“Arteak
kultura bakoitzaren gertaerekin paraleloki biziraun izan du”. Nestor
Basterrechea hil berri dugu, baina bere lanaz gain, zorionez, kultura eta
artearen gaineko ideiak jaso dira. Sortzaile, edo asmatzaile berak zioen
moduan, gisa ez zuen bere lana errealitatetik aparte ikusten, bizi zuen eta
bizi zion errealitate horrekin bat baizik. “Artearen
itsaso zoragarriari zure mililitroa aportatzen saiatu behar zara. Ahaleginaren
ondorioa: artistak gizarteari aurre hartzen diola”. Sortzailearen lana
jendarteari bere gogoetak eskaintzea ere bada; bere gogoetak sormen lanen
bitartez erakustea eta mililitro horiekin jendartea intelektualki eta
kulturalki aberastu. Gogoeta bideak zabaldu.
Planotik espaziora egindako bidea,
alegia, marrazkitik eskulturarako urratsa, azaltzen duenean ere, Basterretxeak
bestelako sortzaileei gogoetarako parada ematen die. Kontalaritza eta
literaturaren arteko harremana har dezagun esaterako. Paperean idatzita dagoen
istorio bat plano bi-dimentsional batean ikus dezakegu, ahozkora pasatzen
denean aldiz, hiru dimentsiotan azaltzen da. Kontalariak espazioan sortuko du
bere narrazioa. Bere sormen bidea beraz, idatzizkotik haratago ikertu beharko
du, espazioarekiko harremanaz gogoetatu.
Basterretxearen belaunaldiko arte
plastikoetako euskal sortzaileek egindako bidea, bai euren lanetan zein gogoeta
eta konpromisoetan, egun lanean dihardugun sortzaileontzat kontuan hartzekoak
dira. Kontalaritzan, esaterako, ezinbesteko gogoeta litzateke, ea bizi dugun
kultura eta jendartearen gertaerekin batera al goazen. Ea artista bermeotarrak
aipatzen duen itsasoan, mililitrorik gehitzen dugun.