2012(e)ko irailaren 3(a), astelehena

Kontzientziaz


“Gure mugen kontzientzia da, berez, gure errealitatearen kontzientzia. Etsipenaren eta zalantzaren lainoaren erdian, posible da gauzak aurrez aurre hartzea eta bertatik bertara borrokatu: gure mugetatik abiatuz, baina horiek berak borrokatuz.  
         Hau horrela izanik, konbentzituentzat idatzitako literatura “iraultzailea” bezain desertorea izango da, norbere zilborraren goraipamenerako kontsakratutako literatura kontserbadorea”
         Eduardo Galeanok literaturaren gainean aspaldian idatzitako lerroak dira. Aipuak baino ez diren lerro hauek, gogoeta luzeago baten barnean eginikoak dira, idazleak jendartean bere ofizioaz duen jarrera eta irudia aintzat hartuz. Idazle uruguaiarrari gogoeta lapurtuz, alda dezagun idazlea kontalariagatik, izan ere alde handirik ez baitago, batak letrak paperean jartzen baititu eta besteak hitzak airean. Egin dezagun gogoeta kontalariak egungo krisi eta aldrebeskeri egoeran hartzen duen lekuaz. Kontalariak jendeari mintzatzen zaio irudimenaren lurraldetik, istorioak ekartzen dizkio gogora, kondairak eskaintzen dizkio aurrean duenari irudimenaren bidezidorretan abia dadin. Nora eraman nahiko du ikusle/entzulea? Zein gogoetatik abiatuko da parekoa gogoetan jartzeko? Kontzientziak ernetzearen beharra aipatu ohi da maiz, baina ernaturik al du kontalariak bere kontzientzia? Jendeari mintzatzen zaion kontalaria, bizi duen jendartearen zein lekutik zuzentzen zaio? Beste pasarte batean Galeanok aipatzen du idazleak solaskideak behar dituela, ez miresleak. Kontalariak zer behar du? Etsipenaren eta zalantzaren erdian kulunka, nola heltzen dio etorkizunaren itxaropenari?

2012(e)ko abuztuaren 22(a), asteazkena

Ipuinen sorrerak

Hemen ondoan bazen etxe bat, orain berria dagoen lekuan; ba esaten zuten, bertan bizi ziren ahizpak sorginak zirela. Nik ezagutu nituen eta txikitan kontatzen ziguten...». Mendaroko taberna batean nengoen, eta ipuin saioaren ostean ikusle egondako gizon bat kontatzen hasi zitzaidan neronek askotan kontatutako ipuina, ezagutzen ditudan bertsioetatik bat. «Hori esaten zuten...», zioen gizonak. Zerbezak eskuan gertatzen diren gauza harrigarriez aritu ginen. Galdera zaharra da. Nondik sortzen dira ipuinak? Ez naiz ari, jakina, idazle batek paper gainean bere mundu imajinariotik letretara eramandako istorioaz; kultura guztietan ahoz aho igaro diren kontakizunez baizik. Izango zen une bat ipuina abian jarri zenekoa; norbaitek lehenengoz kontatu zuena. Idazketan ez bezala, ahotik ahora igaro den kontaketa aberasten joan da, eboluzionatzen, eraldatzen; pertsonak, etxeak, herriak, herrialdeak bidaiatuz. Eta bidaia horretan ipuina berezko izaera hartzen joango da, etengabeko aberaste eta eboluzionatze batean. Kontalaritza garaikideak ipuin horiek hartu eta izaera eszenikoa emango die, hitzaren kirol hori bestelako proposamen artistiko gisa eskainiz. Kontalari modernoa kultur altxor horren bersortzailea izango da, herri sormenari ikuspegi ezberdina emanez, ipuinak kontatzea arte eszeniko bihurtuz. Eta, agian, halako batean, lagun arteko pasadizoak eszenara eramango ditu, hitzak ahotik ahora errealitatearen mundutik fantasiaren eta sormenaren mundura bidaian eramanez. Izan ere, kontalaria bere mundu imajinarioetan barrena abiatzera gonbidatzen gaituen sortzailea da.

2012(e)ko ekainaren 26(a), asteartea

Trasmisioa

Eman dezagun hemendik ehun urtera antropologia ikerlari batek nahi duela bildu eta aztertu aiton-amonek dakizkiten ipuinak eta kontu zaharrak. Beraiengana joko du hainbat tresna teknologikorekin zaharren ahozko altxor narratiboa jasotzeko asmoz. Zein istorio jasoko ditu? Nola kontatuko dizkiote? Zein izango da lekua eta unea ipuin horiek biltzeko? Non egongo da amona? Sutondoan? Noiz eta nondik jasoko luke buruan duen altxor hori? Nolako imajinarioa deskubrituko du ikerlariak? Nolako mundu fantastikoa?
Gilka Girardello ipuinaren ikerlari eta kontalari brasildarrak ohartarazi zidan behin nola aldatzen ari den ipuinen egitura hedabideetan eta, askotan, liburuetan eskaintzen den ereduaren ondorioz. Eredu bakarra zabaltzen ari da, mendeetan munduko kultur anitzek eraiki eta sendotutako eredu berezien kaltetan. Globalizazioa kontaketan ere gertatzen ari dela zioen kezkatuta. Ordura arte, horretaz konturatu ez eta agian arrazoia zuela ikusi nuen. Kontatzeko moduak, narrazioaren ereduak nondik jasotzen ditugun eta garatzen dugunaren garrantziaren gainean gogoeta egitea kontalarion lana ere badela ikusarazi zidan. Gure aurrekoek egin bezala, guk ere aberastu, sendotu eta izaera propioa eman beharko genioke geure narrazioari, eredu globalizatuari muzin eginaz.
Baina kontalariak ez izan arren, bestelako pertsonek ere ondorengoei zein ipuin eta istorio transmitituko dizkieten, horren garrantzia ikusi beharko dute, eta nola kontatuko dizkieten. Hemendik ehun urtera gure ondokoengana helduko den ikerlariak, aspaldiko telebista batean (edo liburutegi batean) ikasitako istorio bera eta berdin kontatua jaso ez dezan.

2012(e)ko ekainaren 19(a), asteartea

Ipuinen misterioa

Beste urte batez Guadalajaratik (Espainia) itzulia egin dugu. Beste urte batez liluratuak Ipuinen Maratoiak biltzen duen jendearekin eta hiriak hartzen duen bizi pozarekin. Beste urte batez, aspaldiko lagunak agurtu, berriak egin, zerbezak konpartitu, berriketaldiak, ipuinak, lo eskasa. Ipuinekin goiz, arratsalde eta gauak bete dira. Plazak, kaleak, zokoak, jauregiak eta tabernak. Aurten Europako hainbat herrialdetik etorritako kontalariak euren ipuin misteriotsuak ekarri dituzte eta horien gainean bizpahiru egunez aritu dira, propio antolatutako mintegian, ipuinen misterio bideak zabaltzen. Eta, jakina, beste urte batez Guadalajaratik bueltan nekea ekarri dugu, baina baita ipuin berriak zakuan, ideia mordoak eta ikasbideak ere.
Hiru egunetan ezin ikusi kontalari guztien istorioak eta ikuskariak, deskantsurako beta ere hartu behar baita, zorionerako edo zoritxarrerako, ikusi nahiko zenituzkeen hainbat ikuskari galdu egiten baitituzu. Nik, bereziki, Pepito Mateo frantziarra ikusi nahi nuen, eta merezi izan zuen zinez.  Pepito Frantziako kontalaritza berriaren aintzindarietako bat da, eta bere lana arras interesgarria iruditzen zait. Guadalajaran ikusi genuen espektakuluan, istorio ederrez gain, eszena gainean duen abilezia erakutsi zigun. Eskenatoki hutsa goitik behera errekorrituz espazio imajinarioak irudikatu arazten dio ikusleari. Gorputzaren erabilera, itxuraz sinplea, baina lanketa sakonaren erakusle, dimentsio harrigarria ematen zion kontakizunari. Eszena gainean duen kontrola sekulakoa da eta horrek espektakulua erabat dinamizatzen du. Ez da kontalari estatiko bat, eszena erdian jarri eta ipuinak eskainiko dituena, aitzitik, espazio osoa berea egiten du, goitik behera, eskerretik eskuinera, eta une oroz ikuslearekin sortzen duen konplizitatea liluragarria da. Ikusi beharreko kontalaria.
Azken hogeita bat urtetan Guadalajarako liburutegiko lagunek antolatutako jaialdi honek kontagintzan izan duen  eragina ezinbestekoa  da. Ez da ipuinak entzuteko eta kontatzeko jailadi soila, topagune bat ere bada. Bertan, hango eta hemengo kontalariek egiten dugu topo, aspaldikoak eta hasi berriak. Eta guztia zaletasunaren indarrarekin antolatzen dute, askotan beharreko laguntza instituzionalak trabaz beterik heltzen baitira. Harrigarria da halako ekimen handiak nola ez duen sona gehiago hedabideetan, nola instituzioek ez duten beharko lukeen moduan hartzen. Zorionez liburutegiko lagunak ez dira kikiltzen eta aurrera egiten dute, jakinik herritarren zein kontalarien laguntza badutela. Izan ere kontalariok gurea bezala hartzen dugu, edo hartu beharko genuke, Ipuin Maratoi hau. Arnas bidea delako, gure hitzak esan eta berriz esan  ari delako. Ipuingintzak behar ditu halako ekimenak. Jendarteak behar ditu. Askotan entzun ohi da halako edo honako musika talde ospetsua bizitzan behin ikusi behar dela zuzenean; ba niretzat Guadalajarako Ipuin Maratoia  ikustea eta bertan parte hartzea, bizitzan behin edo bitan gozatu beharrekoa da. Joan eta damutu denik ez dut oraindaino inor ezagutu. 

Misterioaren ipuinak azaldu dira aurtengo Maratoian; agian benetako misterioa da hitz soilak, hitz biluziak pertsona humanoengan duen erakargarritasuna eta eragina. Ipuinak ez dira denbora pasa soila, gure izatearen misterioa argitzen laguntzen dizkiguten kontakizun liluragarriak baizik.

2012(e)ko maiatzaren 30(a), asteazkena

Hitzen perratokitik


         Udaletxeko plaza honetatik behera, hegoalderantz tipi-tapa joan eta joan, joan eta joan, joaten bazarete, beti gorantz, Zamalbide eta Bentak pasata, Listorreta eta Barrengoloiatik gora, Susperregi ondotik, ba, Idoiara helduko zarete. Jakina tipi-tapa beharrean, brum-brum abiatu nahi izanez gero berdin helduko zarete Idoiara. Norberak aukeran.
         Hortik aurrera, derrigorrez, oin bat bestearen aurretik jarraitu beharko duzue. Eta segituan, Malbazarreko lepora ailegatuko zarete. Han, goiz helduz gero, egun ederrean, udazkenean, edo berdin udaberrian, hegoaldera begira jarrita, han behean Ainarbeko basoa sumatuko duzue, ez ikusi, sekulako lanbro itsasoak ezkutatu eta gordeko baitu; bitxi preziatua kotoi bigun eta txurian gordetzen den bezala.
         Oraindik, ordea, ez gara heldu. Eskuinerantz hartuko duzu, eta azken aldapa malkartsua (eta madarikatua, zergatik ez) gainditu ostean, Urdaburu mendian zaude. Mugetako mendia; mendi apala eta harroa era berean. Eta Espronceda poeta erromantiko espainiarraren (bere buruaz beste tiro batez egin zuena, erromantiko totalaren arima erakutsiz)Pirataren Kanta poema ospetsuaren antzera (“Asia a un lado, al otro Europa…”), Urumealdeko lurrak eta Oiartzunaldekoak zabalduko zaizkizu, eder eta sendo. Iparrera begiratuz berriz, poema horretan bezala (“y allá a su frente Estambul”), Orereta eremu porlaneztatua izango duzu. Katalejo indartsua bazeneuka (Google earth modukoa) kasko zaharrerantz zuzenduko zenuke. Kasko zaharrean taberna batean sartuko zinateke. Eguerdi partean, edo, agian, ilunabarrean. Bertan egonez gero ikusiko zenuke sartzen, eta entzungo ere, agur luzearekin: “Aaaaaio!”, azken o hori ederki markatuz.
         “Basoerdi bat, normala, arrunta. Zer egingo diogu ba, hau ere behar da, pozteko pixka bat, badakizu”. Hitzak motel, arrastaka bezala, erremerre, ahul antzera botako ditu. Imajinatzen duzu patrikan paper puxka bat, edo bi, izango dituela. Bertan poema bat eta olerki bat. Poema erdaraz. Olerkia euskaraz. Poemak porlana, asfaltoa, fabrika, langileria eta kalea hitzak izango ditu, segur aski. Olerkian, beharbada, mendia, natura, euskara, aberria agertuko dira. Bi mundu ezberdin balira bezala, bi hizkuntzetan, bi paperetan; patrika bakarrean ordea.
         “Bueno, joan beharko dugu, badakizu irratian badago zer eginik. Hori ezin da utzi!”
         Sta Klara kalearen amaieran bazen perratokia. Orain dela urte asko (edo ez hainbeste, badakizue, denboraren erlatibitatea…), burniak perrak bihurtzen entzuten zen, dinbilin-danbala. Behiak airean zapatak berritzen. Desagertu zen hura, ez ordea soinuaren hotsa, airean oraindik zabaltzen. Basoerdiaren ostean, hitzen perratokian, dinbilin-danbala, patrikatik papera atera eta, beharbada, nork jakin, Agustinek irakurriko zuen Urdaburu gainetik ikusitako munduaren eta bizitzaren lilura.

Agustin Sarasolaren omenez egindako ZNN jardunaldietan, Espaloietan Hitza ekitaldian irakurritako testua.

Profesionalak


Tarteka agertu ohi den eztabaida da, baina beti airean dagoena, profesionaltasunarena kontalaritzan. Nor ote profesional? Zer da profesionala izatea? Irtenbiderik gabeko bidea dirudi askotan, norberaren definizioa gailentzen delarik normalean. Hala ere, ez da makala auzia. Izan ere, bi aldetatik uler daiteke profesionala izatea. Alde batetik, kontalaritza ofizio gisa duenarena; eta bestetik, lana ondo egina izatearena. Askotan elkarren kontra daudela dirudien arren, batak ez du bestea kentzen. Baina arazoa ez da amaierarik gabeko eztabaida hau, bestelakoa baizik.
Zer gertatzen zaio, ordea, ipuin kontaketa ofizio gisa daukanari? Ofizioa diot bizibidea hori denean. Aipa genezake alde administratiboa, alegia, zergak eta horren inguruan ematen den auzia. Administrazio publikoa kultur mailan ia ugazaba bakarra den aldetik, zer-nolako baliabideak jartzen ditu kultur sortzaileen lana ahalik eta prekarietate txikienean egon dadin? Ikusi dugu, kultur aurrekontuak murriztu eta ordainketak atzeratu, esaterako. Hori guztia, labur esanda.
Bestalde, zer-nolako irudia dago zabalduta jendartean kontalarien gainean? Gutxi gorabehera ia denbora-pasa gisa egiten den jarduna eta batez ere, haurrak dibertitzeko baliagarria dena; eta jakina, horretan sos handirik ez du merezi gastatzea. Gainera hori ez da lana, afizioa baizik. Baina guztiok gure lana ahalik eta ondoen egin dezagun eskatzen digute, Jainkoak emandako ahalmena balitz bezala.
Profesionaltasuna, aipatu bi aldeetatik, guri eskatzea normala da. Baina gure aldetik ere «profesionaltasuna» eskatu beharko genieke gure ofizioaz ari direnei ere.

GARA egunkarian argitaratutako zutabea

2012(e)ko maiatzaren 15(a), asteartea

Oroimeneko Portuak


        Txikitatik maite izan dut Sanjuaneko plazan, edo Bonantza pasealekuan jarrita, merkanteak eta baporeak pasatzen begiratzea. Itsasoak lurraren barnera egiten duen kanal estu horretatik pasatzerakoan gertu gertu ikusten dituzu. Kanporantz doazela, bokanatik kanpo, pentsatzen duzu nora ote doazen, zein urrutiko lurraldeetara, zer nolako itsas bidaia izango dute itsasertzean galtzen direlarik. Eta sartzen direlarik, nongo notiziak ekarriko ote dituzte? Ternuatik garai batean etortzen ziren bouak, hilabeteak munduaren bestaldeko itsas izoztuetan eman eta gero, bakailaoez gain, kontakizun harrigarriak ekartzen zituzten. Ternuako itsas lanbrotsu eta izoztuan galdutako txalupan jasotako marinelarena esaterako.
         Kontalarioi egiten diguten ohiko galdera izaten da, ea nola demontre gogora dezakegu hainbeste ipuin. Nik, oroitzen ez ditudala erantzuten dut, buruan daudela, txokoren batean, eta behar denean irteten direla. Orduan, ipuinak bere bidaia egiten du eta hitzak dira ipuin hori daramaten baporea. Bestetan kontrako bidea egiten dute. Istorio bat beste baten ahotik entzun eta memoriaren itsas bide horretatik sartzen joaten da nire oroimenean lehorreratu arte.
         Ipuinak oroimeneko portuan imajinatzen ditut nik, noiz itsasoratzeko zain. Pasaiako portuan bezala, bokanatik aurrera itsas zabalera abiatzen direnean, badakizu zein den bere zama, badakizu zein beste portura doazen, ez dakizu, ordea, bidaian izango dituzten gora beherak. Kontalariaren lana izango da, lehorretik begira dagoenari itsasoan barrena doan ontzian igotzen gonbidatzea. Norberak bere oroimeneko portua izan dezan.