2012(e)ko abuztuaren 22(a), asteazkena
Ipuinen sorrerak
Hemen ondoan bazen etxe bat, orain berria dagoen lekuan; ba esaten zuten, bertan bizi ziren ahizpak sorginak zirela. Nik ezagutu nituen eta txikitan kontatzen ziguten...». Mendaroko taberna batean nengoen, eta ipuin saioaren ostean ikusle egondako gizon bat kontatzen hasi zitzaidan neronek askotan kontatutako ipuina, ezagutzen ditudan bertsioetatik bat. «Hori esaten zuten...», zioen gizonak. Zerbezak eskuan gertatzen diren gauza harrigarriez aritu ginen.
Galdera zaharra da. Nondik sortzen dira ipuinak? Ez naiz ari, jakina, idazle batek paper gainean bere mundu imajinariotik letretara eramandako istorioaz; kultura guztietan ahoz aho igaro diren kontakizunez baizik. Izango zen une bat ipuina abian jarri zenekoa; norbaitek lehenengoz kontatu zuena. Idazketan ez bezala, ahotik ahora igaro den kontaketa aberasten joan da, eboluzionatzen, eraldatzen; pertsonak, etxeak, herriak, herrialdeak bidaiatuz. Eta bidaia horretan ipuina berezko izaera hartzen joango da, etengabeko aberaste eta eboluzionatze batean.
Kontalaritza garaikideak ipuin horiek hartu eta izaera eszenikoa emango die, hitzaren kirol hori bestelako proposamen artistiko gisa eskainiz. Kontalari modernoa kultur altxor horren bersortzailea izango da, herri sormenari ikuspegi ezberdina emanez, ipuinak kontatzea arte eszeniko bihurtuz. Eta, agian, halako batean, lagun arteko pasadizoak eszenara eramango ditu, hitzak ahotik ahora errealitatearen mundutik fantasiaren eta sormenaren mundura bidaian eramanez. Izan ere, kontalaria bere mundu imajinarioetan barrena abiatzera gonbidatzen gaituen sortzailea da.
2012(e)ko ekainaren 26(a), asteartea
Trasmisioa
Eman dezagun hemendik ehun urtera antropologia ikerlari batek nahi duela bildu eta aztertu aiton-amonek dakizkiten ipuinak eta kontu zaharrak. Beraiengana joko du hainbat tresna teknologikorekin zaharren ahozko altxor narratiboa jasotzeko asmoz. Zein istorio jasoko ditu? Nola kontatuko dizkiote? Zein izango da lekua eta unea ipuin horiek biltzeko? Non egongo da amona? Sutondoan? Noiz eta nondik jasoko luke buruan duen altxor hori? Nolako imajinarioa deskubrituko du ikerlariak? Nolako mundu fantastikoa?
Gilka Girardello ipuinaren ikerlari eta kontalari brasildarrak ohartarazi zidan behin nola aldatzen ari den ipuinen egitura hedabideetan eta, askotan, liburuetan eskaintzen den ereduaren ondorioz. Eredu bakarra zabaltzen ari da, mendeetan munduko kultur anitzek eraiki eta sendotutako eredu berezien kaltetan. Globalizazioa kontaketan ere gertatzen ari dela zioen kezkatuta. Ordura arte, horretaz konturatu ez eta agian arrazoia zuela ikusi nuen. Kontatzeko moduak, narrazioaren ereduak nondik jasotzen ditugun eta garatzen dugunaren garrantziaren gainean gogoeta egitea kontalarion lana ere badela ikusarazi zidan. Gure aurrekoek egin bezala, guk ere aberastu, sendotu eta izaera propioa eman beharko genioke geure narrazioari, eredu globalizatuari muzin eginaz.Baina kontalariak ez izan arren, bestelako pertsonek ere ondorengoei zein ipuin eta istorio transmitituko dizkieten, horren garrantzia ikusi beharko dute, eta nola kontatuko dizkieten. Hemendik ehun urtera gure ondokoengana helduko den ikerlariak, aspaldiko telebista batean (edo liburutegi batean) ikasitako istorio bera eta berdin kontatua jaso ez dezan.
2012(e)ko ekainaren 19(a), asteartea
Ipuinen misterioa
Beste urte batez Guadalajaratik (Espainia) itzulia egin dugu. Beste urte batez liluratuak Ipuinen Maratoiak biltzen duen jendearekin eta hiriak hartzen duen bizi pozarekin. Beste urte batez, aspaldiko lagunak agurtu, berriak egin, zerbezak konpartitu, berriketaldiak, ipuinak, lo eskasa. Ipuinekin goiz, arratsalde eta gauak bete dira. Plazak, kaleak, zokoak, jauregiak eta tabernak. Aurten Europako hainbat herrialdetik etorritako kontalariak euren ipuin misteriotsuak ekarri dituzte eta horien gainean bizpahiru egunez aritu dira, propio antolatutako mintegian, ipuinen misterio bideak zabaltzen. Eta, jakina, beste urte batez Guadalajaratik bueltan nekea ekarri dugu, baina baita ipuin berriak zakuan, ideia mordoak eta ikasbideak ere.
Hiru egunetan ezin ikusi kontalari guztien istorioak eta ikuskariak, deskantsurako beta ere hartu behar baita, zorionerako edo zoritxarrerako, ikusi nahiko zenituzkeen hainbat ikuskari galdu egiten baitituzu. Nik, bereziki, Pepito Mateo frantziarra ikusi nahi nuen, eta merezi izan zuen zinez. Pepito Frantziako kontalaritza berriaren aintzindarietako bat da, eta bere lana arras interesgarria iruditzen zait. Guadalajaran ikusi genuen espektakuluan, istorio ederrez gain, eszena gainean duen abilezia erakutsi zigun. Eskenatoki hutsa goitik behera errekorrituz espazio imajinarioak irudikatu arazten dio ikusleari. Gorputzaren erabilera, itxuraz sinplea, baina lanketa sakonaren erakusle, dimentsio harrigarria ematen zion kontakizunari. Eszena gainean duen kontrola sekulakoa da eta horrek espektakulua erabat dinamizatzen du. Ez da kontalari estatiko bat, eszena erdian jarri eta ipuinak eskainiko dituena, aitzitik, espazio osoa berea egiten du, goitik behera, eskerretik eskuinera, eta une oroz ikuslearekin sortzen duen konplizitatea liluragarria da. Ikusi beharreko kontalaria.
Azken hogeita bat urtetan Guadalajarako liburutegiko lagunek antolatutako jaialdi honek kontagintzan izan duen eragina ezinbestekoa da. Ez da ipuinak entzuteko eta kontatzeko jailadi soila, topagune bat ere bada. Bertan, hango eta hemengo kontalariek egiten dugu topo, aspaldikoak eta hasi berriak. Eta guztia zaletasunaren indarrarekin antolatzen dute, askotan beharreko laguntza instituzionalak trabaz beterik heltzen baitira. Harrigarria da halako ekimen handiak nola ez duen sona gehiago hedabideetan, nola instituzioek ez duten beharko lukeen moduan hartzen. Zorionez liburutegiko lagunak ez dira kikiltzen eta aurrera egiten dute, jakinik herritarren zein kontalarien laguntza badutela. Izan ere kontalariok gurea bezala hartzen dugu, edo hartu beharko genuke, Ipuin Maratoi hau. Arnas bidea delako, gure hitzak esan eta berriz esan ari delako. Ipuingintzak behar ditu halako ekimenak. Jendarteak behar ditu. Askotan entzun ohi da halako edo honako musika talde ospetsua bizitzan behin ikusi behar dela zuzenean; ba niretzat Guadalajarako Ipuin Maratoia ikustea eta bertan parte hartzea, bizitzan behin edo bitan gozatu beharrekoa da. Joan eta damutu denik ez dut oraindaino inor ezagutu.
Misterioaren ipuinak azaldu dira aurtengo Maratoian; agian benetako misterioa da hitz soilak, hitz biluziak pertsona humanoengan duen erakargarritasuna eta eragina. Ipuinak ez dira denbora pasa soila, gure izatearen misterioa argitzen laguntzen dizkiguten kontakizun liluragarriak baizik.
2012(e)ko maiatzaren 30(a), asteazkena
Hitzen perratokitik
Udaletxeko
plaza honetatik behera, hegoalderantz tipi-tapa joan eta joan, joan eta joan,
joaten bazarete, beti gorantz, Zamalbide eta Bentak pasata, Listorreta eta
Barrengoloiatik gora, Susperregi ondotik, ba, Idoiara helduko zarete. Jakina
tipi-tapa beharrean, brum-brum abiatu nahi izanez gero berdin helduko zarete
Idoiara. Norberak aukeran.
Hortik aurrera, derrigorrez, oin bat
bestearen aurretik jarraitu beharko duzue. Eta segituan, Malbazarreko lepora
ailegatuko zarete. Han, goiz helduz gero, egun ederrean, udazkenean, edo berdin
udaberrian, hegoaldera begira jarrita, han behean Ainarbeko basoa sumatuko
duzue, ez ikusi, sekulako lanbro itsasoak ezkutatu eta gordeko baitu; bitxi
preziatua kotoi bigun eta txurian gordetzen den bezala.
Oraindik, ordea, ez gara heldu.
Eskuinerantz hartuko duzu, eta azken aldapa malkartsua (eta madarikatua,
zergatik ez) gainditu ostean, Urdaburu mendian zaude. Mugetako mendia; mendi
apala eta harroa era berean. Eta Espronceda poeta erromantiko espainiarraren
(bere buruaz beste tiro batez egin zuena, erromantiko totalaren arima
erakutsiz)Pirataren Kanta poema ospetsuaren antzera (“Asia a un lado, al otro
Europa…”), Urumealdeko lurrak eta Oiartzunaldekoak zabalduko zaizkizu, eder eta
sendo. Iparrera begiratuz berriz, poema horretan bezala (“y allá a su frente
Estambul”), Orereta eremu porlaneztatua izango duzu. Katalejo indartsua
bazeneuka (Google earth modukoa) kasko zaharrerantz zuzenduko zenuke. Kasko
zaharrean taberna batean sartuko zinateke. Eguerdi partean, edo, agian,
ilunabarrean. Bertan egonez gero ikusiko zenuke sartzen, eta entzungo ere, agur
luzearekin: “Aaaaaio!”, azken o hori ederki markatuz.
“Basoerdi
bat, normala, arrunta. Zer egingo diogu ba, hau ere behar da, pozteko pixka
bat, badakizu”. Hitzak motel, arrastaka bezala, erremerre, ahul antzera
botako ditu. Imajinatzen duzu patrikan paper puxka bat, edo bi, izango dituela.
Bertan poema bat eta olerki bat. Poema erdaraz. Olerkia euskaraz. Poemak
porlana, asfaltoa, fabrika, langileria eta kalea hitzak izango ditu, segur
aski. Olerkian, beharbada, mendia, natura, euskara, aberria agertuko dira. Bi
mundu ezberdin balira bezala, bi hizkuntzetan, bi paperetan; patrika bakarrean
ordea.
“Bueno,
joan beharko dugu, badakizu irratian badago zer eginik. Hori ezin da utzi!”
Sta Klara kalearen amaieran bazen
perratokia. Orain dela urte asko (edo ez hainbeste, badakizue, denboraren
erlatibitatea…), burniak perrak bihurtzen entzuten zen, dinbilin-danbala.
Behiak airean zapatak berritzen. Desagertu zen hura, ez ordea soinuaren hotsa,
airean oraindik zabaltzen. Basoerdiaren ostean, hitzen perratokian,
dinbilin-danbala, patrikatik papera atera eta, beharbada, nork jakin, Agustinek
irakurriko zuen Urdaburu gainetik ikusitako munduaren eta bizitzaren lilura.
Agustin Sarasolaren omenez egindako ZNN jardunaldietan, Espaloietan Hitza ekitaldian irakurritako testua.
Profesionalak
Tarteka
agertu ohi den eztabaida da, baina beti airean dagoena, profesionaltasunarena
kontalaritzan. Nor ote profesional? Zer da profesionala izatea? Irtenbiderik
gabeko bidea dirudi askotan, norberaren definizioa gailentzen delarik
normalean. Hala ere, ez da makala auzia. Izan ere, bi aldetatik uler daiteke
profesionala izatea. Alde batetik, kontalaritza ofizio gisa duenarena; eta
bestetik, lana ondo egina izatearena. Askotan elkarren kontra daudela dirudien
arren, batak ez du bestea kentzen. Baina arazoa ez da amaierarik gabeko
eztabaida hau, bestelakoa baizik.
Zer
gertatzen zaio, ordea, ipuin kontaketa ofizio gisa daukanari? Ofizioa diot
bizibidea hori denean. Aipa genezake alde administratiboa, alegia, zergak eta
horren inguruan ematen den auzia. Administrazio publikoa kultur mailan ia
ugazaba bakarra den aldetik, zer-nolako baliabideak jartzen ditu kultur
sortzaileen lana ahalik eta prekarietate txikienean egon dadin? Ikusi dugu,
kultur aurrekontuak murriztu eta ordainketak atzeratu, esaterako. Hori guztia,
labur esanda.
Bestalde,
zer-nolako irudia dago zabalduta jendartean kontalarien gainean? Gutxi
gorabehera ia denbora-pasa gisa egiten den jarduna eta batez ere, haurrak
dibertitzeko baliagarria dena; eta jakina, horretan sos handirik ez du merezi
gastatzea. Gainera hori ez da lana, afizioa baizik. Baina guztiok gure lana
ahalik eta ondoen egin dezagun eskatzen digute, Jainkoak emandako ahalmena
balitz bezala.
Profesionaltasuna,
aipatu bi aldeetatik, guri eskatzea normala da. Baina gure aldetik ere «profesionaltasuna»
eskatu beharko genieke gure ofizioaz ari direnei ere.
GARA egunkarian argitaratutako zutabea
2012(e)ko maiatzaren 15(a), asteartea
Oroimeneko Portuak
Txikitatik
maite izan dut Sanjuaneko plazan, edo Bonantza pasealekuan jarrita, merkanteak
eta baporeak pasatzen begiratzea. Itsasoak lurraren barnera egiten duen kanal
estu horretatik pasatzerakoan gertu gertu ikusten dituzu. Kanporantz doazela,
bokanatik kanpo, pentsatzen duzu nora ote doazen, zein urrutiko lurraldeetara,
zer nolako itsas bidaia izango dute itsasertzean galtzen direlarik. Eta sartzen
direlarik, nongo notiziak ekarriko ote dituzte? Ternuatik garai batean etortzen
ziren bouak, hilabeteak munduaren bestaldeko itsas izoztuetan eman eta gero,
bakailaoez gain, kontakizun harrigarriak ekartzen zituzten. Ternuako itsas
lanbrotsu eta izoztuan galdutako txalupan jasotako marinelarena esaterako.
Kontalarioi egiten diguten ohiko galdera
izaten da, ea nola demontre gogora dezakegu hainbeste ipuin. Nik, oroitzen ez
ditudala erantzuten dut, buruan daudela, txokoren batean, eta behar denean
irteten direla. Orduan, ipuinak bere bidaia egiten du eta hitzak dira ipuin
hori daramaten baporea. Bestetan kontrako bidea egiten dute. Istorio bat beste
baten ahotik entzun eta memoriaren itsas bide horretatik sartzen joaten da nire
oroimenean lehorreratu arte.
Ipuinak oroimeneko portuan imajinatzen
ditut nik, noiz itsasoratzeko zain. Pasaiako portuan bezala, bokanatik aurrera
itsas zabalera abiatzen direnean, badakizu zein den bere zama, badakizu zein
beste portura doazen, ez dakizu, ordea, bidaian izango dituzten gora beherak.
Kontalariaren lana izango da, lehorretik begira dagoenari itsasoan barrena doan
ontzian igotzen gonbidatzea. Norberak bere oroimeneko portua izan dezan.
2012(e)ko apirilaren 3(a), asteartea
Kendu, kendu, kendu
“Parafernalia asko
erabiltzen nuen, eta horren eraginez umeen arreta desbideratu egiten zen.
Poliki-poliki gauza gutxiago erabiltzen hasi nintzen. Kentzen, kentzen…
azkenean ezer gabe egiten bukatu dut!”.
Maite Franko kontalari irundarrak egunkari honetako Gaur8 gehigarrian, halaxe
azaltzen du kontatzerakoan izandako eboluzioa. Antzerkitik etorria
kontalaritzara, horko eraginaren pean hasi omen zen kontatzen, geroago
soiltasunera, hitz biluzira bidaiatuz. Eta arrazoi osoa du, soiltasunak emango baitio
narrazioari izaera, kontalariari gogoeta eta entzuleari berezko irudimen bidea.
Oteizak zioen gisa eskultura biluztuz, hustuz, soberan dagoena kenduz
gizakiaren arima ulertzeko bidea bilatu nahi izan zuen.
Kontsumoaren eta itxurakeriaren
jendarte honetan ia nahi gabe jotzen dugu betetze lana egitera. Betelanetan
eraikitako jendartea eraikitzen ari gara. Gero, ordea, barne muina ezkutatzen
dituzten gehigarri horiek kentzerakoan ez dugu ulertzen soiltasuna, beldurra
diogu, handiegia egiten zaigu.
Ipuinak
kontatzerakoan soiltasunera jotzea, kentze lana egitea, ipuinaren barne muina
bilatzea, bizitzarako ariketa ere bada. Lan horrek gogoetan jarriko du
kontalaria, hitza eta gorputza lagun biluzik agertuz jendearen aurrean. Eta
ikuslea horrela liluratzeak eskatuko du berarekin komunikazio bideak jorratzea.
Biek beren soiltasuna baino ez dute imajinazioaren bidetan abiatzeko. Eta agian
ikasiko dugu, ipuinak kontatzerakoan eta entzuterakoan bezala, gure bizitzan
parafernalia asko dugula eta kentzen kentzen saiatu beharko dugula; besteek
uler gaitzaten, besteak uler ditzagun.
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)