidan, zein eta, Kukubiltxorena. Gure amon azkoitiarrak kontatzen omen zien,. Harrituta gelditu nintzen kantak hamaika entzuna bainizkion, baina ipuinik ez. Barandiaranen bilduman agertzen den bertsioa Pedro Sodupek jaso zuen Azkoitian 1920 urtean, hain zuzen gure amonak Errenteriara eraman zuena. Baina urte dezente pasa behar izan ziren nik amaren ahotik entzutek. Katea, zorionez ez zen erabat apurtu.

            Asteburuan, Ama Hizkuntzaren nazioarteko egunaren harira, Euskal Pen Klubak antolatutako ekitaldien artean, Garabide elkarteak ekoiztutako Beltzean Mintzo dokumentala ikusi genuen, Ameriketako jatorrizko hizkuntzen indartze lanetan diharduten hainbat lagunen gogoetekin. Zioten hizkuntza transmititzea ez dela bakarrik hitzak irakastea, mundu bat transmititzea baizik, dena loturik dagoela. Kitxua, Aimara eta enparauen hitzak arras ezagunak zitzaizkidan, euren hizkuntzaren desagertze arriskuak, transmisio eteteak eta bestelako arazoak neronek ezagutuak baitira. Ipuinak etxetik jaso dugun gure hizkuntz txikiagotuan kontatzerakoan, ez dira hitzak bakarrik ekartzen ditugunak, kate luze baten segida baizik. Kukubiltxo gal ez dadin.

2016(e)ko urtarrilaren 16(a), larunbata

Erretorika

         “Guciak gaiac dira [gizonak]; baña asco izcunde eder edo elocuenciaren erreglaquin landu ta bruñituac bezala;, beste asco erregla gabe beti moldacaitzac gueratcen dira. (…) Argatic erretoricaren artea naturalezari laguntceco da; berezco izcundea bacoitzagan moldatceco ta poliquitceco da; itzac noiz era onetan, noiz bestean, noiz estutu edo guchitu, noiz lasaitu edo zabaldu, noiz goratu, noiz beratu, noiz luzatu, noiz laburtu erreglac dirade. Eusquerac berez itzquera añ bici, añ gozo, añ apañdu ta ederrac, nola beste lengoagec ditu. Baña oriec ondo daquizquiena nor da?”. Agustin Kardaberazek 1761ean argitaratu zuen Eusqueraren berri onac. Beste gogoeta eta ikasbide artean, erretorika klasikoari jarraituz, ohartarazten digu hizkera naturala ez dela nahikoa hizkuntza dotorea erabiltzeko, hizkuntza edertuko duen jakintza behar dela landu.

         Kontalaria jende aurrean ekiten dio bere jardunari, gorputza bezala hitza erabiliz. Hizkuntza du komunikatzeko tresna, istorioak edertzeko baliabidea. Hizkera traketsa erabilita ipuina trakestu egingo du. Kontalaria jende aurrean jartzerakoan hizkuntza eredu bat eskaintzen du eta hori ardura handia da, batez ere haurren aurrean delarik. Kontatzen dituen ipuinak maite baditu, soineko dotorearekin jantzi beharko ditu. “Au gauza ciertoa”.

2015(e)ko urriaren 31(a), larunbata

Gaba Beltza


 Aspaldian Mutrikuko kale zahar ilunetan, gazteek herritarrak izutzen zituzten kalabaza argitsuekin. Kalabazak baratzetik lapurtu behar ziren, ondoren hustu eta aurpegi beldurgarria egin, gero kandela sartu barruan eta izkina batean itxoin behar zen despistaturen bat agertu arte. Defuntuen egunean izaten ohi zen. Halaxe kontatzen zieten zaharrek egun horretarako festa berreskuratzeko asmoz zebiltzan gazteei. Kalabaza argidunak hartu zuten antolatzen ari ziren festaren ikur. Eta festari “Gaba Beltza” jarri zioten. Heriotzaren inguruko festa ederra, hamaika ekitaldiekin. Eta eskoletan landu zuten gaia, haurrak aiton amonei beren garaiko kontuak galdetuz, kalabazak era guztietan prestatu dendetako erakusleihoetan jartzeko. Dena dela, une oro azalpenak ematen ibili behar izan zuten kalabazarena bertako ohitura zela eta ez Estatu Batuetatik kopiatutakoa. Eta Gaba Beltza arrakastatsua egin zuten.

         Zenbatetan ez ote ditugu bertako ohitura zaharrak baztertzen edo ez ezagutzen, itxuraz berriengatik aldatuz, modernoagoak direlakoan? Garaiekin gure imajinarioak aberasten eta aldatzen doaz, logikoa den moduan; arazoa dator imajinarioa merkatuaren legearen arabera aldatzean. Kalabazak ez dira baratzekoak orain, gure irudimena merkaturatzeko plastiko puska baizik. Gau ilunean sar dadin.

https://youtu.be/1drKxN5Uezg

2015(e)ko irailaren 18(a), ostirala

Besarkaden geltokia

            Norbait ari zaie ipuinak kontatzen. Inguruan haurrak eserita begiratzen dute kontuetan murgildurik. Atzerago heldu batzuek ere adi. Tarteka haurraren batek galdera bat egiten dio edo komentario bat egiten du. Gertaera harrigarriak, abentura liluragarriak, pasarte sineskaitzak; lurralde urruti eta ezezagunetan gertatzen diren pasarteak; pertsonaia harrigarriak, munstro beldurgarriak. Zer ez duen kontatuko trenbidearen bazterrean eserita dagoen kontalariak. Trenbidea zelai amaigabean galtzen da. Jende andana burdin estuetan eserita. Zeren zain? Trena noiz helduko agian? Geltokirik ez dagoen leku apartatu honetan geldialditxo bat egingo ote duen zain, itxaropena piztuta. Bitartean istorioak entzuten eta imajinatzen dituzte. Ustezko tren horrek ipuinetako lurralde liluragarrietara eramango ote dituen galdetzen du neskatxak. Kontalariak segundu batez pentsatzen du erantzuna, eta istorio txiki bat kontatzen du, non leku desiragarriak norberak eraikitzen dituen, baina batez ipuinak entzuleen barnean itxaropena puzten duen, non trena ez da heltzen baizik elkarrekin egiten.

            Neskatxak burni bide amaigaberantz begiratzen du, ondoan dagoenaren eskua hartzen du, eta imajinatzen du han, urrutian, geltoki bat dagoela beso zabalez eraikirik, bere ametsen besarkatzeko zain. 

2015(e)ko irailaren 3(a), osteguna

Haurren gurutzada

Kondairak dio 1212 urtean 30.000 haur Europa zeharkatu zutela mediterraneora heldu eta Jerusalemera joateko asmoz. Marsellara heldu zirenean milaka batzuk baino ez ziren gelditzen, bidean beste milaka gosez hil ondoren. Gelditzen zirenak zazpi itsasuntzi sartu eta itsasoratu ziren. Bik, Sardinia inguruan hondoa jo zuten. Gainontzekoak Alejandriara heldu eta haurrak esklabu gisa saldu zituzten. Hamelingo Txirulariaren ipuinaren sormena nonbait. Histolarialariek diote urte berean milaka gazte eta helduen migrazio izan zela Alemaniatik Europan barrena. Txiroen ibilaldia, gosetuena, leku hobeago baten bila euren lur pobretuetatik haratago. Errealitatea ez da hain Jainkotiarra. Historia istorio bilakatzean zenbat ez ote da ezkutatzen?
Egun milaka lagun dabil bizimodu hobeagoaren bila, gerratik eta gosetik ihes. Ez dago zeharkatu ezineko mugarik, bizia bera ez bada. Zein izango da mende batzuen ostean kontatuko den istorioa? Bernarrd-Henry Levy filosofoa hasi da osatzen. Bere hitzetan migratzaile hauek "askatasunaren kandidatoak dira, gure lurralde desiratuarekin maiteminduak, bere jendarte ereduarekin, bere baloreekin, Europa, Europa oihukatzen dutenak". Hasi dira Hamelingo Txirulariaren ipuin berria osatzen. Horren aurrean zein ipuin kontatuko dugu guk?



2015(e)ko abuztuaren 27(a), osteguna

Saguzaharraren kilimak

         Gizonek emakumeei maskarak lapurtu zietenean boterea hartu zuten. Eta emakume haien alabei sinestarazi zieten horrela izan zela beti, eta haien alaben alabei, eta alaben alabei… Amazonian kontatzen dute hilekoa gizonezkoek zutela lehen, euren hamakatan gelditu behar zirelarik zakil puntatik odola zeriela, emakumeak errekara dibertitzera joaten ziren bitartean,. Gero aldatu egin zen. Boterea gizonezkoak hartu zuteneko kontu zaharrak dira. Emakumeenganako bortizkeriarekiko kezka munduko kultur guztietako ipuinetan agertzen da. Euren emazteak hiltzen eta jaten zituzten gizonena alde guztietan kontatu izan dira. Ipuin latzak, gertaera bortitz eta onartezinak salatzen dituztenak. Gizonen boterea emakumeei kalte egiteko erabili izana salatzen dutenak. Inuiten ipuin batean gizon batek bere emazteak jaten zituen, baina horietako batek ihes egitea lortu zuen. Etxe batean eman zioten babesa. Gizona heltzean, etxekoak emakumearen alde daude. Orduan, ezkutatuta zegoen lekutik irten eta lantza batez emakumeak gizona hiltzen du. Eta fini.

         Saguzahar bat gerlari baten arropa artean sartu eta kilimekin barrez makurrarazi zuen, bere indarra kenduz. Ordutik emakumeek eta haurrek bakarrik zuten barre egiteko baimena. Herriko festetan saguzaharrak behar dugu izan. Eta lantza bat?