Behin
berri harrigarria topatu nuen egunkariren batean. Gizon bat kondenatua izan zen
kalean besaulki batekin sexu harremanak edukitzeagatik. Oker ez banago bost hilabeteko kondena izan zuen. Berriak zioen serbitzutik kanpo zegoen
polizi batek kotxetik tipo bat ikusi zuela sofa batekin lardaskatzen; berehala
gelditu eta gizona atxilotu egin zuen. Beste egunkari batean notizia bitxia irakurri
nuen ere. Gazte batek banku bat atrakatzen saiatu zen aurpegia agerian zuela.
Bideoen grabazioak ikusi ondoren atxilotu egin zuten. Baina atxilotzerakoan
gazteak ez omen zuen ulertzen nola ezagutu zuten, aurpegia ikusezina
bihurtarazi baitzuen limoi urarekin igurtzi ondoren. Epaiketa hau ere ez zen
nolanahikoa izango. Badira beste kontakizunak norbaiteren ahotik jasotzen
direnak. Gure aitak kontatzen du Pasaia Donibanen norbait hiltzen zenean
hilkutxa Pasaia Antxotik ekarri behar zutela, alegia, badiaren beste aldetik. Hilkutxa
guardia zibila izandako botero batek ekartzen omen zuen txalupan, arraunean
noski. Metafora izugarria iruditzen zait. Guardia zibila badia zeharkatzen
txalupan hilkutxa bat daramala. Nolabaiteko Kreonte modernoa, Estigia ibaia
zeharkatu beharrean, Pasaiako badia alde batetik besterako bidaia egiten,
Herioaren iragarle.
Askotan
galdegiten didatenean nondik demontre ateratzen ditudan istorioak, halako
bitxikeriak kontatzen ditut. Izan ere, bizitza istorio harrigarriez osatuta
dago. Begiak eta belarriak zabalik edukitzeak kontalariaren ezinbesteko beharra
da.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina