Ahozkotasuna
gurutze bidea da, non adierazpide ezberdinak elkartzen diren. Hitz neurtuan edo librean; kantuan edo ahoz goran, esatearen arteak
guztiak hartzen ditu bere baitan. Kontalariak edo bertsolariak, bakoitzak bere
arauetan, aurrean duen publikoarekin komunikazio unea zabalduko du bizitzaren
gaineko hamaika ertz konpartitzeko. Hitzaren doinuek, keinuek, begiradek,
isiluneek, modu jasoan esanez, entzulearen irudimena akuilatuko dute, irudimen
zaharrei berriak gehituz eta elkarrenganako joan etorri aberasgarria osatuz.
Donostian igaro
diren Europa Bat-Batean jardunaldiek, munduko kultur ezberdinetako kantu
inprobisatu adierazpenak ekarri dizkigute. Teoriatik praktikara bide ederrak
ibili ziren, ustez hain aldenduak zeuden kulturak leku berdinera bilduz. Eta
guztietan euren jardunaren oinarrietako bat zen sortzailea eta jendearekin
harremana, elkar elikatze horrek ematen zion zentzua inprobisatzen
jarraitzeari, ezagutza hori transmititzen jarraitzeari. Bizirauten duen
jendartearekin lotura galduz gero hilzorian sartuko da, zentzua galduko baitu.
Gurean bertsoak hartu duen dimentsioa hartu badu hori zaintzen jakin izan
duelako da. Kontagintzak, erro herritar beretik etorrita, ahozkotasunaren
tradizio bertsutik helduta, zergatik ez du lortu kultur herrikoi horretan
errotzea? Zergatik mendez mende kultura batek sortu duen prosazko ahozkotasunak
galdu ditu bere sustraiak? Kontalariak nondik datorren ez badaki, zer utziko
dio geroari? Zer transmitituko du?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina