Jo sabi un conte
Behin
haur bat harrituta zegoen mugako marrak ez zituelako ikusten lurrean, mapetan
ageri ohi diren moduan. “Marrarik ez
badago, nola dakizu non dagoen muga?”- galdetu zuen. Galderari erantzuna
jaso beharrean, mugarrien gaineko kalaka baino ez zuen entzun. Baina agian ez
zegoen hain oker, izan ere bi lurralde bereizten duen marra imajinario hori
errealitatean ez badago, nola jakin zein lurraldean gauden?, batez ere
kontrabandoan aritu nahi badugu, edo ihesean, edo, agian, beste lurralde
erakargarri horretako maitale agintz erakargarria are erakargarriagoa izan
dadin.
Haurrak
jakin nahi zuen non zegoen, ez marra, bera baizik. Orduan esan zezakeen: “Atzerrian egon naiz!”, eta bere
eskolako lagunek aho zabalik entzungo zituzten mugaz bestaldeko jendeen eta
lekuen istorioak. Horregatik marra bat marraztu nahi zuen lurrean, bidaia
harrigarria egiteko.
Beharbada horretarako daude
mugak, urrutiko lurraldeetako istorioak konta ditzagun. Baina utz dezagun orain
haurra bere marra egiten.
Urdaburu
mendia ez da garaia, mendi txikia da, 600 m ingurukoa, erraz igotzekoa. Gora
helduta ordea bista ederra zabalduko da gure aurrean. Gure azpian Añarbeko baso
eder eta zabala. Mendi zoragarriak eta han urrutian Donostia, Hernani, Oiarso
bailara, Bidasoa bailara. Nafarroa, Gipuzkoa, Lapurdi gure begi bistan. Eta
itsasoa. Urdaburu mendian bertan mugarria dago hiru muga seinalatuz: Donostia, Hernani
eta Errenteria. Eta gainean eserita non ote zauden pentsatzen duzu. Ez duzu,
baina, marrarik ikusten lurrean. Eta pentsatzen duzu, “hau ote da nire mundua? Ba ote dago mundurik mendi eta itsaso horien
gainetik? Gure lekua munduan, nola zehaztuko ote da?” Entzun dezagun neska
honen istorioa.
Neska
batek jakin nahi izan zuen noraino heltzen zen mundua. Entzuna zuen han,
urrutian, sekulako amildegia zegoela itsasoko urak handik behera jausten
zirelarik. Munduaren amaiera omen zen hura.
Etxekoak
agurtu, eta abiatu zen. Bidaia luzea izan zen. Etxeko leihotik ikusten ziren
mendiak zeharkatu zituen, bere munduaren mugak. Handik goitik sekulako zelai
zabal eta amaigabeak ikusi zituen. Gurutzatu zituen basoak eta errekak,
basamortuak eta oihanak. Herri eta jende harrigarriak ezagutu zituen. Eta
munduaren amaieraz galdetutakoan denek erantzuten zioten: “Aurrerago, aurrerago”.
Ardien
istorioa gogoratu zuen.
Bizidun
guztiek hitz egiten zutenean ardiak belar goxoetako pentzeen bila zebiltzan.
Baina burua makurtu eta belarra jaten hasi behar zirenean belarrak esaten zien:
“Aurrean goxo, aurrean goxo”. Eta
aurrerago abiatzen ziren. Baina belarrak beti berdin: “Aurrean goxo, aurrean goxo”. Azkenean ardiek erabaki zuten: “Bertan goxo, bertan goxo”. Eta ordutik
ardiak ikus ditzakegu gure mendietan belar goxoa bazkatzen.
Non
amaitzen zen mundua? Aurrerago, aurrerago? Neska gogoeta hauetan zegoen txabola
bakarti batera heldu zenean. Baso bateko zabaldi batean zegoen. Etxetoaren
kanpoaldean eserita agure bat zegoen. Egonean.
Neska
agurearengan heltzen den bitartean zerbait kontatuko dizuet.
Ardiak
gobernatzen ari ginela, jaisten, edo bazkatzen, edo oloa ematen, badakizue
“berotzeko”, udan goi larreetara igorri aurretik; Manexek erran zidan, inongo,
ustez, aitzakiarik gabe: “Jarraitu
horrela, eskuaraz mintzatzen, hori gabe ez baikara ezer”. Eta bere lanean
jarraitu zuen. Azkarateko baserrian sortua, Garazitik gertu, Ameriketan artzain
egona zen, Nevadan; ahatik, bere mundua eskuaraz zen, frantsesa arras
estrainioa zuelarik.
Hamabostean
behin muga zeharkatzen nuen trenez, Hendaiaraino. Han Baionara beste trena bat
hartu. Eta azkenik Baionan, Garaziraino hirugarren trena. Aldi oro, Nazioarteko
Zubian, Toporen derrigorrezko geltokian, poliziek jende artetik atera eta itxoiteko
eskatzen zidaten, nire dokumentazioa atxikiturik. Auskalo zer konprobazioak
egin eta gero aurrera jarraitzen uzten ninduten. Muga zeharkatzea ez baitzen
uste bezain libre. Baserrira arribatuta, dokumentazio bakarra hizkuntza zen,
izatea ez baitzegoen zenbakidun identifikazio dokumentu batean.
Utz
ditzagun kontu hauek eta jakin dezagun zertan ari den neska, agurearen etxera
heltzen utzi duguna.
Agurea
txabolaren kanpoaldean zegoen eserita. Egonean. Neska beregana hurbiltzen ikusi
du. Bere ondora heldutakoan elkar agurtu dira. Gizonak neska esertzen gonbidatu
du eta inguru haietan zertan ari den galdetu dio. Eta neskak: “Mundua non amaitzen den ezagutzeko bidaia
egiten ari naiz”. Gizonak, isilune baten ondoren esan zuen: “Zergatik?” “Kuriositateagatik agian, ez dakit. Baina
harantzago zer dagoen jakin nahiko nuke?”. “Nik – esan zuen agureak-, inguru
hauek baino ez ditut ezagutu. Nire txabola hau, inguruko zelaiak, basoa, eta
mendi horiek. Hori da nire mundua, baina gustukoa dut hemen esertzea, lasai,
eta begira jarri, aldi oro detaile berriak deskubritu, naturaren etengabeko
aldaketa. Eta egunero zerbait edo norbait berria ezagutzen dut. Zu, esaterako.
Agian mundua zabala izango da, nire imajinazioan kabitu ezina, galdera ordea,
da, zer lekua dut nik mundu horretan? Zuk zure lekua aurkitu duzu bidaia hori
eginaz?”
Neskak
ez zekien zer erantzun. Agurearen ondoan eserita inguruari erreparatu zion,
zelaiari eta basoari, mendiei, naturaren soinuei, errekaren bideari.
Zertan
ari ote da marra bat egiten utzi dugun haurra? Ikus dezagun. Etxe aurreko
jolaslekuan marra bat egiten hasi zen; marra hori luzatuz etxe baten forma
egiten hasi zen. Azkenean etxe eder bat egin zuen, balkoia eta guzti. Gero
barnean jarri zen eta esan zuen: “Hau da
nire etxea”. Norbaitek, guraso edo inguruko pertsona helduren bat segur
aski, esan zion: “Baina etxeari ez diozu
aterik jarri, lapurrak sartuko zaizkizu”. Haurrak orduan erantzun zuen: “Etxeak ez du aterik jendea bisitan etor
dadin, lagunik gabeko etxea aspergarria baita.”
E cric cric
Mon conte es finit
E cric crac
Mon conte es acabat
Passi per mon prat
Ambe una culhèra de favas que m’n donat.
Pauen egindako Encontres Literaris 2Penents topaketetan irakurritako testua
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina