Antzerkian laugarren pareta aipatu ohi
da eszenatokia eta ikusleen artean nolabaiteko muga ikusezina bezala,
komunikazio zuzena eragozten duena. Kontalaritzan berriz, laugarren pareta
horren ideia ezinezkoa da, izan ere ipuinak kontatzeak derrigorrez ekarriko
baitu ikuslearekin harreman zuzena. Kontalariak ezingo luke ipuinik kontatu
aurrean duenarekin kontatu gabe. Hartu eman zuzen horretan eraikitzen da kontatze
ekintza. Ipuina aldi oro aldatzen da. Kontalariak aldaera berriak ekarriko ditu
narrazioetara, batzuetan nabarmenak, bestetan soma ezinak ia; baina kontaldi
bakoitza ezberdina izango da.
Dena dela, kontalaritzak badauka bere
laugarren pareta ere, segur aski antzerkiarena baino zailagoa hausteko,
oraingoz bederen. Laugarren pareta hori ikusezintasunarena da. Ordizian edo
Tolosan bizi ez den ipuinzale bati galdetzen badiogu zer iruditu zaion bi herri
horretan bosgarren urtez antolatzen den Ahoz Aho nazioarteko ipuin jaialdia,
segur aski erantzungo du, harrituta, ez zuela horren berri. Eta ez da
harritzekoa, izan ere hedabideetako kultur sailetan ipuin kontaketa jaialdiek
ez baitute merezi lau lerro ziztrin. Euskal Herrian ospatzen diren ipuin
jaialdien informazioa tinta sinpatikoarekin inprimatzen dira kultura
orrialdeetan. Ipuin ikuskariak inexistentziara kondenatzen dira. Kontalaritza
kontenporaneoaren proposamen artistikoak, horien gaineko gogoetak, helduentzako
ikuskariak, laugarren pareta horren atzean ezkutatzen dira. Antzerkian bezala
ere hormatzar hori hautsi beharrean gaude, ipuin kontaketa bizirik dirauela
jakin dadin. Gaur ospatzen den Nazioarteko Kontaketaren Egunean ere.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina