Aspaldian Mutrikuko kale zahar
ilunetan, gazteek herritarrak izutzen zituzten kalabaza argitsuekin. Kalabazak
baratzetik lapurtu behar ziren, ondoren hustu eta aurpegi beldurgarria egin,
gero kandela sartu barruan eta izkina batean itxoin behar zen despistaturen bat
agertu arte. Defuntuen egunean izaten ohi zen. Halaxe kontatzen zieten zaharrek
egun horretarako festa berreskuratzeko asmoz zebiltzan gazteei. Kalabaza
argidunak hartu zuten antolatzen ari ziren festaren ikur. Eta festari “Gaba
Beltza” jarri zioten. Heriotzaren inguruko festa ederra, hamaika ekitaldiekin.
Eta eskoletan landu zuten gaia, haurrak aiton amonei beren garaiko kontuak
galdetuz, kalabazak era guztietan prestatu dendetako erakusleihoetan jartzeko.
Dena dela, une oro azalpenak ematen ibili behar izan zuten kalabazarena bertako
ohitura zela eta ez Estatu Batuetatik kopiatutakoa. Eta Gaba Beltza
arrakastatsua egin zuten.
Zenbatetan ez ote ditugu bertako
ohitura zaharrak baztertzen edo ez ezagutzen, itxuraz berriengatik aldatuz,
modernoagoak direlakoan? Garaiekin gure imajinarioak aberasten eta aldatzen
doaz, logikoa den moduan; arazoa dator imajinarioa merkatuaren legearen arabera
aldatzean. Kalabazak ez dira baratzekoak orain, gure irudimena merkaturatzeko
plastiko puska baizik. Gau ilunean sar dadin.
https://youtu.be/1drKxN5Uezg
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina