“Baina
ganbekin izan behar du, ez langostinoak edo bestelakorik, ganbak baino ez”.
Pere Sans-ek, beste gauzen artean, sukaldaritza liburuak idazten ditu, eta emakume
bati jasotako baserriko oilaskoa ganbekin ardo beltzean gozatuak errezetaz ohartarazi
zionaz ari zitzaigun. Ez omen zen gustu berdinekoa ateratzen ganbak ordezkatuz.
Osagarri bat edo beste erabiltzeak, antzekoak izanik ere, plater bati nortasun
aldaketa ematen omen dio. Beharbada norbaitek nahiago luke karabinero eder
batzuekin gozatzea gisatua, ganba xume batzuekin baino; baina detaile horrek
dastatzearen beste bide batetik eramango du bazkaltiarra. Platera desbirtuatuta
geratuko litzateke. Gainera ezingo genuke jakin zein gustua edukiko luke
oilaskoa ganbekin egindako elkarketak.
Ipuinak osagarri ezberdinekin
sukaldatzen dira. Kontalari bakoitzak bere errezetak prestatuko ditu, esatearen
sukaldari gisa. Inoiz han edo hemen jasotako ipuinaren errezeta izango du esku
artean, edo ezpain artean, eta horren prestatzeaz egingo du gogoeta; betiko
moduan egin ala berrikuntzak gehitu? Osagai tradizionalei eutsi ala eragin
berriei lekua eman? Tradiziotik jasotako ipuinak errezeten antza dute.
Aspalditik ekarritako herri sorkuntzak dira, egile ezagunik gabekoak, zapore
berezkoak, beren prestatze eta aurkezte bereziarekin, lekuan lekuko aldaerekin.
Dena dela, errezeta horiekin bezala, ipuinetan ere kontalari bakoitzak bere
bertsioa izango du, baina beti ere batean zein bestean, osagarrien gaineko
ezagutza ezinbestekoa da, zein noiz eta nola erabili ez da txatxetakoa. Ez
baitira berdinak ganba bat, zigala edo karabineroa.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina