Txikitatik
maite izan dut Sanjuaneko plazan, edo Bonantza pasealekuan jarrita, merkanteak
eta baporeak pasatzen begiratzea. Itsasoak lurraren barnera egiten duen kanal
estu horretatik pasatzerakoan gertu gertu ikusten dituzu. Kanporantz doazela,
bokanatik kanpo, pentsatzen duzu nora ote doazen, zein urrutiko lurraldeetara,
zer nolako itsas bidaia izango dute itsasertzean galtzen direlarik. Eta sartzen
direlarik, nongo notiziak ekarriko ote dituzte? Ternuatik garai batean etortzen
ziren bouak, hilabeteak munduaren bestaldeko itsas izoztuetan eman eta gero,
bakailaoez gain, kontakizun harrigarriak ekartzen zituzten. Ternuako itsas
lanbrotsu eta izoztuan galdutako txalupan jasotako marinelarena esaterako.
Kontalarioi egiten diguten ohiko galdera
izaten da, ea nola demontre gogora dezakegu hainbeste ipuin. Nik, oroitzen ez
ditudala erantzuten dut, buruan daudela, txokoren batean, eta behar denean
irteten direla. Orduan, ipuinak bere bidaia egiten du eta hitzak dira ipuin
hori daramaten baporea. Bestetan kontrako bidea egiten dute. Istorio bat beste
baten ahotik entzun eta memoriaren itsas bide horretatik sartzen joaten da nire
oroimenean lehorreratu arte.
Ipuinak oroimeneko portuan imajinatzen
ditut nik, noiz itsasoratzeko zain. Pasaiako portuan bezala, bokanatik aurrera
itsas zabalera abiatzen direnean, badakizu zein den bere zama, badakizu zein
beste portura doazen, ez dakizu, ordea, bidaian izango dituzten gora beherak.
Kontalariaren lana izango da, lehorretik begira dagoenari itsasoan barrena doan
ontzian igotzen gonbidatzea. Norberak bere oroimeneko portua izan dezan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina