“Gure mugen
kontzientzia da, berez, gure errealitatearen kontzientzia. Etsipenaren eta
zalantzaren lainoaren erdian, posible da gauzak aurrez aurre hartzea eta
bertatik bertara borrokatu: gure mugetatik abiatuz, baina horiek berak
borrokatuz.
Hau
horrela izanik, konbentzituentzat idatzitako literatura “iraultzailea” bezain
desertorea izango da, norbere zilborraren goraipamenerako kontsakratutako literatura
kontserbadorea”
Eduardo Galeanok literaturaren gainean
aspaldian idatzitako lerroak dira. Aipuak baino ez diren lerro hauek, gogoeta
luzeago baten barnean eginikoak dira, idazleak jendartean bere ofizioaz duen
jarrera eta irudia aintzat hartuz. Idazle uruguaiarrari gogoeta lapurtuz, alda
dezagun idazlea kontalariagatik, izan ere alde handirik ez baitago, batak
letrak paperean jartzen baititu eta besteak hitzak airean. Egin dezagun gogoeta
kontalariak egungo krisi eta aldrebeskeri egoeran hartzen duen lekuaz.
Kontalariak jendeari mintzatzen zaio irudimenaren lurraldetik, istorioak
ekartzen dizkio gogora, kondairak eskaintzen dizkio aurrean duenari
irudimenaren bidezidorretan abia dadin. Nora eraman nahiko du ikusle/entzulea?
Zein gogoetatik abiatuko da parekoa gogoetan jartzeko? Kontzientziak
ernetzearen beharra aipatu ohi da maiz, baina ernaturik al du kontalariak bere
kontzientzia? Jendeari mintzatzen zaion kontalaria, bizi duen jendartearen zein
lekutik zuzentzen zaio? Beste pasarte batean Galeanok aipatzen du idazleak
solaskideak behar dituela, ez miresleak. Kontalariak zer behar du? Etsipenaren
eta zalantzaren erdian kulunka, nola heltzen dio etorkizunaren itxaropenari?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina