Ahozko Narrazioak egiteko duen
ospakizunik handiena bere garaikidetasunaren aldarria da. Narrazioen sortze eta
transmititzea gizakiak bere izatearen kontzientzia hartzen duenetik egin duen
jardun intelektual eta, beraz, kulturala, bada ere, egungo garaietan bere
izaera artistikoa du ardatz. Beste hainbat sormen adierazpen gisa -literatura,
margogintza, antzerkia, dantza…-; berezko espazioa aldarrikatu behar du arte
garaikidea den aldetik.
Tradizioa ez da estutzen duen gerrikoa,
garapenerako ikasbidea baizik. Kontalaritza garaikidea hitza esanaren artea
izanik ere, bestelako baliabide artistikoak izango ditu bere eskura, ikuskari
eszenikoa eskainiz, kontatzearen idealizazio erromantikotik aldenduta, egungo
jendarteari jardun artistiko garaikide gisa aurkeztuz.
Kontalari garaikidea sortzailea da.
Bere funtzioa ez da, besterik gabe, kultur tradizio baten jarraitzailea, edo
altxor baten zaindaria izatea. Kontalari garaikideak ipuin kontaketa jardun
artistiko gisa ulertzen du, zeinetan, kontakizunaren bitartez, bere gogoeta,
etiko zein estetikoa, eskaintzen dion publikoari. Eskaintza hori sormen lana da,
sormen artistikoa; eta bere horretan hartuko du garrantzia, ez bestelako helburuen
lortzeko bide bezala. Ipuin kontaketa garaikideak bere lekua aldarrikatu behar
du arte eszenikoen barruan, horrela bakarrik ager baitaiteke bere garrantziarekin,
garapenerako urrats egitea ahalbidetuz.
Martxoaren 20ean ospatzen den
Nazioarteko Ahozko Narrazioaren egunean, kontalaritzak aurtengo lemari
jarraituz, Fortuna eta Patua, bere izatearen gaineko gogoeta aukera bikaina
dauka.