“Edozein espazio soila har dezaket eta
eszenatoki biluzia dei dezaket. Gizon bat dabil espazio huts horretan beste
batek begiratzen duen bitartean, eta hauxe da behar den guztia antzerki ekintza
bat egiteko. Baina antzerkiaz ari garenean, ez dugu zehatz-mehatz hori esan
nahi.” Hitz hauekin hasten du Peter Brook-ek “Espazio hutsa” bere lan
ezaguna. Jakina, hau hasiera besterik ez da, hortik aurrera antzerkigintzaz
lezio ederra garatzen du. Orain ordea, gera gaitezen kezka horrekin, alegia,
zertaz ari gara antzerkiaz ari garenean? Abia gaitezen soiltasunetik,
antzerkigintzaren hutsetik, Xabier Letek eta Eugenio Arozenak Intxixu antzerki
taldearentzat idatzitako “Antzerkia deuseztik izatera” hartan hasi ziren gisa. Lan
honetan kobazuloetatik egungo gizakiarenganako bidaia egiten da antzerkia
adierazpen ezberdinak bidelagun.
Brookek
duen antzerki ekintza soil hori agian lotu daiteke kobazuloetako garai haiekin,
ezdeusa horrekin gizabanakoaren izatearen eta munduaren gaineko gogoetak eta
kezkak azaltzeko nahikoa zutenean. Historiaren garapenarekin batera antzerkia
garatuz joan zen ordea. Espazio huts hura betetzen. Eszenatokia eraikin batez
estali zen. Antzokia eraikin dotorea bihurtu zen. Eta, horrekin batera,
eszenatokiaren gaineko gizon hark garrantzia galdu zuen edukinontziaren alde.
Antzerkira joatea espazio batera joatea bihurtu zen. Espazio bete batera, gauzez
betea. “Esan ohi dugu, zinemak antzerkia
hiltzen duela, eta esaldi horrekin zinema sortu zeneko antzerkiaz ari gara. Leihatiladun
antzerkia, egongeladuna, ikusleak trabarik gabe ilara artean pasa dadin
besaulki tolesgarriak duen antzerkia, kandilejak, dekoratu aldaketak, ekitaldi
tarteak, musika, definizioz antzerkia hori eta zerbait gehixeago izango balitz
bezala.”
Badira
urte batzuk idazle ingelesak lan ezagun hori argitara eman zuela. Badira urteak
ere Lete-Arozena bikoteak ezdeusatik irteteko bidaia eszenikoa proposatu
zuenetik. Krisiaren aurrekontuak osatzen ari diren honetan atzerako bidaia
egiten ari dira ere, hutsera, alegia. Antzerkia eszenatoki hutsa bihurtzen ari
da. Eraikinak hor daude, euren leihatilekin, besaulki tolesgarriekin, oihal eta
dekoratuekin, baina platearen erdian jartzen bazara ez duzu taula zeharkatzen
ari den gizonaren pausurik entzungo. Ezta Xelemon
antzez jokoa. Antzerkia biluzik sumatuko duzu, antzezlariak kalean baitaude,
eraikinetik kanpo hutsaren hurrengoa antzezten.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina