Miretsi
izan ditut betidanik hitzen esanahiak definitzen dituztenak, hiztegiak osatuz.
Kontzeptualizazio ahalmen izugarria izan behar dela iruditzen zait. Definizio
asko, ordea, ez dira hiztegietan agertzen diren modukoak, beste interes batzuen
arabera osatzen baitira.
Interesa
nuen kontalariaren definizioa nola agertzen den hiztegian. Azkenean topatu nuen
Euskaltzaindiak apailatutako Literatura Terminoen Hiztegian. Sarrera luzeagoa
da baina lehengo lerroa nahikoa, oraingoz: Kontalari.- Hizkuntza arruntean, istorio bat kontatzen duenari kontalari deritzo
(lat: narrator, narratoris). Ongi,
nolabaiteko definizio akademikoa banuen. Dena dela nik gehiago nahi nuen,
alegia, kontalaria ofizio bezala definituko zuena, hau da ez bakarrik jardun
bat gisa, edonork egin dezakeena. Baina ez dut topatu. Are gehiago, Ipuina sarreran aipatzen da “euskal ipuingintza herri tradizioko
ipuingintzatik ipuingintza literariorako jauzia” XIX mendean, eta XX
garrenean izandako gorakada. Baina inondik ez dut ikusi kontalaririk aipatzen.
Beraz arazoa izango da agian “Hizkuntza arruntean” kontatzea, nahiz eta ahozko
literatura aipatu kontalaritza ahoan. Beraz, hiztegia begiratuta kontalariok
hizkuntza arrunta, ez jasoa, erabiltzen dugunok gara.
Baina nik
bakarrik jakin nahi nuen nor den kontalaria, nola definitu gure ofizioko
partaideak. Izan ere horretan aritzen baikara azken aldian denbora galtzen. Eta
guztia kultur merkatuaren araberako definizioak behar ditugulako. Kontalaria
nor den, nork esan? Agian, kultur merkatu arruntean ibiltzearen ordaina izango
da hizkuntza arrunta erabili behar izatea.
GARA egunkarian argitaratua 2012-1-24 http://www.gara.net/paperezkoa/20120124/317492/eu/Nor-da-kontalari
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina