2012(e)ko otsailaren 8(a), asteazkena

Ipuinen lekuak


   
            Grabazio batean ikusi nuen orain dela gutxi. Lagun batek erakutsi zidan. Quebec-eko merkatu batean jende andana sartzen da. Musikariak dira gehienak, bibolina, soinua, gitarra eta antzekoak jotzen, kalejira ederra osatuz. Eraikinaren erdian dagoen plazatxo baten erdian dagoen mahai batean bibiolin jole bizar zuri bat igo eta istorio bat kontatzen hasten da, musikariek jotzen jarraitzen dutelarik. Gero eta jende gehiago hasten da biltzen mahaiaren bueltan. Kontalariak alde batera eta bestera jiratzen da hitza ahoan eta gorputzean, adoretsu, musikariak lagun. Istorioa amaitzear dagoenean, kontalariaren inguruan sekulako jende multzoa bildu da, festa giroan. Egun horretan merkatua eros lekua baina erromeria lekua bihurtu zen, une batez bederen.
 Garaiotan gero eta pribatizatua gertatzen ari den kalea bizi pozaz hartzea, herritarrak beraiek hiriaren bizitzaren garapenean protagonista bihurtzen laguntzea da. Eta istorioak kontatzea hiriaren espazioak irudimenaz betetzen lagun dezake. Baina ipuinek bestelako espazioak behar dituzte. Kontalari batek sortutako ipuin espektakuloak bestelako lekuak behar ditu, ere. Ipuinak kontatzea ez da, besterik gabe, jendeari istorio ederrekin liluratzea. Baldintza desegokietan, lilura zapuztu egin daiteke. Ipuin ikuskari batek leku egokiak behar ditu, kontalariak bere lana txukun eskain dezan, publikoa eroso egon dadin. Ederra da merkatu bateko mahaian igota ipuin bat kontatzea erosketan dabilen jendeari, espazio publikoak humanizatzen baititu, baina ipuin ikuskariak humanizatzeko bestelako lekuak ere behar dira. Antzokiak igoal?        

2012(e)ko urtarrilaren 24(a), asteartea

Nor da Kontalari?


         Miretsi izan ditut betidanik hitzen esanahiak definitzen dituztenak, hiztegiak osatuz. Kontzeptualizazio ahalmen izugarria izan behar dela iruditzen zait. Definizio asko, ordea, ez dira hiztegietan agertzen diren modukoak, beste interes batzuen arabera osatzen baitira.
         Interesa nuen kontalariaren definizioa nola agertzen den hiztegian. Azkenean topatu nuen Euskaltzaindiak apailatutako Literatura Terminoen Hiztegian. Sarrera luzeagoa da baina lehengo lerroa nahikoa, oraingoz: Kontalari.- Hizkuntza arruntean, istorio bat kontatzen duenari kontalari deritzo (lat: narrator, narratoris). Ongi, nolabaiteko definizio akademikoa banuen. Dena dela nik gehiago nahi nuen, alegia, kontalaria ofizio bezala definituko zuena, hau da ez bakarrik jardun bat gisa, edonork egin dezakeena. Baina ez dut topatu. Are gehiago, Ipuina sarreran aipatzen da “euskal ipuingintza herri tradizioko ipuingintzatik ipuingintza literariorako jauzia” XIX mendean, eta XX garrenean izandako gorakada. Baina inondik ez dut ikusi kontalaririk aipatzen. Beraz arazoa izango da agian “Hizkuntza arruntean” kontatzea, nahiz eta ahozko literatura aipatu kontalaritza ahoan. Beraz, hiztegia begiratuta kontalariok hizkuntza arrunta, ez jasoa, erabiltzen dugunok gara.
Baina nik bakarrik jakin nahi nuen nor den kontalaria, nola definitu gure ofizioko partaideak. Izan ere horretan aritzen baikara azken aldian denbora galtzen. Eta guztia kultur merkatuaren araberako definizioak behar ditugulako. Kontalaria nor den, nork esan? Agian, kultur merkatu arruntean ibiltzearen ordaina izango da hizkuntza arrunta erabili behar izatea.

2012(e)ko urtarrilaren 11(a), asteazkena

Marra bat egin nahi zuen haurrarena


         Jo sabi un conte
         Behin haur bat harrituta zegoen mugako marrak ez zituelako ikusten lurrean, mapetan ageri ohi diren moduan. “Marrarik ez badago, nola dakizu non dagoen muga?”- galdetu zuen. Galderari erantzuna jaso beharrean, mugarrien gaineko kalaka baino ez zuen entzun. Baina agian ez zegoen hain oker, izan ere bi lurralde bereizten duen marra imajinario hori errealitatean ez badago, nola jakin zein lurraldean gauden?, batez ere kontrabandoan aritu nahi badugu, edo ihesean, edo, agian, beste lurralde erakargarri horretako maitale agintz erakargarria are erakargarriagoa izan dadin.
         Haurrak jakin nahi zuen non zegoen, ez marra, bera baizik. Orduan esan zezakeen: “Atzerrian egon naiz!”, eta bere eskolako lagunek aho zabalik entzungo zituzten mugaz bestaldeko jendeen eta lekuen istorioak. Horregatik marra bat marraztu nahi zuen lurrean, bidaia harrigarria egiteko.
Beharbada horretarako daude mugak, urrutiko lurraldeetako istorioak konta ditzagun. Baina utz dezagun orain haurra bere marra egiten.

         Urdaburu mendia ez da garaia, mendi txikia da, 600 m ingurukoa, erraz igotzekoa. Gora helduta ordea bista ederra zabalduko da gure aurrean. Gure azpian Añarbeko baso eder eta zabala. Mendi zoragarriak eta han urrutian Donostia, Hernani, Oiarso bailara, Bidasoa bailara. Nafarroa, Gipuzkoa, Lapurdi gure begi bistan. Eta itsasoa. Urdaburu mendian bertan mugarria dago hiru muga seinalatuz: Donostia, Hernani eta Errenteria. Eta gainean eserita non ote zauden pentsatzen duzu. Ez duzu, baina, marrarik ikusten lurrean. Eta pentsatzen duzu, “hau ote da nire mundua? Ba ote dago mundurik mendi eta itsaso horien gainetik? Gure lekua munduan, nola zehaztuko ote da?” Entzun dezagun neska honen istorioa.
         Neska batek jakin nahi izan zuen noraino heltzen zen mundua. Entzuna zuen han, urrutian, sekulako amildegia zegoela itsasoko urak handik behera jausten zirelarik. Munduaren amaiera omen zen hura.
         Etxekoak agurtu, eta abiatu zen. Bidaia luzea izan zen. Etxeko leihotik ikusten ziren mendiak zeharkatu zituen, bere munduaren mugak. Handik goitik sekulako zelai zabal eta amaigabeak ikusi zituen. Gurutzatu zituen basoak eta errekak, basamortuak eta oihanak. Herri eta jende harrigarriak ezagutu zituen. Eta munduaren amaieraz galdetutakoan denek erantzuten zioten: “Aurrerago, aurrerago”.
         Ardien istorioa gogoratu zuen.
         Bizidun guztiek hitz egiten zutenean ardiak belar goxoetako pentzeen bila zebiltzan. Baina burua makurtu eta belarra jaten hasi behar zirenean belarrak esaten zien: “Aurrean goxo, aurrean goxo”. Eta aurrerago abiatzen ziren. Baina belarrak beti berdin: “Aurrean goxo, aurrean goxo”. Azkenean ardiek erabaki zuten: “Bertan goxo, bertan goxo”. Eta ordutik ardiak ikus ditzakegu gure mendietan belar goxoa bazkatzen.
         Non amaitzen zen mundua? Aurrerago, aurrerago? Neska gogoeta hauetan zegoen txabola bakarti batera heldu zenean. Baso bateko zabaldi batean zegoen. Etxetoaren kanpoaldean eserita agure bat zegoen. Egonean.
         Neska agurearengan heltzen den bitartean zerbait kontatuko dizuet.
        
         Ardiak gobernatzen ari ginela, jaisten, edo bazkatzen, edo oloa ematen, badakizue “berotzeko”, udan goi larreetara igorri aurretik; Manexek erran zidan, inongo, ustez, aitzakiarik gabe: “Jarraitu horrela, eskuaraz mintzatzen, hori gabe ez baikara ezer”. Eta bere lanean jarraitu zuen. Azkarateko baserrian sortua, Garazitik gertu, Ameriketan artzain egona zen, Nevadan; ahatik, bere mundua eskuaraz zen, frantsesa arras estrainioa zuelarik.
         Hamabostean behin muga zeharkatzen nuen trenez, Hendaiaraino. Han Baionara beste trena bat hartu. Eta azkenik Baionan, Garaziraino hirugarren trena. Aldi oro, Nazioarteko Zubian, Toporen derrigorrezko geltokian, poliziek jende artetik atera eta itxoiteko eskatzen zidaten, nire dokumentazioa atxikiturik. Auskalo zer konprobazioak egin eta gero aurrera jarraitzen uzten ninduten. Muga zeharkatzea ez baitzen uste bezain libre. Baserrira arribatuta, dokumentazio bakarra hizkuntza zen, izatea ez baitzegoen zenbakidun identifikazio dokumentu batean.
         Utz ditzagun kontu hauek eta jakin dezagun zertan ari den neska, agurearen etxera heltzen utzi duguna.
         Agurea txabolaren kanpoaldean zegoen eserita. Egonean. Neska beregana hurbiltzen ikusi du. Bere ondora heldutakoan elkar agurtu dira. Gizonak neska esertzen gonbidatu du eta inguru haietan zertan ari den galdetu dio. Eta neskak: “Mundua non amaitzen den ezagutzeko bidaia egiten ari naiz”. Gizonak, isilune baten ondoren esan zuen: “Zergatik?” “Kuriositateagatik agian, ez dakit. Baina harantzago zer dagoen jakin nahiko nuke?”. “Nik – esan zuen agureak-, inguru hauek baino ez ditut ezagutu. Nire txabola hau, inguruko zelaiak, basoa, eta mendi horiek. Hori da nire mundua, baina gustukoa dut hemen esertzea, lasai, eta begira jarri, aldi oro detaile berriak deskubritu, naturaren etengabeko aldaketa. Eta egunero zerbait edo norbait berria ezagutzen dut. Zu, esaterako. Agian mundua zabala izango da, nire imajinazioan kabitu ezina, galdera ordea, da, zer lekua dut nik mundu horretan? Zuk zure lekua aurkitu duzu bidaia hori eginaz?”
         Neskak ez zekien zer erantzun. Agurearen ondoan eserita inguruari erreparatu zion, zelaiari eta basoari, mendiei, naturaren soinuei, errekaren bideari.
         Zertan ari ote da marra bat egiten utzi dugun haurra? Ikus dezagun. Etxe aurreko jolaslekuan marra bat egiten hasi zen; marra hori luzatuz etxe baten forma egiten hasi zen. Azkenean etxe eder bat egin zuen, balkoia eta guzti. Gero barnean jarri zen eta esan zuen: “Hau da nire etxea”. Norbaitek, guraso edo inguruko pertsona helduren bat segur aski, esan zion: “Baina etxeari ez diozu aterik jarri, lapurrak sartuko zaizkizu”. Haurrak orduan erantzun zuen: “Etxeak ez du aterik jendea bisitan etor dadin, lagunik gabeko etxea aspergarria baita.”

E cric cric
Mon conte es finit
E cric crac
Mon conte es acabat
Passi per mon prat
Ambe una culhèra de favas que m’n donat.

Pauen egindako Encontres Literaris 2Penents topaketetan irakurritako testua

2012(e)ko urtarrilaren 10(a), asteartea

Orimena galdu zuen gizonarena

Oroimena nabigatzen duen baporea da.  Itsas bare eta altxatuen artetik. Eta portura heltzerakoan nabigazioa du akorduan.
Eta gizon hark oroimena galdu zuen.
Naufragoa zen bizitzan. Ez zuen bizitako ezer gogoratzen, hargatik, bizitza berria asmatu zuen. Eta guztiei kontatzen zizkien gertatu gabeko gertakizunak.
Behin, gazte batek ezagutu egin zuen. Gizonaren oroimen ahaztuak ezagutzen zituen. Eta kontatu egin zizkion. Oroimena galdu zuen gizonak pentsatu egin zuen. Eta oroimena galduz geroztik bizitakoa baloratu egin zuen. Baloratu egin zituen gazteak ekarritako gomutak. Eta erabaki egin zuen.
Oroimena galdu zuen gizonak ahanzturan bizitzea erabaki zuen. Ez zuen maite itsas nahasiak ezta ozeano amaigabeak nabigatzea. Nahiago zuen egun batean arribatu zen portu hartan gelditzea.
Gizona hil egin zen, eta gazte hark haren oroimena ekarri zuen gogora. Baina inork ez zion sinetsi.

2011(e)ko abenduaren 16(a), ostirala

Antzerki Biluzia


         “Edozein espazio soila har dezaket eta eszenatoki biluzia dei dezaket. Gizon bat dabil espazio huts horretan beste batek begiratzen duen bitartean, eta hauxe da behar den guztia antzerki ekintza bat egiteko. Baina antzerkiaz ari garenean, ez dugu zehatz-mehatz hori esan nahi.” Hitz hauekin hasten du Peter Brook-ek “Espazio hutsa” bere lan ezaguna. Jakina, hau hasiera besterik ez da, hortik aurrera antzerkigintzaz lezio ederra garatzen du. Orain ordea, gera gaitezen kezka horrekin, alegia, zertaz ari gara antzerkiaz ari garenean? Abia gaitezen soiltasunetik, antzerkigintzaren hutsetik, Xabier Letek eta Eugenio Arozenak Intxixu antzerki taldearentzat idatzitako “Antzerkia deuseztik izatera” hartan hasi ziren gisa. Lan honetan kobazuloetatik egungo gizakiarenganako bidaia egiten da antzerkia adierazpen ezberdinak bidelagun.
         Brookek duen antzerki ekintza soil hori agian lotu daiteke kobazuloetako garai haiekin, ezdeusa horrekin gizabanakoaren izatearen eta munduaren gaineko gogoetak eta kezkak azaltzeko nahikoa zutenean. Historiaren garapenarekin batera antzerkia garatuz joan zen ordea. Espazio huts hura betetzen. Eszenatokia eraikin batez estali zen. Antzokia eraikin dotorea bihurtu zen. Eta, horrekin batera, eszenatokiaren gaineko gizon hark garrantzia galdu zuen edukinontziaren alde. Antzerkira joatea espazio batera joatea bihurtu zen. Espazio bete batera, gauzez betea. “Esan ohi dugu, zinemak antzerkia hiltzen duela, eta esaldi horrekin zinema sortu zeneko antzerkiaz ari gara. Leihatiladun antzerkia, egongeladuna, ikusleak trabarik gabe ilara artean pasa dadin besaulki tolesgarriak duen antzerkia, kandilejak, dekoratu aldaketak, ekitaldi tarteak, musika, definizioz antzerkia hori eta zerbait gehixeago izango balitz bezala.”
         Badira urte batzuk idazle ingelesak lan ezagun hori argitara eman zuela. Badira urteak ere Lete-Arozena bikoteak ezdeusatik irteteko bidaia eszenikoa proposatu zuenetik. Krisiaren aurrekontuak osatzen ari diren honetan atzerako bidaia egiten ari dira ere, hutsera, alegia. Antzerkia eszenatoki hutsa bihurtzen ari da. Eraikinak hor daude, euren leihatilekin, besaulki tolesgarriekin, oihal eta dekoratuekin, baina platearen erdian jartzen bazara ez duzu taula zeharkatzen ari den gizonaren pausurik entzungo. Ezta Xelemon antzez jokoa. Antzerkia biluzik sumatuko duzu, antzezlariak kalean baitaude, eraikinetik kanpo hutsaren hurrengoa antzezten.

2011(e)ko abenduaren 13(a), asteartea

Zer kontatu? Nola?


         “Pertsonak egiten du jendartea ala jendarteak pertsona?”, bota zuten aspaldi soziologian. Ipuinak kontatzerakoan antzeko kezka edo gogoeta izan ohi dugu batzuetan, alegia, ipuina da ideien, jokaeren edo baloreen transmisorea ala kontalaria? Horretaz ari ginen Bea eta biok, herri ipuinetan emakumeen irudiaren agerpenaz. Eztabaida zaharra bezain luzea, eta askotan korapilatsua, kontalariok geure lanean izan ohi ditugun gogoetez gain, horrek ikusleengan eragin ditzakeen harrera eta erantzuna ekidin ezina baita. Kontu zaharrak bere horretan kontatu ala aldatu? Ipuin berriak sortu balore, jokamolde eta imajinario berrietan oinarrituak? Sormena ideien mesedetan ala ideiak sormenaren eragile? Brecht langile bat historiaren aurrean galdezka jarri zuen bezala, kontalariok ere, sortzaile garen aldetik, istorioen aurrean galdezka jarriko beharko dugu gure burua.
Ni kontu zaharren zale amorratua izateaz gain, defendatzailea banaiz ere. Kontu zaharrak ez dira, idatzitakoen aldean, istorio amaituak, finkatuak, mugiezinak; aitzitik, etengabeko aldaketak bizi dituzten narrazio komunitarioak dira. Garaietan barrena kultura zein egoera ezberdinetara egokitzen eta moldatzen joan diren sormenak dira. Zer alda daitekeen eta zer bere horretan utzi? Hara hor galdera. Horri erantzuteko kontu zaharrak ezagutu behar dira, eta euren garapena, soziala zein kulturala. Kontalariak horri ekin beharko dio, baina baita ere bizi duen jendartearen gainean gogoeta egin, bere jarrerak, jokamoldeak, kontradikzioak. Kontalaria ezin baitu izan jendartetik aparte bizi den sortzailea. Baina, kontalaria bakarrik?

2011(e)ko irailaren 22(a), osteguna

Bazen Behin...Legutianon

Mintzamenaren sortzea agian izaki humanoak izan duen eboluziorik garrantzitsuenetakoa izango da. Elkarren arteko komunikazioa pentsamenduaren gauzatze fisikora ekarri zuen aldaketa geroagoko gizateriaren eboluzioa markatuko du ezbairik gabe. Handik aurrera, hizkuntzak izango dira elkarren arteko komunikazio bide; baina funtsean komunikazioaren beharra, kontatzearen beharra pertsonaren izaeraren konplexuaren alde garrantzitsua izango da. Kontatu behar horretatik sortuko ziren ipuinak, istorioak, kondairak, guzti horiek etengabeko eboluzioan dauden kulturen ezaugarri nabarmena bilakatu zirelarik.

XIX. mendean, batez ere, Europan hasi zen ipuin zaharren biltzearen mugimendua, tokian tokiko kulturaren oinarrietako gisa hartu zen. Jakina, jendartearen zati handia analfabetoa izanik, ahoz ahoko kultur transmisioa nagusi zen, zer esanik hizkuntza ez ofizialen hiztunen artean. Euskal Herrian ere ipuin bilketak hasi ziren egiten, Iparraldean lehenengo (Cerquand, W. Webster…), geroago hegoaldean (Azkue, Barandiaran…). Herri baten kulturan ipuinen garrantzia ez da besterik gabe kokatzen euren balore literario edo linguistikoetan, izan ere, horietan agertzen diren eta transmititzen diren munduaren ikuspegiak, baloreak, ezagutzak, kultura horren ezaugarriak eta eboluzioa ulertzeko bideak ematen ditu. Baina, ipuinak kontatzea bada ere jardun artistikoa, alegia, mintzamenaren erabilera modu sortzailean eta ederrean, esan gabe esatea, entzulearekin jolastea, irudimenaren eremuetan barneratzea. Jendarte tradizionalean ipuin kontaketaren balioa eboluzionatzen joan da, jakina, jendarte berarekin batera, baina istorio bat entzutearen une garrantzitsu horren balio galdu gabe. Diote Jainkoak pertsonak egin zituela istorioak entzun nahi zituelako, hain baita berezia jardun hori. Agian horregatik beti egon izan dira pertsona batzuk jardun hori ofizio bihurtu izan dutenak, herriz herri istorioak eskaintzen, ez bakarrik kultur transmisio gisa, baina baita ere lanbide gisa, artista sortzaile moduan; antzerkian, kantuan edo margolaritzan bezala.

Egungo gure jendarte modernoan, bere aurrerapen teknologiko guztiekin, gezurra badirudi ere, mintzoaren garrantzia ez da galdu. Jendeak istorioak entzun nahi ditu; nahi du norbait entzun kondaira harrigarriak kontatzen. Egunerokotasunaren abiaduratik at, arnasa hartzeko astia hartu eta bere irudimena ipuin liluragarri batean galdu. Izan ere, bestearen ahotsetik kontakizun eder bat jasotzeak, agian, gure izaera humanoaren kontzientzia ekarriko digu. Beharbada, horretan dago ahoz gora emandako ipuin baten balioa. Eta tradiziotik datorkigun jardun honek badu segidan egun. Jende askok haurren kontua dela pentsatu arren, gero eta gehiago dira ipuin kontaketak helduentzat jasotzen dituzten espazioak. Ipuinen zabalkundea folkloristen eskuetatik kontalarien ahora pasa da. Kontalaritza sutondotik eszenara pasa da eta arte eszenikoen mundura salto egin. Eta Europan orain bi hamarkadatik gora zabaltzen ari den ipuin kontalaritza mugimenduaren bidetik ari gara euskal kontalariok. Hasieran arrunt gutxi baziren, bizpahiru baino ez, gaur egun ipuin kontalariak Euskal Herriko hainbat liburutegi, kultur etxe eta antzokitan ikus daitezke. Gure mugetatik kanpo ere euskal kontalaritza badu presentzia, Europan barrena ibili ez ezik, beste kontinentetara jauzi eginez, euskal tradizioaren ipuinak zein berriak eramanaz.

Guzti horren errealitatea euskal jendartera eraman nahian, orain sei urte Euskal Kontalarion Festa antolatzen hasi zen Kontalariak Elkarteak. Hitzaren festa herriz herri eraman kontalari ezberdinak euren istorioak eskainiz. Aurten Arabako Legutianoko txokoetan ariko gara, ipuinak kontatzea aspaldiko ohitura izan ezik gaur egun bizirik dirauela erakusteko. Ipuinak adin guztietako pertsonentzat direla frogatzeko. Izaera humanoak istorioak gustukoak dituelako, baina batez ere beharrezkoa duelako bestearen ahotik gertaera liluragarriak entzutea. Legutiano ipuin kontatuaren hiriburua izango da aurten.