Zazpi anaietan zazpigarrena bazara, eta mingain azpian
edo gainean gurutze bat baduzu, salutadorea izatearen dohaia izango
duzu. Salutadoreek zakur amorratuaren hozkada sendatzeko ahalmena zuten. Jabier
Kalzagortak, ahozkotasunaren ikertzaile apartak, ekartzen dizkigu gogora horien
aipamenak. Mikela Elizegik 1876an berak ezagututako salutadore baten deskribapena
egiten du: "Albizturkoa zen, gizon
txiki-txikia. Bruxa urdin batekin ibiltzen zena.(...) Ta batzuek mingaña azpian
da beste batzuek gañean, gurutzea izaten dute. Arek gañean zuan".
Zakur amorratuaren hozkada sendatzeko olioa irakiten ahoan sartu eta
mingainarekin zauria garbitzen omen zuten. Espainiako hizkuntz akademiak
salutadorea, enbaukadore gisa definitzen du, arnasarekin, txistuarekin eta
hainbat konjuroekin sendatzen omen zutena amorrua. Ahotik eta hitzetik
sendabidea, hara.
Azken aldian zabaltzen ari da kontaketak sendabide gisa
omen dituen ahalmenak. Salutadoreak baino, sanadoreak ba omen dira ipuinak.
Kontalariak arimaren sanadoreak. Agian, bizitzak kutsatzen duen amorruaren
salutadoreak. Egia esan, gaurdaino ez dut ulertzen ipuinei indar sanadore
horren goraipatzea. Hitzak sendatzen gaitu, diote; baita amorratu ere.
Kontalaria ez da sendagile, sanadore edo sasi mediku. Kontalariak jende aurrean
eskaintza artistikoa egiten duen pertsona da. Ez du olio irakiten ahoan sartzen
zauriak mihizkatzeko; ez dauka mingainan gurutzerik. Baina istorio ederra egin
daiteke Albizturgo salutadore haren bizitza irudikatuz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina