2012(e)ko apirilaren 3(a), asteartea

Kendu, kendu, kendu


         “Parafernalia asko erabiltzen nuen, eta horren eraginez umeen arreta desbideratu egiten zen. Poliki-poliki gauza gutxiago erabiltzen hasi nintzen. Kentzen, kentzen… azkenean ezer gabe egiten bukatu dut!”. Maite Franko kontalari irundarrak egunkari honetako Gaur8 gehigarrian, halaxe azaltzen du kontatzerakoan izandako eboluzioa. Antzerkitik etorria kontalaritzara, horko eraginaren pean hasi omen zen kontatzen, geroago soiltasunera, hitz biluzira bidaiatuz. Eta arrazoi osoa du, soiltasunak emango baitio narrazioari izaera, kontalariari gogoeta eta entzuleari berezko irudimen bidea. Oteizak zioen gisa eskultura biluztuz, hustuz, soberan dagoena kenduz gizakiaren arima ulertzeko bidea bilatu nahi izan zuen.
         Kontsumoaren eta itxurakeriaren jendarte honetan ia nahi gabe jotzen dugu betetze lana egitera. Betelanetan eraikitako jendartea eraikitzen ari gara. Gero, ordea, barne muina ezkutatzen dituzten gehigarri horiek kentzerakoan ez dugu ulertzen soiltasuna, beldurra diogu, handiegia egiten zaigu.
Ipuinak kontatzerakoan soiltasunera jotzea, kentze lana egitea, ipuinaren barne muina bilatzea, bizitzarako ariketa ere bada. Lan horrek gogoetan jarriko du kontalaria, hitza eta gorputza lagun biluzik agertuz jendearen aurrean. Eta ikuslea horrela liluratzeak eskatuko du berarekin komunikazio bideak jorratzea. Biek beren soiltasuna baino ez dute imajinazioaren bidetan abiatzeko. Eta agian ikasiko dugu, ipuinak kontatzerakoan eta entzuterakoan bezala, gure bizitzan parafernalia asko dugula eta kentzen kentzen saiatu beharko dugula; besteek uler gaitzaten, besteak uler ditzagun.

2012(e)ko martxoaren 20(a), asteartea

Laugarren pareta


         Antzerkian laugarren pareta aipatu ohi da eszenatokia eta ikusleen artean nolabaiteko muga ikusezina bezala, komunikazio zuzena eragozten duena. Kontalaritzan berriz, laugarren pareta horren ideia ezinezkoa da, izan ere ipuinak kontatzeak derrigorrez ekarriko baitu ikuslearekin harreman zuzena. Kontalariak ezingo luke ipuinik kontatu aurrean duenarekin kontatu gabe. Hartu eman zuzen horretan eraikitzen da kontatze ekintza. Ipuina aldi oro aldatzen da. Kontalariak aldaera berriak ekarriko ditu narrazioetara, batzuetan nabarmenak, bestetan soma ezinak ia; baina kontaldi bakoitza ezberdina izango da.
         Dena dela, kontalaritzak badauka bere laugarren pareta ere, segur aski antzerkiarena baino zailagoa hausteko, oraingoz bederen. Laugarren pareta hori ikusezintasunarena da. Ordizian edo Tolosan bizi ez den ipuinzale bati galdetzen badiogu zer iruditu zaion bi herri horretan bosgarren urtez antolatzen den Ahoz Aho nazioarteko ipuin jaialdia, segur aski erantzungo du, harrituta, ez zuela horren berri. Eta ez da harritzekoa, izan ere hedabideetako kultur sailetan ipuin kontaketa jaialdiek ez baitute merezi lau lerro ziztrin. Euskal Herrian ospatzen diren ipuin jaialdien informazioa tinta sinpatikoarekin inprimatzen dira kultura orrialdeetan. Ipuin ikuskariak inexistentziara kondenatzen dira. Kontalaritza kontenporaneoaren proposamen artistikoak, horien gaineko gogoetak, helduentzako ikuskariak, laugarren pareta horren atzean ezkutatzen dira. Antzerkian bezala ere hormatzar hori hautsi beharrean gaude, ipuin kontaketa bizirik dirauela jakin dadin. Gaur ospatzen den Nazioarteko Kontaketaren Egunean ere.

2012(e)ko otsailaren 8(a), asteazkena

Ipuinen lekuak


   
            Grabazio batean ikusi nuen orain dela gutxi. Lagun batek erakutsi zidan. Quebec-eko merkatu batean jende andana sartzen da. Musikariak dira gehienak, bibolina, soinua, gitarra eta antzekoak jotzen, kalejira ederra osatuz. Eraikinaren erdian dagoen plazatxo baten erdian dagoen mahai batean bibiolin jole bizar zuri bat igo eta istorio bat kontatzen hasten da, musikariek jotzen jarraitzen dutelarik. Gero eta jende gehiago hasten da biltzen mahaiaren bueltan. Kontalariak alde batera eta bestera jiratzen da hitza ahoan eta gorputzean, adoretsu, musikariak lagun. Istorioa amaitzear dagoenean, kontalariaren inguruan sekulako jende multzoa bildu da, festa giroan. Egun horretan merkatua eros lekua baina erromeria lekua bihurtu zen, une batez bederen.
 Garaiotan gero eta pribatizatua gertatzen ari den kalea bizi pozaz hartzea, herritarrak beraiek hiriaren bizitzaren garapenean protagonista bihurtzen laguntzea da. Eta istorioak kontatzea hiriaren espazioak irudimenaz betetzen lagun dezake. Baina ipuinek bestelako espazioak behar dituzte. Kontalari batek sortutako ipuin espektakuloak bestelako lekuak behar ditu, ere. Ipuinak kontatzea ez da, besterik gabe, jendeari istorio ederrekin liluratzea. Baldintza desegokietan, lilura zapuztu egin daiteke. Ipuin ikuskari batek leku egokiak behar ditu, kontalariak bere lana txukun eskain dezan, publikoa eroso egon dadin. Ederra da merkatu bateko mahaian igota ipuin bat kontatzea erosketan dabilen jendeari, espazio publikoak humanizatzen baititu, baina ipuin ikuskariak humanizatzeko bestelako lekuak ere behar dira. Antzokiak igoal?        

2012(e)ko urtarrilaren 24(a), asteartea

Nor da Kontalari?


         Miretsi izan ditut betidanik hitzen esanahiak definitzen dituztenak, hiztegiak osatuz. Kontzeptualizazio ahalmen izugarria izan behar dela iruditzen zait. Definizio asko, ordea, ez dira hiztegietan agertzen diren modukoak, beste interes batzuen arabera osatzen baitira.
         Interesa nuen kontalariaren definizioa nola agertzen den hiztegian. Azkenean topatu nuen Euskaltzaindiak apailatutako Literatura Terminoen Hiztegian. Sarrera luzeagoa da baina lehengo lerroa nahikoa, oraingoz: Kontalari.- Hizkuntza arruntean, istorio bat kontatzen duenari kontalari deritzo (lat: narrator, narratoris). Ongi, nolabaiteko definizio akademikoa banuen. Dena dela nik gehiago nahi nuen, alegia, kontalaria ofizio bezala definituko zuena, hau da ez bakarrik jardun bat gisa, edonork egin dezakeena. Baina ez dut topatu. Are gehiago, Ipuina sarreran aipatzen da “euskal ipuingintza herri tradizioko ipuingintzatik ipuingintza literariorako jauzia” XIX mendean, eta XX garrenean izandako gorakada. Baina inondik ez dut ikusi kontalaririk aipatzen. Beraz arazoa izango da agian “Hizkuntza arruntean” kontatzea, nahiz eta ahozko literatura aipatu kontalaritza ahoan. Beraz, hiztegia begiratuta kontalariok hizkuntza arrunta, ez jasoa, erabiltzen dugunok gara.
Baina nik bakarrik jakin nahi nuen nor den kontalaria, nola definitu gure ofizioko partaideak. Izan ere horretan aritzen baikara azken aldian denbora galtzen. Eta guztia kultur merkatuaren araberako definizioak behar ditugulako. Kontalaria nor den, nork esan? Agian, kultur merkatu arruntean ibiltzearen ordaina izango da hizkuntza arrunta erabili behar izatea.

2012(e)ko urtarrilaren 11(a), asteazkena

Marra bat egin nahi zuen haurrarena


         Jo sabi un conte
         Behin haur bat harrituta zegoen mugako marrak ez zituelako ikusten lurrean, mapetan ageri ohi diren moduan. “Marrarik ez badago, nola dakizu non dagoen muga?”- galdetu zuen. Galderari erantzuna jaso beharrean, mugarrien gaineko kalaka baino ez zuen entzun. Baina agian ez zegoen hain oker, izan ere bi lurralde bereizten duen marra imajinario hori errealitatean ez badago, nola jakin zein lurraldean gauden?, batez ere kontrabandoan aritu nahi badugu, edo ihesean, edo, agian, beste lurralde erakargarri horretako maitale agintz erakargarria are erakargarriagoa izan dadin.
         Haurrak jakin nahi zuen non zegoen, ez marra, bera baizik. Orduan esan zezakeen: “Atzerrian egon naiz!”, eta bere eskolako lagunek aho zabalik entzungo zituzten mugaz bestaldeko jendeen eta lekuen istorioak. Horregatik marra bat marraztu nahi zuen lurrean, bidaia harrigarria egiteko.
Beharbada horretarako daude mugak, urrutiko lurraldeetako istorioak konta ditzagun. Baina utz dezagun orain haurra bere marra egiten.

         Urdaburu mendia ez da garaia, mendi txikia da, 600 m ingurukoa, erraz igotzekoa. Gora helduta ordea bista ederra zabalduko da gure aurrean. Gure azpian Añarbeko baso eder eta zabala. Mendi zoragarriak eta han urrutian Donostia, Hernani, Oiarso bailara, Bidasoa bailara. Nafarroa, Gipuzkoa, Lapurdi gure begi bistan. Eta itsasoa. Urdaburu mendian bertan mugarria dago hiru muga seinalatuz: Donostia, Hernani eta Errenteria. Eta gainean eserita non ote zauden pentsatzen duzu. Ez duzu, baina, marrarik ikusten lurrean. Eta pentsatzen duzu, “hau ote da nire mundua? Ba ote dago mundurik mendi eta itsaso horien gainetik? Gure lekua munduan, nola zehaztuko ote da?” Entzun dezagun neska honen istorioa.
         Neska batek jakin nahi izan zuen noraino heltzen zen mundua. Entzuna zuen han, urrutian, sekulako amildegia zegoela itsasoko urak handik behera jausten zirelarik. Munduaren amaiera omen zen hura.
         Etxekoak agurtu, eta abiatu zen. Bidaia luzea izan zen. Etxeko leihotik ikusten ziren mendiak zeharkatu zituen, bere munduaren mugak. Handik goitik sekulako zelai zabal eta amaigabeak ikusi zituen. Gurutzatu zituen basoak eta errekak, basamortuak eta oihanak. Herri eta jende harrigarriak ezagutu zituen. Eta munduaren amaieraz galdetutakoan denek erantzuten zioten: “Aurrerago, aurrerago”.
         Ardien istorioa gogoratu zuen.
         Bizidun guztiek hitz egiten zutenean ardiak belar goxoetako pentzeen bila zebiltzan. Baina burua makurtu eta belarra jaten hasi behar zirenean belarrak esaten zien: “Aurrean goxo, aurrean goxo”. Eta aurrerago abiatzen ziren. Baina belarrak beti berdin: “Aurrean goxo, aurrean goxo”. Azkenean ardiek erabaki zuten: “Bertan goxo, bertan goxo”. Eta ordutik ardiak ikus ditzakegu gure mendietan belar goxoa bazkatzen.
         Non amaitzen zen mundua? Aurrerago, aurrerago? Neska gogoeta hauetan zegoen txabola bakarti batera heldu zenean. Baso bateko zabaldi batean zegoen. Etxetoaren kanpoaldean eserita agure bat zegoen. Egonean.
         Neska agurearengan heltzen den bitartean zerbait kontatuko dizuet.
        
         Ardiak gobernatzen ari ginela, jaisten, edo bazkatzen, edo oloa ematen, badakizue “berotzeko”, udan goi larreetara igorri aurretik; Manexek erran zidan, inongo, ustez, aitzakiarik gabe: “Jarraitu horrela, eskuaraz mintzatzen, hori gabe ez baikara ezer”. Eta bere lanean jarraitu zuen. Azkarateko baserrian sortua, Garazitik gertu, Ameriketan artzain egona zen, Nevadan; ahatik, bere mundua eskuaraz zen, frantsesa arras estrainioa zuelarik.
         Hamabostean behin muga zeharkatzen nuen trenez, Hendaiaraino. Han Baionara beste trena bat hartu. Eta azkenik Baionan, Garaziraino hirugarren trena. Aldi oro, Nazioarteko Zubian, Toporen derrigorrezko geltokian, poliziek jende artetik atera eta itxoiteko eskatzen zidaten, nire dokumentazioa atxikiturik. Auskalo zer konprobazioak egin eta gero aurrera jarraitzen uzten ninduten. Muga zeharkatzea ez baitzen uste bezain libre. Baserrira arribatuta, dokumentazio bakarra hizkuntza zen, izatea ez baitzegoen zenbakidun identifikazio dokumentu batean.
         Utz ditzagun kontu hauek eta jakin dezagun zertan ari den neska, agurearen etxera heltzen utzi duguna.
         Agurea txabolaren kanpoaldean zegoen eserita. Egonean. Neska beregana hurbiltzen ikusi du. Bere ondora heldutakoan elkar agurtu dira. Gizonak neska esertzen gonbidatu du eta inguru haietan zertan ari den galdetu dio. Eta neskak: “Mundua non amaitzen den ezagutzeko bidaia egiten ari naiz”. Gizonak, isilune baten ondoren esan zuen: “Zergatik?” “Kuriositateagatik agian, ez dakit. Baina harantzago zer dagoen jakin nahiko nuke?”. “Nik – esan zuen agureak-, inguru hauek baino ez ditut ezagutu. Nire txabola hau, inguruko zelaiak, basoa, eta mendi horiek. Hori da nire mundua, baina gustukoa dut hemen esertzea, lasai, eta begira jarri, aldi oro detaile berriak deskubritu, naturaren etengabeko aldaketa. Eta egunero zerbait edo norbait berria ezagutzen dut. Zu, esaterako. Agian mundua zabala izango da, nire imajinazioan kabitu ezina, galdera ordea, da, zer lekua dut nik mundu horretan? Zuk zure lekua aurkitu duzu bidaia hori eginaz?”
         Neskak ez zekien zer erantzun. Agurearen ondoan eserita inguruari erreparatu zion, zelaiari eta basoari, mendiei, naturaren soinuei, errekaren bideari.
         Zertan ari ote da marra bat egiten utzi dugun haurra? Ikus dezagun. Etxe aurreko jolaslekuan marra bat egiten hasi zen; marra hori luzatuz etxe baten forma egiten hasi zen. Azkenean etxe eder bat egin zuen, balkoia eta guzti. Gero barnean jarri zen eta esan zuen: “Hau da nire etxea”. Norbaitek, guraso edo inguruko pertsona helduren bat segur aski, esan zion: “Baina etxeari ez diozu aterik jarri, lapurrak sartuko zaizkizu”. Haurrak orduan erantzun zuen: “Etxeak ez du aterik jendea bisitan etor dadin, lagunik gabeko etxea aspergarria baita.”

E cric cric
Mon conte es finit
E cric crac
Mon conte es acabat
Passi per mon prat
Ambe una culhèra de favas que m’n donat.

Pauen egindako Encontres Literaris 2Penents topaketetan irakurritako testua

2012(e)ko urtarrilaren 10(a), asteartea

Orimena galdu zuen gizonarena

Oroimena nabigatzen duen baporea da.  Itsas bare eta altxatuen artetik. Eta portura heltzerakoan nabigazioa du akorduan.
Eta gizon hark oroimena galdu zuen.
Naufragoa zen bizitzan. Ez zuen bizitako ezer gogoratzen, hargatik, bizitza berria asmatu zuen. Eta guztiei kontatzen zizkien gertatu gabeko gertakizunak.
Behin, gazte batek ezagutu egin zuen. Gizonaren oroimen ahaztuak ezagutzen zituen. Eta kontatu egin zizkion. Oroimena galdu zuen gizonak pentsatu egin zuen. Eta oroimena galduz geroztik bizitakoa baloratu egin zuen. Baloratu egin zituen gazteak ekarritako gomutak. Eta erabaki egin zuen.
Oroimena galdu zuen gizonak ahanzturan bizitzea erabaki zuen. Ez zuen maite itsas nahasiak ezta ozeano amaigabeak nabigatzea. Nahiago zuen egun batean arribatu zen portu hartan gelditzea.
Gizona hil egin zen, eta gazte hark haren oroimena ekarri zuen gogora. Baina inork ez zion sinetsi.

2011(e)ko abenduaren 16(a), ostirala

Antzerki Biluzia


         “Edozein espazio soila har dezaket eta eszenatoki biluzia dei dezaket. Gizon bat dabil espazio huts horretan beste batek begiratzen duen bitartean, eta hauxe da behar den guztia antzerki ekintza bat egiteko. Baina antzerkiaz ari garenean, ez dugu zehatz-mehatz hori esan nahi.” Hitz hauekin hasten du Peter Brook-ek “Espazio hutsa” bere lan ezaguna. Jakina, hau hasiera besterik ez da, hortik aurrera antzerkigintzaz lezio ederra garatzen du. Orain ordea, gera gaitezen kezka horrekin, alegia, zertaz ari gara antzerkiaz ari garenean? Abia gaitezen soiltasunetik, antzerkigintzaren hutsetik, Xabier Letek eta Eugenio Arozenak Intxixu antzerki taldearentzat idatzitako “Antzerkia deuseztik izatera” hartan hasi ziren gisa. Lan honetan kobazuloetatik egungo gizakiarenganako bidaia egiten da antzerkia adierazpen ezberdinak bidelagun.
         Brookek duen antzerki ekintza soil hori agian lotu daiteke kobazuloetako garai haiekin, ezdeusa horrekin gizabanakoaren izatearen eta munduaren gaineko gogoetak eta kezkak azaltzeko nahikoa zutenean. Historiaren garapenarekin batera antzerkia garatuz joan zen ordea. Espazio huts hura betetzen. Eszenatokia eraikin batez estali zen. Antzokia eraikin dotorea bihurtu zen. Eta, horrekin batera, eszenatokiaren gaineko gizon hark garrantzia galdu zuen edukinontziaren alde. Antzerkira joatea espazio batera joatea bihurtu zen. Espazio bete batera, gauzez betea. “Esan ohi dugu, zinemak antzerkia hiltzen duela, eta esaldi horrekin zinema sortu zeneko antzerkiaz ari gara. Leihatiladun antzerkia, egongeladuna, ikusleak trabarik gabe ilara artean pasa dadin besaulki tolesgarriak duen antzerkia, kandilejak, dekoratu aldaketak, ekitaldi tarteak, musika, definizioz antzerkia hori eta zerbait gehixeago izango balitz bezala.”
         Badira urte batzuk idazle ingelesak lan ezagun hori argitara eman zuela. Badira urteak ere Lete-Arozena bikoteak ezdeusatik irteteko bidaia eszenikoa proposatu zuenetik. Krisiaren aurrekontuak osatzen ari diren honetan atzerako bidaia egiten ari dira ere, hutsera, alegia. Antzerkia eszenatoki hutsa bihurtzen ari da. Eraikinak hor daude, euren leihatilekin, besaulki tolesgarriekin, oihal eta dekoratuekin, baina platearen erdian jartzen bazara ez duzu taula zeharkatzen ari den gizonaren pausurik entzungo. Ezta Xelemon antzez jokoa. Antzerkia biluzik sumatuko duzu, antzezlariak kalean baitaude, eraikinetik kanpo hutsaren hurrengoa antzezten.